Albistea entzun

'Obama aroaren' amaiera. BEGIRADA

Beltzaren koloreak

Barack Obama, familiarekin, bozak irabazi ostean, 2008ko azaroaren 4an, Chicagon, Illinoisen.
Barack Obama, familiarekin, bozak irabazi ostean, 2008ko azaroaren 4an, Chicagon, Illinoisen. TANNEN MAURY / EFE

Harkaitz Cano -

2016ko azaroak 6

Izan gaitezen errealista: duela zortzi urte Obama presidente egin zuten arrazoietako bat Frank Shepard Fairey artistaren irudi serigrafiatua izan zen. Che Guevarari Kordak ateratako erretratua gogoan, grafiti espraiagarri bihurtu zuen. Plantila hura AEBetako banderaren koloreekin zipriztindu eta Hope hitza jarri zion gero azpian. Hiruehun mila eranskailu eta milioi erdi poster inprimatu zituen bere kasa (hala dio artistak, «bere kasa» egin zuela), gerora nazkatzeraino errepikatu eta parodiatu den irudi presidentziala eraikitzeko. Sutautsa bezala hedatu zen irudi hura kamiseta, txapa eta abarretan. Horratx, Obamaren paradoxa tragikoa: hautatu bitartean jo zuela goia. Presidentegai beltz batek 2008an lor zezakeen gauzarik handiena esklabuek eraikitako Etxe Zurira iristea zen, sinbolo bilakatzea. Eta lortu egin zuen.

Maitagarrien ipuin bat? Gauza jakina da hiru taldetan sailkatzen direla ipuinetako pertsonaiak: norbait direnak, zerbait egiten dutenak eta zerbait dakitenak. Bere azken urteotako leloa «Organizing for Action» izan den arren, Obama direnetakoa da; bere zeregin nagusia lehen presidente beltza izatean datza. Zortzi urtetan egin zezakeena —egiten utzi diotena— zen gutxienekoa. Irabazi zuen unetik beretik genekien iragarritako dezepzio baten kronika izango zela, eta sinboloaren bibrazioak ongi edo gaizki kudeatzea zela bere erronka.

Serigrafia bat, hori izan zen dena? Ez, jakina, gizaseme hark karisma zeukan, eta marka global bihurtzeko hiru hitz baikor kateatzen zituen lelo garaitezina («Yes, we can»). Askorako —ia edozertarako— ematen zuen borondate oneko abstrakzio hark (inperatibo kategorikorako ere bai: «Yes, we Kant»), azken portuko aldaera desolagarriraino iritsi arte: «Yes, we Trump». Ez baitago ifrentzurik gabeko lelorik. Zuri-beltzezko bideoklip bat osatu zen hastapenetan —haiek garaiak haiek!—, Obamaren hitz kementsuen flowa hip-hop doinu leun bati txertatuz. Bideo hau ere ez omen zuten demokratek bultzatu; herriarengandik etorri zen, Arestiren poesia bezala. Eta horixe izan zen, hain zuzen, Obamaren kanpainaren arrakasta, bolondresengandik sortu zela sinestaraztea. Esker txarreko herria zugandik apartatzea denbora kontua da, ordea. Soziologoek diotenez, herritarren sostenguaren %1,5 galtzen du agintariak agintean dagoen urte bakoitzeko, noiznahi eta nonahi, hori omen batazbestekoa.

Jakina, beti izan dira betizu ezkorrak. Obama beltza zenik auzitan jarri eta Oreo gailetekin alderatu zuten: kanpotik beltza, barrutik zuria. Etta James kantari handia, esaterako, haserretu egin zitzaion kargu hartze ospakizunerako Beyoncé gonbidatu zuelako bere ordez At last kantua abestera. Jatorrizkoa baino, nahiago izan zuen fotokopia. Zantzuak ziren. Obama beltza izan zitekeen, baina orri zuri izatea zuen bertute: berdin uste dute herritarren %10ek musulmana dela.

Irudi serigrafiatu orori dagokion bezala, argi-itzalez betetakoa izan da bere bibrazioaren kudeaketa. Iranekin akordio nuklearra, Kubarekiko harremanak desizoztu izana eta Obamacare zopaurritua izango dira bere ondarea, LGTB arloan emandako aurrerapauso xume batzuekin batera. Emakumezko afroamerikar bat estatuko fiskal nagusi izendatu du —sinbologintza eratorria— eta ekonomia eta langabezia arloan datu onak ekarri [dituen bolada gobernatzea tokatu zaio]. Estilo atsegin eta samurra berea, Bush zabarrarekiko bestelakoa. Gutxirekin konformatzera jarrita gaude, egia. Bete gabeko promesen artean, Guantanamo ez itxi izana eta Sandy Hookeko eskolakoa bezalako sarraskien ondoren armen kontrolari bridarik jarri ezina… Hala ere, zein ongi egin zuen negar, negar egiten dakitenek bezala: guk harekin malkoak isurtzeko moduan. Eta, ez dezagun ahantz, trafiko istripuetan, droga gaindosiz edo gerran zenduak baino askoz gehiago dira AEBetan kalean tiroz hilak.

Checks and balances: munduko sheriffa dela sinestarazi arren, bere presidenteak Europako edozein agintarik baino askoz ere gutxiago agintzeko pentsatua dago AEBetako sistema. Ez dezala inork sobera botere pila —hortik epaileen garrantzia—, errotaren torlojuak arduratuko dira gero ezer alda ez dadin. Espetxe sistemarekin ere ezin deus egin, arrazoi ekonomikoak argudiatu zituen arren AEBetako bi milioi eta berrehun mila presoen paraderoaz hausnartzeko («jendea kartzelan sartuta edukitzeko 80.000 milioi dolar xahutzen ditugu urtero»). Ekonomia da, ergelok, ekonomia…

Eta Bin Ladenen hilketa? Non sailkatu? Estatubatuarrek garbi daukate lorpenen zakuan sartu beharrekoa dela. Kasu berriz kamisetei: «Obama Killed Osama» lelo txoroarekin milaka saldu ziren ordu gutxitan.

Obamak swinga dauka, bai, hizketa gozoaren xarma, badaki mugitzen, Air Force One hegazkineko eskailerak azkar jaisten. Irribarre zabal zena uzkurtzen joan zaio ordea urteekin, eta azken aldion gorantz edo aurrerantz adina ikusten dugu argazkietan lurrera begira. Saskibaloi jokalaria maratoilari nekatu bihurtu zaigu, Mandela erkindu baten molde apalera etorri (Mandela esan dut? Nahi bai!).

Dena neurtu eta zenbatzeko ohiturari leial, elizara gutxi joan izana leporatu diote presidente demokratari; hogei bat bider baino ez zortzi urtetan. American Thinker aldizkari kontserbadoreak The First Church of Eighteen Holes gurtzea leporatu dio. Alegia, golf zelaia. 200 alditan baino gehiagotan joan bide da bere agintaldian soropil berde zulodunaz gozatzera. Esan dugu lehen ere, swing kontua. Eta swinga, zarauztarrek badakite, gorputzeko 124 giharrek golf pilota makilarekin jo aurretik egiten duten mugimendu koordinatua da. Kontua da pilota zuririk ba ote duzun kolpatzeko.

Aurki langabezian geratuko dela probestuz, CBS kateko gaueko saioan lan-elkarrizketa egin dio Stephen Colbertek. Dauzkan diplomen berri galdetzean, Bakearen Nobel Saria aipatu du Obamak. «Hara, eta zergatik eman zizuten?»; «Zintzoki esatea nahi baduzu, oraindik ez dakit». Ados, euren buruari barre egiten trebe dira politikari iparramerikarrak, baina ez dago umorearen mozorroarekin botatakoak bezain egia gordinik. Saio berean —kolore, kolore— Donald Trumpen ileaz trufatu zen Obama, umorea arao bat izan daitekeela gogoratuz: «No, orange is not the new black».

Hitzekin ere egiten baitira serigrafiak. Gustura ezagutuko nuke txiste hori marraztu zion gidoigilea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sudango Kontseilu Subiranoa osatu duten bi sektoreen ordezkariak, 2019ko udan, gobernabide ituna sinatzen. ©EFE

Botere borrokan kateatuta

Ander Perez Zala

Sektore militarraren eta zibilaren arteko tirabira Sudango Kontseilu Subiranoa osatu zenetik egon da. Nola edo hala aurrera jarraitu dute, tentsioak eztanda egin duen arte.
Artalde bat, eta, haren atzean, hainbat ke zutabe, Alemaniako Bergheim hiriko lantegi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena izan zen 2020an

Gorka Berasategi Otamendi

Karbono dioxidoaren zenbatekoa %149 handitu da industrializazio aurreko garaikoarekin alderatuta, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Estatuak Parisko helburuetatik «oso urrun» daude

Estatu kolpea salatzeko eta gobernuari elkartasuna adierazteko atzo Khartumen egindako protestetako bat. ©MOHAMMED ABU OBAID/ EFE

Sudanen, militarrek estatu kolpea eman dute, eta gobernua desegin

Arantxa Elizegi Egilegor

Armadak atxilo hartu du lehen ministroa, eta bakea «arriskuan» jartzea egotzi dio trantsizio gobernuari. Armadaburuak iragarri du «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela datorren hilabetean
Emakumezko bat eta haur bat Kabulen, joan den irailean, errefuxiatuentzako kanpaleku batean. ©EFE

Afganiarren erdiak baino gehiago «elikadura krisi larri baten» atarian daude

Igor Susaeta

NBEren bi agentziak eskatu diote nazioarteari «urgentziaz» esku hartzeko, hurrengo hilabeteetan «hondamendi humanitario bat» izatea eragozteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.