Kataluniako erreferenduma. ANALISIA

Herritarrek erabakiko dute

Irailaren 20ko polizia operazioan atxilotuak askatzeko protesta, auzitegien aurrean.
Irailaren 20ko polizia operazioan atxilotuak askatzeko protesta, auzitegien aurrean. MARTA PEREZ / EFE

Mikel P. Ansa -

2017ko urriak 1
Lortuko du Kataluniak estatu independente bihurtzea? Lortuko dute katalanek gaur erreferenduma egitea? Edo zanpatu egingo ditu Espainiako Estatuak? Ordu honetan, larunbateko gaueko hamaiketan, ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den gaur eta bihartik aurrera, baina posible da aztertzea zer faktorek eragingo duten Kataluniako etorkizunean. Galdeketa egin ahal izatea da lehena; Espainiako indar armatuek zenbateko bortizkeria erabiliko duten, bigarrena; galdeketaren parte hartzea eta emaitzak, hirugarrena; eta horien gainean eragile ugariek egingo dituzten interpretazioak eta eragileen artean sortuko diren dinamikak, laugarrena; eta Madrilek bihartik aurrera egingo dituen urratsak, bosgarrena. Baina, azken buruan, faktore horien guztien gainetik, herritarrek erabakiko dute; botoa ematen uzten badiete, katalanek botoen bidez erabakiko dutelako; eta botoa ematen uzten ez badiete, katalanek mobilizazioaren bidez erabakiko dutelako. Edo ez.

Zer aukera ditu independentziak?

Bi aukera ditu Kataluniak independentzia lortzeko. Lehena: herritarrek gaur botoa emateko aukera normal samarra baldin badute, eta parte hartzea altua baldin bada, apelaezina —adibidez, herritarren %60 edo gehiagok parte hartzen badute—, eta baietzak irabazten badu, independentzia aldarrikapen aldebakarrekoa aktibatuko litzateke. Kataluniako Erreferendumaren Legeak argi esaten du: baiezkoak irabazten badu, 48 orduko epean independentzia aldarrikatu behar du Kataluniako Parlamentuak. Bihar parlamentuko bozeramaileen batzordeak bilera du, 16:00etan, eta osoko bilkura noiz egin erabakiko du. Gordetzekoak dira bi data hauek ere: urriaren 6 batean aldarrikatu zuen errepublika Lluis Companysek, 1934an, eta urriaren 14 batean Francesc Maciak, 1931n.

Ez da hain erraza izango, ordea. Espainiako indar armatuak erreferenduma oztopatzen saiatuko direlako. Eta, botoa ematea eta kontatzea lortuko balitz baina parte hartzea zalantzazkoagoa gertatuko balitz —eta hor bakoitzak bere marra jarriko du: batzuentzat %40 ez da aski izango, eta beste batzuek %60 eskatuko dute—, kezkak eta eztabaidak sortuko direlako indar independentisten artean. Horregatik, parte hartzeak eta baiezkoak guztiz argiak izan beharko dute zalantza guztiak uxatzeko.

Independentziak badu beste aukera bat, baina Madrilek gaur egingo duenak eragingo du hori. Poliziak goizeko seietarako hasiko dira bozkalekuetara joaten, ixteko. Eta gero egun guztia edukiko dute bozkalekuak trabatzeko, boto kutxak atzemateko, azken orduan botoak atzemateko, kontaketa oztopatzeko, atxiloketak egiteko... 20:00etan ixtekoak dira bozkalekuak, eta, goizeko seietatik, ordu asko dira. Poliziak ez dira, beharbada, Kataluniako herri guztietako bozkaleku guztietara iritsiko, baina arazo logistiko handiak ditzakete. Generalitateak ez du azaldu nola, baina bozkatzeko aukera bermatuko duela esan du; gaur ikusiko da. Baina, egun guztian luzatu litekeen borroka horretan, Espainiako indar armatuek bortizkeria handia erabiltzen badute, atxiloketak egiten badituzte, zaurituak eragiten... Egoerak eskuetatik alde egin diezaieke, eta horrek matxinada bat eragin dezake kalean, zibikoa eta baketsua seguru asko, baina matxinada. Kataluniako instituzioek nekez itxi ahal izango lituzkete begiak eta eskuak horrelakoen aurrean, eta independentzia izango lukete aurrera egiteko modu kasik bakarra.

Egoerak, baina, ez du zertan horren dramatikoa izan. Tragediarik, zauriturik, atxiloturik, argazki bortitzik sortu gabe ere, poliziek lor dezakete erreferenduma baldintzatzea. Bozkalekuen erdiak anulatu edo neutralizatuko balituzte, adibidez, oso zaila egingo lukete parte hartzeari buruzko balorazio argi bat egitea —demagun Lleidan %70eko parte hartzea izan dela, eta Bartzelonan %20koa, adibidez—, eta horrek hurrengo urratsak baldintzatuko lituzke. Erreferendumaren emaitzaren interpretazio argi bat egitea ezinezkoa litzatekeela ikusita, eta behin erreferenduma egitea ere ezinezkoa dela egiaztatuta, indar independentistek uler dezakete ez dutela independentzia aldarrikatzea beste aukerarik. Edo ez: sor liteke eztabaida handi bat haien artean, eta egoera blokeatu.

Edozein moduz, azkeneko bi agertoki horietan, poliziak erreferenduma oztopatzea lortuko balu —osorik edo neurri batean, bortizkeria handiarekin edo ez hainbestekoarekin—, gakoa herritarren erantzuna izango da. ANC eta Omnium aspalditik ari dira herritarrak prestatzen eta deitzen mobilizazio iraunkorrerako, baita ezkerreko independentistak ere. Urriaren 3tik aurrera greba deialdiak erregistratuta ere badaude, eta erreferenduma egitea ezinezkoa baldin bada, Katalunia gelditzea da independentismoari azken helburura iristeko gelditzen zaion azken tresna. Hor ere izango dituzte eztabaidak, eta CCOO eta UGT deialdira batzea lortu beharko lukete, baina, ez da ezinezkoa, errepresioaren tamainak eragingo baitu, eragitekotan.

Independentzia lortu ezean, zer?

Galdeketa egingo balitz eta ezezkoak irabaziko balu, Erreferendumaren Legeak zehaztua du hauteskundeak deituko liratekeela. Alegia, Kataluniako Parlamentua eta Generalitatea berrosatuko liratekeela, prozesua bukatutzat joz. Ez da halakorik gertatuko, noski. Galdeketa eginez gero ia segurua baita baiezkoak irabaztea.

Gaur bozketa argirik ez baldin badago, ordea, emaitzak oso gorabeheratsuak baldin badira, parte hartzea ez bada uniformea lurralde guztian, edo txikiegia baldin bada, edo sektore independentista bakoitzak diferente interpretatzen badu... Hor hasiko da bidea lausotzen. PDECat barruan eta ERC barruan dagoeneko agertu dira zalantza batzuk. Alderdien eta entitateen arteko eztabaida sortuko da hor, ezinbestean, eta independentzia aldarrikatzeko baldintzarik ikusten edo adosten ez badute, bi bide geldituko dira: beste aukera bat bilatzea, edo atzera egitea eta etsitzea.

Zer bide dituzte egoera horretan aurrera egiteko? Azken egunetan oihartzun bat zabaldu da: NBEri edo nazioarteko erakunderen bati eskatzea erreferendum babestu bat egiteko. Ez du ematen oso egingarria, bortizkeria kasu larririk gabe nekez sartuko baita NBE halako saltsa batean. Baina karta hori jokatu eta probatzea erabaki dezakete, egiaztatzeko, besterik ez bada ere.

Bestela, hauteskunde plebiszitarioak antolatzeko aukera ere aztertzen aritu dira. 2014-2015eko egoera bera litzateke: 2014ko azaroko erreferendumak ez zuen behar adinako emaitza utzi, eta hauteskunde plebiszitarioak egin zituzten 2015eko irailean. Ez zuen funtzionatu orduan. Eta, gainera, erreferenduma diferituan egiteko modu bat litzateke eta, beraz, bermerik gabeko bidea litzateke hori ere, Madrilek legea saihesteko modu gisa uler dezakeelako, eta alderdiak ilegalizatu, atxiloketak egin... Hori ere ez da bide segurua, Madrilen baimenik gabe.

Kontua da atzera egiteko ere ez duela egoera samurra Generalitateak: autonomia erdi galdua dauka, eta PDECatek eta ERCk inputatu eta auzi mordoa dauzkate irekita honezkero. Atzera egin nahiko balute, Madrilen amnistia bat eta autonomia berriz itzultzea negoziatzetik hasi beharko lukete, eta hori umiliagarria litzateke. Hauteskunde autonomiko huts batzuk antolatzea izango litzateke horren azkeneko isla: etsiak jota, prozesua baztertzea —momentuz edo betirako—, eta parlamentu eta Generalitate berriak osatzea. Kito.

Hori egitekotan ere, ordea, onespenen bat beharko lukete, eta segurua litzateke Madrilek zorra kobratu nahiko lukeela. Ja esana du Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras ez direla interlokutore onargarriak. Espainiako Madrilek egin ditu eskaintza batzuk, atxiloketen ostean, Kataluniaren finantzaketari buruz negoziatzeko. Eta hori da bihartik aurrera begiratu beharko den beste faktore garrantzitsua: errepresioaren bideari jarraituko dio Madrilek bihar? Edo eskaintza politiko bat egingo du? Edo itxaron egingo du? Horrek ere balantza alde batera edo bestera bultzatuko baitu.

Azken buruan, laburtuz, esan liteke independentzia alderdi, entitate, sindikatu eta, batez ere, herritar katalanen mobilizazioei eusteko gaitasunaren eskuetan dagoela. Erreferenduma egitea, parte hartze altua eta baiezko argia edukitzea, eta hori independentziara bidea jartzea lortzen ez badute —edo erreferenduma ez eginda ere mobilizazio tinkoari eustea lortzen ez badute—, Madrilen esku egongo da prozesuaren norabidea, hein handian. Baina, kalkuluak kalkulu eta logikak logika, edozer gerta liteke, arazo handiei irtenbide burutsuak topatzeko gaitasuna erakutsi baitu gizarte katalanak urteotan. Kataluniaren independentziarako prozesua —procés famatu hori— da adibidea: ia hilik egon da auskalo zenbat alditan, baina bizi-bizirik eta inoiz baino indar gehiagorekin iritsi da ibilbidearen azken geltokira. Garrantzitsuena, funtsean, beste hau delako: bihartik aurrera beste Katalunia bat esnatuko da, independentea edo Madrilen botapean zanpatua, baina beste Katalunia bat, diferentea. Bere etorkizunaren jabe egiteko erabakia hartua duen herritarren herri bat izango da. Irabazi edo galdu, historia egin duena, eta historia egin duela badakiena. Eta hau edozein preziotan gelditzen utzi nahiko ez duena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna