LAUHAZKA

Xala forever

Hilaren 21ean jokatuko du Yves Salaberri <em>Xala</em>k azken partidua Aspe enpresarekin.
Hilaren 21ean jokatuko du Yves Salaberri Xalak azken partidua Aspe enpresarekin. BOB EDME

Itxaro Borda -

2016ko martxoak 6
Zenbaitetan liburuak mantso hostokatzen dira. Urrats nagien antzera. Denbora muga gabea bailitzan. Paola Letalbergen Joy Stick nobelarekin tematzen naiz oraino. Pertsonaiak, aldion, Elektra gaizoaren kalbario bidean galtzen dabiltza, izenak eta izanak ezabatuz. Greziar mitoa maitasunaren oinarriez mintzo da, sakon sakonetik, hitzen bizkar, minaren garratzeraino. Erraz uzten dut liburua: Nit I Dia telesailak zoratzen nau bai eta Eibarko Astelehena ezker-paretan, Xala gureak, hegoaldean eskaini zuen azken pilota partiduaren etengabe berrikusteak.

Norbaitek, noizbait, beharko luke Xalaren biografia harilkatu: hamasei urtez plazak eta segitzaileen bihotzak inarrosi zituen. Iparraldeko mutiko bizitorearen istorioa eredu interesgarria izan daiteke mugaren bi aldeetako batasunaren ideiaren suspertzeko, holako zinezko xederik balego bederen… telebistako irudiak literatura bihurtzen ahal dira, adibidez Paola Letalberg idazle trebearen luma pean. Jakina da, ordea, andereak ez duela kirola gogoko, FIFA erakundeko Sepp Blaterren inguruko ikerketa batean parte hartu zuenez geroztik. Eguerdiko bazkaria botatzear atera zen aipatuko ez dudan Suitza erditsuko herri bateko jatetxe panpoxetik. Pilotarekin alabaina ez dago (oraindik) horrelako bihotzerrerik…

Lekuinen sortu zen duela hogeita hamabost larrazken eta Xala izengoitia eman zioten, Panpi Ladutxen gomendioz 2000. urtean, Aspe enpresak kontratatu zuenean, Sebastian Gonzalezen moduan. Frontisaren maldako laukian pasatu zituen beraz, gaur arte, hamasei sasoi, txapelak eskuratuz eta ardura bigarren bukatuz. Ez dakit pentsatu duzuenez sekula zer nolako jenioa premiazkoa den aurreko espazio hertsi eta sublimean irauteko, esku huska eta besagainka ausartzeko, txapa etsai, abileziaz eta jukutriaz arerioa engainatuz, tantoak egiteko. Segur aski, erraiak iraultzen zitzaizkion, ikuslego metatuaren aupak eta txaloak entzuten zituelarik, pilotari ederra zelako funtsean. Ez zuen nehoiz asebetetasuna irri bakar batez azpimarratu: kopeta apal, tematsu, plaza orlegietako killer bat zen… osagarria alde zuenean.

Trinketean jolasten jarraitzeko xedea omen du. Otsailaren 21eko Eibarko partidua finitzean ETBko kazetariari erantzuteko unean sumatzen zitzaion tristura sakona arintzeko balioko dio agian erabaki horrek. Milimetroan neurtu eta ebaki leku mitikoetako —aski da Elizondoko Antxitoneaz oroitzea- nagusi zela pasatu zen hegoaldeko ezker paretetako txapelketetara. Elizetan bezala isiltasuna egiten da trinketetan, pilotaren klaskek odol malguaren taupadak, erritmoan, lauhazkatzen dituztela. Txalapartaren antzera, pilotak, garai primitiboetara bulkatzen gaitu: Yucataneko Chichen Itzak toki sakratuan ari ziren maiar leinuko pilotariek hil ala biziko erronkak antolatzen zituzten... Uste dut Paola Letalbergek baduela horretaz orrialde pare bat izkiriatua.

2000ko ekainaren 25ean Xala eta Hirigoyen, Murumendiaraz eta Jaio bikoteari nagusitu zitzaizkion. Lekuindarra gazte hotza zen, ez zuen deuseren beldurrik eta gero bihikatu ziren hamarkadetan miretsi genizkion trebeziak oro erakutsi zizkigun lehiaketa hartan. Dohain guztiak hor zeuden, eskuzabalki barreiatuak izateko prest. Xalaren epikotasuna buruz burukoan egiaztatu zen: 2004an eta 2010ean Irujoren kontra galdu baldin bazuen, 2011n Olaizola II garaitu zuen Bilboko Bizkaia pilota lekuan. Partida, antologiazkoa zela xuxurlatuko dizu Lekuine, Aiherra edo Isturitzeko edozein jarraitzailek. Baina, prefosta, ez dira objektiboak… Eibarrera halaber, autobusez etorriak ziren, ahotsa Xalaren alde higatuz. Agurrak hargatik, laburrak eta motzak iruditu zitzaizkidan, txapeldunaren itzalaren adinekoak ez behintzat. Sentimendu mikatza bazebilen airean kantxan azken azkeneko pilotakadaren hotsa elkortu zenean.

Paola Letalbergen obrari itzultzen natzaio jada. Igande arratsaldeak libre ditut. Bizitza jolastera hupatuko naiz pala eskuan Rail Bayonnais arrabota arrosaraino. Soa, herriko etxera eta Aturri soraiora luzatuko dut eta Xala pilotari graziosoa pantailan segitzeko plazeraz gogoratuko naiz.

Betirako, Xala…

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna