Noiz sortua: 2016-01-09 00:30:00

EITBk aitortu du hazkunde eredua alde batera utzi behar izan duela

Maite Iturberen arabera, azkeneko urteetan EITBren dimentsio ekonomikoa %30 murriztu da
EITBko arduradunak, aurkezleak eta aktoreak, atzo, Donostian.
EITBko arduradunak, aurkezleak eta aktoreak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2016ko urtarrilak 9
2015. urtearen balorazio «positiboa» egin zuen Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak atzo Donostian, nahiz eta ETBk 2015. urtean bere historiako ikusle datu txikienak izan dituen, eta nahiz eta Iturbek berak aitortu taldeak «ekonomia atzeraldi luzearen ondorioak» jasan dituela. 2015eko txostenean datu on bat topa daiteke, Tabakaleran egindako agerraldian oharkabean pasatu zena: aurreko urtearekin alderatuz, EITBk 1.260.432 euro gehiago lortu ditu publizitate sarreren bidez. Taldearen diru sarrera propioak %13 igo dira 2015ean —sarrera propioen %83 datoz publizitatetik—. Dena den, Iturbek nabarmendu zuen azkeneko urteetan EITBk bere dimentsio ekonomikoa %30 murriztu duela, «Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren eskakizunak betez». EITBk hazkunde eredua alde batera utzi behar izan duela gogoratu zuen.

Irrati-telebistaren zerbitzu publikoaren eredua hiru ardatzetan oinarritzen du EITBk, Iturberen arabera: «Herri baten komunikabidea gara, eta herri horren garapenari eta ongizateari laguntzeko konpromisoa hartu dugu. EITBk euskal komunikazio eremuaren sorrera sustatzen du. Eta EITBk ikus-entzunezko esparrua laguntzen du».

Iturbek aitortu zuen ikusle datuak jaitsi direla, baina egin zuen ñabardurarik: «2010ean ETB1ek %2ko ikusle kuota zuen, eta eutsi egin dio datu horri, nahiz eta gaikako kateen ehunekoa hazi egin den». 2014tik 2015era gaikako kateen ikusle kuota %33,7tik %35era igo da. Espainiako operadore handiek prime time-an egiten dituzten eskaintza garestiei ere egotzi zizkien ETBk datu onak lortzeko dituen zailtasunak. ETB2ko Teleberri albistegiaren datuak goraipatu zituen Iturbek; haren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako albistegi liderra izan da azkeneko 38 hilabeteetan. Euskarazko irratien datuak ere ez dira batere txarrak: astelehenetik ostiralera, Euskadi Irratiak 149.000 entzule ditu, eta Gazteak, 119.000.

Donostia 2016, zuzenean

Odile Kruzeta EITBko irratietako zuzendariak iragarri zuen aurten taldeak Donostia 2016 kultur hiriburuaren multimedia jarraipena egingo duela. «Irratietan, webgunean eta sare sozialetan Donostian izango den talentuari ikusgarritasuna emango diogu». Hilaren 23an, hasiera ekitaldia zuzenean emango du ETBk. Irratietako magazinek zuzeneko emanaldi bereziak egingo dituzte hiriaren erdialdetik. «Webgunean ere jarraitu ahalko dira saio horiek», esan zuen Kruzetak.

EITBk badu gaitasuna zuzeneko emankizun luzeak egiteko. Gaur, Bilbon eta Baionan Sarek eta Bagoaz-ek deitutako manifestazioak, aldiz, ez ditu zuzenean emango. «Ez dauka interes hain handia zuzenean emateko. Albistegietan ematea da egokiena», esan zuen Iturbek.

Edu Barinaga ETBko zuzendariak 2016ko lehen hilabeteetarako programazioan egingo dituzten berrikuntzak iragarri zituen. Astelehen gauetan ETB1ek Euskal Herrian ekoitzitako zinema emango du. Zinez izenburupean emitituko dituzte filmak, eta, emanaldiaren aurretik, Fermin Etxegoienek pelikularen inguruko aurkezpen labur bat egingo du. Etxegoienek berak datorren ostegunetik aurrera Berandu baino lehen elkarrizketa saioa aurkeztuko du —aurreneko gonbidatuak Mikel Pagadizabal eta Onintza Enbeita izango dira—. Datorren astean hasiko dira, bestalde, Herri People saioko atal berriak ematen. Hilaren 18an, Gutarrak Jai School hasiko da, ikastetxeetako 15-16 urteko ikasleen lehia. Otsailean telesail berri bat estreinatuko du ETB1ek: Eskamak kentzen. «Ziur nago telesailak arrakasta izango duela», esan zuen Barinagak.

Haurrentzako Sorgintxulo saioak 3txulo izena hartuko du, eta soilik ETB3 katean emango dute otsailetik aurrera —pertsonaia berriak izango ditu—.

ETB2n, El conquistador del fin del mundo, Amazonas hasiko da etzi, eta Todos los apellidos vascos laster itzuliko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna