Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Iturberen dimisioaren alde bozkatu du oposizio osoak legebiltzarrean

Erabakia ez da nahitaez bete beharrekoa EITBrentzat, baina balio politiko handia du
Maite Iturbe Mendialdua EITBko zuzendari nagusia da 2013. urtetik.
Maite Iturbe Mendialdua EITBko zuzendari nagusia da 2013. urtetik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2015eko otsailak 6

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren dimisioa eskatzeko mozioa eztabaidatu eta onartu egin zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. PSEren eta UPDren taldeek aurkeztu zuten mozioa, eta horren alde bozkatuko zuen EH Bilduk. Irrati publikoetan 30 lanpostu kenduko lituzkeen erregulazio espedientea aurkezteagatik eskatu dute Iturberen dimisioa. Mozioaren alde 47 boto zenbatu zituzten, eta kontra, 27. Oposizio osoak bozkatu zuen Iturberen aurka.

EITBk ez du zertan bete legebiltzarrak eskaturikoa, baina balio politiko nabarmena du erabakiak. Enplegua erregulatzeko EITBko zuzendaritzak aurkezturiko dosierrak 79 langileri eragingo die. Mugagabeko kontratu ez-finkoa dute gehienek, eta Andoni Ortuzarren garaian kontratatu zituzten. Auzitegiek erabaki dute kontratu horiek ez direla legezkoak. Horren eraginez, lan eskaintza publikoa egingo du EITBk, baina 49 postu baino ez dituzte aterako lehiaketara.

PSE-EEren taldeak aurkeztu zuen mozioa, eta Mikel Unzalu eledunak defendatu zuen atzo legebiltzarrean. Lana erregulatzeko espedientea atzera botatzeko eskatu zion EITBri, eta Jaurlaritzari dei egin zion, lanpostuak gordetzeko ahalegina egin dezan. Mozioak Javier Salcedo EITBko giza baliabideen zuzendariaren dimisioa ere eskatzen duela gogoratu zuen Unzaluk.

EH Bilduko Urruzunok ETBren ikusle datu txarrak gogora ekarri zituen, eta ez zuela Iturberen alde bozkatu haren izendapenean. EITBren «informazio ildoa eta kontratazio politika bidegabea» salatu zituen. «Arazoa EITB osora hedatua dago, minbizia balitz bezala», esan zuen. EH Bilduren «marra gorria» lanpostuen murrizketan dagoela esan zuen.

EITBko organigrama «puztuta» dagoela gaineratu zuen, eta zuzendaritza postuak direla puztutakoak, ez langile postuak. «Beste zuzendari bat jarri beharko da EITBn, baina arazoak hor jarraituko du», gaineratu zuen. «Ez dugu Telemadrid bat nahi», esan zuen, «ez dugu beste EAJ-PSE akordio ilunik nahi».

PPko Nerea Llanosek gogoratu zuen EITBko «behin-behineko» langile batzuek hogei urte daramatzatela lanean. «Irratien ondoren zer, telebista izango da hurrengoa?», galdetu zuen. Edonola ere, EITB osorako azterketa eskatu zuen ondoren, lanpostuak «egokitze» aldera.

PPk ahal balu, EITBn «alimaleko erregulazioa» egingo lukeela erantzun zion EAJko Luke Uribe-Etxebarriak Llanosi. EITBko zuzendaritza «txukun» dabilela adierazi zuen. Lan eskaintza publikoa erregulazio espedientearekin «ez nahasteko» eskatu zuen, eta auzitegien erabakiek eragin dutela egoera. Bere garaian lan eskaintza publikoa sindikatuekin adostu zela nabarmendu zuen Uribe-Etxebarriak, eta gaineratu zuen PSE-EEk, orain mozioa aurkeztu duen horrek, ez zuela kontra bozkatu. «Inauteriak datoz, eta batzuek jantzi dute mozorroa», esan zuen, eta EH Bilduri «kikildu» izana egotzi zion.

Erregulazio espediente honen kontra egon arren, EITB osoa «argaltzeko» eskatu zuen UPDko Gorka Maneirok. ETBko kazetariak jomugan hartu zituen, bereziki eztabaida saioetako aurkezleak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Margarita oiloarekin. / ©Maialen Andre, Foku

'Kuikui', Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria

Ane Insausti Barandiaran

Bihar zen estreinatzekoa emanaldi berria, Amurrion (Araba), baina udalak iragarri du atzeratu eginen dela. Euskararekiko duten kezkatik sortu dute ikuskizuna. Gai hori ardatz hartuta, ipuin bat, disko bat eta ikuskizun bat prestatu dituzte.

 ©BOB EDME

«Hitzak askabide bat emanen zien andreei»

Ainize Madariaga

Martinen eleek garai batean latsagietan erranen zirenak isurtzen dituzte. Emazteak eta pairatzen duten zanpaketa dituzte protagonista bortz ipuinek: 'Latsagietako eleak'. Gaur entzungai dira.
 ©BERRIA

Izen ez diren izenak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ezizenak gizarte baten isla izan dira, eta hizkuntzaren bizigarri ere izan daitezke. Umorez eta ironiaz heldu zaie askotan, baina adituak ohartuta daude ukitzen dituztela jazarpenaren mugak eta generoaren arrakalak ere. Diotenez, gutxiago erabiltzen dira orain.

Haizearen eta itsasoaren artean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.