Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

EITBk kontrol neurriak hartu nahi ditu eduki «iraingarriak» saihesteko

Iñigo Urkullu lehendakariak bere egin du herritar askok senti zezaketen «ofentsa sentimendua»
ETB1eko <em>Euskalduna naiz, eta zu?</em> saioak sei atal izan zituen eta otsailaren 15ean bukatu zen.
ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? saioak sei atal izan zituen eta otsailaren 15ean bukatu zen. EITB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2017ko martxoak 7

Euskalduna naiz, eta zu? saioaren Espainiari buruzko atala otsailaren 8an eman zuen ETB1ek, eta ondorengo hiru asteetan inor ez zen aztoratu. Inork ez zuen iruzkinik egin saioaren inguruan. Joan den larunbatetik, ordea, Hego Euskal Herriko eta Espainiako alderdi politikoek eta hainbat komunikabidek ez dute beste gairik ahotan, eta saioa arbuiatzera eta salatzera agertu dira han eta hemen —EITBk larunbatean bertan kendu zuen atala webgunetik, PSE-EEk eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu eta gero—. Jaurlaritzak igandean ETBri eskatu zion ez emititzeko berriro saio «iraingarririk».

Askok «ekaitz politikotzat» jo duten egoera horren aurrean, EITBk atzo iragarri zuen «orain» kontrol neurriak hartzeko ordua dela, «eduki iraingarriak berriro ematea saihesteko». Talde publikoa bat dator saioan egin diren adierazpenetako batzuk «iraingarriak» izan direla. «Horretaz jabetuta, irainduta sentitu diren lagunei eta taldeei barkamena eskatu nahi die EITBk». Antzera mintzatu da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria: «Pertsona eta lehendakari naizen aldetik, neure egiten dut herritar askok senti zezaketen ofentsa sentimendua». Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak Urkullurengan jarri du saioaren «erantzukizuna», eta barkamenak eskatzeko exijitu dio. PPko EAEko idazkari nagusi Nerea Llanosek igandean lehendakariari eskatu zion Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia kargutik kentzeko, eta atzo eskaera berretsi zuen Alonsok. Bingen Zupiria Kultura sailburuak esan du EITBren kontrol organoek «oso zorrotzak» izan behar dutela. EAJko senatari Jokin Bildarratzek, berriz, adierazi du ETB1eko saioa umorezkoa zela, eta testuinguru horretan neurtu behar dela. «Brunete mediatikoak ohitura du baldintzatzeko, eta hizkuntza ereduekin gauza bera egiten du. Ez bazara ondo portatzen, brunete mediatikoa hasiko da zigortzen eta epaitzen», esan du Bildarratzek. EH Bilduk, berriz, esan du ez duela «neurriz gaineko polemika artifizialik elikatuko».

Nafarroako Parlamentuan

Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluko bilera du gaur, eta PSE-EEk EITBren edukiekiko kontrol handiagoa eskatuko du. Ostegunean, berriz, Eusko Legebiltzarrean EITBren legea aldatzeko Elkarrekin Podemosen lege proposamena eztabaidatuko dute.

Eusko Legebiltzarrera baino lehenago iritsi da saioaren polemika Nafarroako Parlamentura. PSNk aurkeztuta, bozeramaile batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen atzo saioaren aurka. «Pertsona guztien errespetua eta egungo legediak jasotzen duen lurralde eta instituzio errealitatearena exijitzen ditu parlamentuak», adierazten du lehen puntuak, UPN, PSN, PP eta Ezkerraren aldeko botoekin. Alderdi horien botoekin, parlamentuak EITBri exijitu dio barkamena eskatzeko saioaren emisioarekin iraindu dituen pertsona, entitate eta udalerri guztiak. Geroa Baik eta Ezkerrak aurkeztutako beste adierazpen bat ere onartu zuten gobernuan dauden lau taldeek, non parlamentuak komunikabide guztiei eskatu dien «diskriminaziozko edukiak» dituzten saioen emisioa saihestea. UPNk, berriz, eskatu du bertan behera uzteko Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak EITB Nafarroan zabaltzeko duten hitzarmena.

Nahiz eta EITBk adierazi duen «elkarbizitzaren, iritzi aniztasunaren eta gizarte kohesioaren alde» konpromisoa duela, talde publikoaren aurka gogor ari dira egunotan hainbat talde politiko. Carlos Iturgaiz PPko europarlamentariak Europako Batzordean idatzizko galdera bat erregistratu du, itaunduz ea zer neurri hartuko dituen emankizun «xenofoboak» errepika ez daitezen. Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidenteak esan du dimisioak egon behar direla saioarengatik, «espainiarren arteko gorrotoa» sustatzen duelako.

Baztertu ezin dena, gainera, saioa epaitegietara iristea da. UPNk eta Ciudadanosek salaketa jarri dute, eta fiskaltzari eskatu diote saioa ikertzeko. Eskaera bera egin du Poliziaren Sindikatu Bateratuak.

Saioan agertzen zirenetako bat Miren Gaztañaga aktorea da, eta haren aurkako mezu ugari zabaldu dituzte sarean, El guardián invisible filmaren boikota eskatuz —filmeko arduradunak haren hitzez aldendu dira—. Aktoreak atzo ohar batean barkamenak eskatu zituen, eta esan zuen ez zuela inor iraindu nahi. «Saioan estereotipoak umorezko ikuspuntutik jorratu nahi ziren».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Egin kontu: ez daukat gonarik, ez mototsik, baina liburuzaina naiz»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Topikoen kontrako borrokaz eta liburutegien egiteko berriez ari da Juarez. Muskizko liburuzaina da, eta haien elkarteko burua. 30 urte bete ditu elkarteak berriki. 'Antolatzearen diziplina' liburua itzuli dute.
1 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Olibak jaso, olioa egiteko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Euskal Herrian ere badira olibondoak eta badago oliba olioa. Nekazariak eta dolareetako langileak buru-belarri dabiltza lanean azken asteetan, aurten jasotako uzta olio bihurtzen.
Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Atzerriko plataformek ez dute kuotarik bete beharko

Urtzi Urkizu

Espainiako ikus-entzunezkoen lege berria onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. ERCk zuzenketak aurkeztuko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.