Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Aulki bat testigu

Publizitatea

Kultura

Kritika. Musika

Aulki bat testigu

 

2012-03-18 / Gorka Erostarbe

Damien Jurado eta MobyDick

Noiz: Martxoaren 16an. Non: Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.

Aulki baten erabilerak zenbat adieraz dezakeen. Aulkian eserita, oinetakorik gabe —galtzerdi zuritan— agertu zen oholtzara Damien Jurado kantugile estatubatuarra eta Maraqopa lan berriko hamar kantuak aletu zituen kontzertuaren lehen zatian, diskoko hurrenkera berean (Nothing is The News, Working Titles eta Everyone a Star nabarmendu ziren). Dotoreziak, instrumentazio aberatsak eta diskrezio eta hieratismo puntu batek agindu zuen lehen partean. Kyle Zantos (gitarra elektrikoa), Barry Uhl (teklatu eta efektuak), Jessiah Hurlbur (baxua) eta Bradley Stemke (bateria) izan zituen lagun, kantugile atormentatu hutsetik haragoko musikaria dela erakutsiz. Txandaka aritu zen. Zati bizi eta rockeroagoetan, aulkitik altxatuz; intimista eta onirikoagoetan —psikodelia zantzurik ere izan zen—, eserita geratuz, eta, erremate modura, aulki gainera igoz.

Gitarraren laguntza soilaz Horizons eta Static To Be Sold zaharragoak eskaini zituen gero. Berriro taldearekin Sheets jo, eta, amaitzeko, aulki eta mikrofonotik urrunduta eta jendearengana hurbilduta, Ohio eta Diamond Sea ia xuxurlan eman zituen.

Aulkia dardarka jarri zuen behin baino gehiagotan —ahotsez eta fisikotasunez— Eneko MobyDick kantugile getxoztarrak, Juradoren aurretik; oraintxe garratz ozen, oraintxe falsete leunagoz, gitarra soilaren laguntsaz. Pena da kantu guztiak ingelesez izatea, hurbiltasun apur bat galtzen baitu emanaldiak.
 

Publizitatea

Kultura saileko albiste gehiago

Beltxargaren azken dantza

Bere estilo zehatz eta dotoreak eraman zuen gorenera dantzari errusiarra, XX. mendeko dantza klasikoaren ikur nagusi bilakatzeraino; 89 urterekin zendu da.

Albiste nagusiak

Araiz: "Aldaketa beharrezkoa da, nafar guztioi zuzendua"

Javier Esparza UPNko presidentegaiak eta Adolfo Araiz EH Bildukoak aurrez aurre izan dira lehen aldiz, Navarra Television-en. BERRIA zuzenean eman du eztabaidaren berri, bai webgunean eta bai sare sozialetan. Jon Ordoñez BERRIAko kazetariak zuzenean jarraitu du.

Gehien irakurriak