Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Uxoa Anduaga. Soziologoa

«Marra gorria botereak jartzen du, Espainiak»

Espainiak Euskal Herria «anomaliatik» ikusten duela dio Anduagak. Hortik aterata, 'Euskalduna naiz, eta zu?'-ren moduko gatazkak izaten dira. «Euskalduna posizio ahulean dago Espainiaren aurrean». Bideoa, artikuluaren amaieran.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2017ko martxoak 9 - Andoain

Urte luzez ikertu du politikaren eta umorearen arteko lotura Uxoa Anduagak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1986). Iaz aurkeztu zuen Euskal umore autoerreferentzialaren bidez euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisia doktore tesia.

Zer iritzi duzu azkeneko egunetan Euskalduna naiz, eta zu? saioarekin gertatutakoaz?

Euskal Herrian horrelako kasuak gertatzen dira, aldika-aldika. 2011n, Altsasun [Nafarroa] Espainiako erregearen parodia egin zuten, eta hor ere ikusi zen kanpoko begiradaren arabera jokatzen dugula guk ere. Espainiak anomaliatik ikusten du Euskal Herria, eta haren diskurtsoak noranzko horretan joan dira: «Zu zara berezia, eta zure inguruan egingo dut umorea». Kasu honetan, posizioak aldatu dira. Euskalduna agertzen da normala, eta Espainia azaldu da anomalo gisa, eta hari egiten dio umorea. Indar konfrontazio bat dago, eta arriskuan jartzen da haren status quo-a eta diskurtso hegemonikoa. Gure diskurtsoa barneratu eta sinetsi arte, normal ikusi arte, jarraituko dugu Espainiako pareta diskurtsibo eta politiko horren aurka jotzen. Barkamena eskatuz ari gara onartzen, beste behin ere, haien ikuspegia dela ona eta gurea akastuna.

Ocho apellidos vascos filma Espainiak asko bultzatu zuela esan zenuen, Kataluniako prozesua tartean zela. Zergatik erabili ziren estereotipoak arma gisa?

Umorea tresna politiko bat da, eta baliabide politiko gisa erabil daiteke, helburuak lortzeko. Umoreak balio du jazarpenerako, balio du errepresiorako, liberaziorako den bezala. Ocho apellidos vascos-eko estereotipoek finkatu eta indartu egiten dute euskaldunaren inguruan dagoen klixea. Euskalduna folklorismoaren eta erradikalismoaren artean dago, nonbait, eta hortik ez mugitzeaz arduratzen dira Espainiako diskurtsoak. Norbait hortik ateratzen saiatzen denean, Euskalduna naiz, eta zu? saioarekin gertatu diren moduko gatazkak izaten dira.

Zergatik ezin dute euskaldunek espainiarrekin txantxarik egin?

Euskaldunak Espainiaren aurrean ahulagoak garelako. Espainiak du bere eskuetan boterea eta zilegitasuna, bere estatu politiko-juridikoaren barruan dauden lurralde guztiak kudeatzeko, eta nahi dituen diskurtsoak asmatuko ditu horretarako. 1990eko hamarkadan, euskalduna erradikala eta biolentoa zen. 2005etik aurrera, graziosoa ere bilakatu zen. Baina euskaldunak apenas duen gaitasunik bere burua nahi duen bezala sortzeko, subjektu politiko aktibo gisa. Euskaldunak ez dauka gaitasunik botere harremanean, posizio ahulean dagoelako Espainiaren aurrean.

EITBk webetik kendu du Euskalduna naiz, eta zu? saioko Espainiako atala. Aldiz, inork ez du eskatu Ocho apellidos vascos eta Allí abajo zentsuratzeko.

Saio batzuetan, hizkera matxistak egon daitezke, edo broma arrazistak ijitoen aurka. Kontua da marra gorria botereak jartzen duela; kasu honetan, Espainiak. Marra gorritik harago, alderdi arriskutsuetan sartzen zara. Kasu honetan, euskaldun bati barre egitea normalaren barruan dago. Baina botereak ez du onartuko marraren bestaldeko beste diskurtso bat. Zentsura bakarrik eskatzen da normaltasunetik at topatzen den zerbait badago, eta botereak erabakitzen du zentsura non jarri. Bestalde, uste dut zaildu egingo direla umorearen diskurtsoak, eta otzantze bat ekar dezake gizartean. Zentsurarekin, markoaren muga non dagoen ikasten duzu, eta hori gurutzatzeko saiakerak egiteari uzten diozu.

Zer egin beharko luke EITBk?

Aukera on bat da bestelako diskurtsoak emateko. Baina tamalez hartu dut gertatutakoa. Espainiaren inguruko umorea egiteak dakar subjektu politiko baten ahalduntzea, eta euskal identitate nazional baten kokapena.

Sare sozialetan ere neurri bi daude epaitegiei begira, ezta?

Pertsona batek Twitterren iritzia eman, eta zentsuratua izateko aukera izan dezake, eta beste batek ez, nahiz eta bi diskurtsoek izan dezaketen iraintzeko gaitasun bera. Ez dago adierazpen askatasunik. Dagoena da esparru bat, botereak markatzen duena. Esparru horretatik ateratzea oso zaila da. Ocho apellidos vascos-ekin haserretu zirenei esaten zitzaien umorea dela, eta edozer esateko aukera dagoela. ETB1eko saioarekin, berriz, adierazpen askatasuna desagertu da, baita umorearen inguruko ikuspuntu on guztiak ere. Ikusi behar dena da zenbateraino den lotsagabea dagoen normarekiko. Gero eta lotsagabeago eta subertsiboagoa izan hegemoniarekin, orduan eta arriskutsuago, eta zentsura gehiago jasoko duzu. Ez da irain kontua, lotsagabekeriarena baizik.

Bideoa: Uxoa Anduaga soziologoa 'Euskalduna naiz, eta zu?’ aferaz (Lara Madinabeitia, BerriaTB)

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkartasunez bete dira orgak

Aitor Biain

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.
 ©Gorka Rubio / FOKU

«Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

Iker Tubia

Gorputza estaltzen duten babesetan gordetzen da Gomez izotz hockeyan aritzeko. Ia bizi osoan gorde behar izan du emakume zela, baina orain ez du ezkutatzen. Partida hor dago oraindik.
Gazte Euskaltzaleen Sarekoek protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitza aurrean, azaroaren 16an. ©KLAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...