Albistea entzun

19. Korrika. Helduen euskalduntzea

Hitza ez da armairurako

Prozesu paraleloak dauzkate euskaldun berriek eta zaharrek: bietan izaten da jabetze une bat. Ahaldundu eta mataza askatzeko bidea, berriz, bestelakoa da.

Oihan Vitoria -

2015eko martxoak 29 - Donostia

Armairutik gutxienez bi alditan irten naiz: gay gisa aurrena, eta euskaldun gisa gero». Hizkuntza teknikaria da Imanol Miner (Errenteria, Gipuzkoa, 1974), eta Euskaltzaleon Topaguneko zuzendaritzan ere badihardu. Gogoeta egin du, besteak beste, hiztunen ahalduntzeaz, eta iruditzen zaio gizarteak oraindik «mesfidati samar» begiratzen diola hizkuntzen kudeaketari. «Batzuk amesten, besteak beldurrez. Asmatu ezinda gabiltza».

Linguistikoki giltzarriak eta baliabideak falta zaizkiela, uste hori du Minerrek euskaldun zaharrez, eta irmo sinesten du haien «jabetze prozesuan», hark ere hala bizi izan duelako. «Etxean ikasi nuen euskaraz, baina gerora, konturatu nintzen jaso nuen euskalduntasunaren ikuspegia, eredua edota praktikak ez ziola bete-betean erantzuten bizi nuenari; zurrunegia zela eta malguagoa behar nuela». Pausoa ematea erabaki zuen orduantxe, eta zukatik hikara jo: «Biak uztartzen ditut: zuka aritzean euskaldun zaharra naiz, eta hika hitz egitean, euskaldun berria; euskaltegitik ateratzen direnen maila dut, asko jota». Berariaz, arreta ipiniz eta ikastaroetan barneratuz ikasi duela dio, ez baitu etxeko transmisioan eskuratu.

Feministek, homosexualek eta bestek baliatu ohi duten jabetzearen kontzeptua euskarara dakar Minerrek: «Euskaldunok bigarren mailako herritartzat gaituzte, emakumeak, gayak eta lesbianak bezalaxe. Ukazioa jasaten dugu maila guztietan. Balantza ez dago orekatuta: sufrimenduaren motxilaren zama daramagu arrastaka, jazarpen gogorrak bizi ondoren. Feminismoak ere beti erakutsi du begirada diferenteak integratzeko eta birbideratzeko ahalmena». Bide horretan, alderaketa egin du, euskarak mugimenduotatik edateko duelakoan. «Heteroarauan hezten gaituzte, baina iristen da momentu bat desio sexuala ez datorrela bat erakutsi dizutenarekin. Ezkutuan segitzea ala jendarteratzea; horra erabakia. Euskararekin ere, berdin».

Gizarte mugimenduek euskaldun zaharren eskura tresnarik jarri ez izana txarretsi du Minerrek. «Bikoitza delako zigorra: euskaraz mintzatzen ez bazara, egurra; gaztelaniaz egiten baduzu, deseroso». Garbi du joera horren jatorria: «Euskaraz eta kito, euskara ikasi behar duzu... Txikitatik hezi gaituzte kultura horretan. Geure gurasoak zigortuak izan dira, gu ere modu sibilinoago batean euskaraz jardutearren: lehen, legez; orain, legez ere ez. Barneratuak ditugu zigorrak, eta horiek errepikatzeko joera dugu». Bide hori bazter lagatzeaz mintzatu da Miner: «Euskalduntasuna ez da bizi osorako titulua, pedigria ematen duen estatusa. Hala uste duenik bada, baina eredua amaituta dago jada». Euskara ikasten ari denari gainetik behatzeaz, etengabe zuzentzeaz eta komunikazioa bizkortzeagatik erdaraz aritzeaz kritiko da. «Etxeko teilatura harriak botatzen segitzea bezala da».

Norbere ahalmenez jabetzea

Armairutik irteteko, hizkuntz esperientziei buruz gogoetatzea eta apaltasun ariketa bat egitea ezinbestekotzat du Minerrek, norbere ahalmenez eta bizipenez ohartzeko. «Bilatzaile jarrera edukitzea, esperientziak partekatzea, arauetatik aldentzea, gaiaz aritzea...». Horiek aipatu dituen bide batzuk. «Begirada hori geureganatzen ez dugun bitartean, nekez ulertuko dugu gure barruan eta albokoarenean zehazki gertatzen ari dena».

Hiztuna, hizkuntza komunitatea eta hizkuntza bera. Hiru maila horiek bereizi ditu Minerrek, uste baitu euskararen normalizazioa eta hizkuntza komunitatearen aitortza euskara elkarteen lanketaren esku geratu dela maiz. «Baina hiztuna non geratzen da mailaketa horretan?». Zerbaiten falta igartzen du: «Ez dugu asmatu euskal hiztunak nola jantzi, eskolatik irtetean egoki moldatzeko».

Hiztunen egunerokoa normalizatzeko txipa aldatu behar dela dio, jabetuz elebakarrek gehiegikeriak eta jarrera hegemonikoak dituztela. «Elebakartasuna eskubide bat ez, muga bat da, eskubide bat balitz moduan kudeatu arren. Elebakartasuna ezin da ezeren erdian jarri, ezin da saritu, ez eta politiken jaun eta jabe bihurtu ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sagardui, duela egun batzuk egindako agerraldian. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Intzidentzia tasa jaitsi dela esan du Sagarduik, baina «zuhurtzia» eskatu du

Jone Arruabarrena

Osasun sailburuak adierazi du Osakidetza «beharrezkoak diren proba guztiak» egiten ari dela. Ospitaleratzeen datuek, berriz, gora egin dute
Lorea Agirre, Igone Lamarain, Alaitz Aizpuru eta Saioa Rodriguez, atzo, Donostiako San Telmo museoan. ©JON URBE / FOKU

«Intelektual engaiatuaren» betaurrekoak

Julen Aperribai

Txillardegik euskalgintzaz eta gizartearekiko konpromisoaz idatzitako hainbat testu bi liburutan plazaratu ditu Jakinek, eta haren pentsamenduaren inguruko bilduma osatu
Emakume bat, Bilbon, George Floyden hilketa salatzeko protesta batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Begiradetan ere sumatzen dute

Maite Asensio Lozano

Sare sozialetan zabaltzen diren albiste faltsuek eta kontakizunek etorkinengan zer eragin duten aztertu du SOS Arrazakeriak, eta ondorioztatu du eguneroko bizimoduan nabaritzen dutela, bai beren eskubideak betetzeko zailtasunetan, bai pertenentzia sentimendua garatzeko ezintasunetan.
Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, Iñigo Cabacas semea gogoratzeko ekitaldi baten. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Cabacasen gurasoek auziari buruzko txostenak eskatu dizkiote Erkorekari

Edurne Begiristain

Komunikabideetara igorritako gutunean, esan dute «samina» eragin diela Ertzaintzak barne ikerketa itxi izanak. Bilera eskatu diote Erkorekari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.