Paul Beitia Ariznabarreta.
GAUR GERO

Bazkalondoa

2017ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Batzuetan, eta data hauetan zer esanik ez, Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa klasikoko protagonista bezalatsu sentitzen naiz: familia bazkari baten ondoren senideen aurrean txiki, aurrean aita puru ketsua eskuan duela gerra-garaiko balentriez sutsuki hizketan, sukaldeko leihoa irekita ere freskatzen ez den giro sargoriak bildurik dena. Nobelako protagonista etengabe dago iraganaren eta orainaldiaren artean harrapatuta, ez soilik aitak etengabe 36ko Gerrara daramalako haren kontakizunekin, ezpada hamasei urteko gaztea bera ere haurtzaroko oroitzapenetatik orainaldiko gertaeretara saltoka dabilelako beti. Eta, hala, behin narrazioa fragmentatuta, zail da jakiten noiz ari garen iraganaz eta noiz orainaz.

Halako zerbait gertatu zait aste honetan, Bilbon Artxandako Aterpe 1936 eskulturari egin dioten eraso faxista ikusita: beste garai bateko egoera iruditu zait, anakronismo bat. 36ko Gerran tropa frankisten kontra egin zutenak oroitzen zituen monumentuan ikur falangista marraztu dute zuriz eta, alderik alde, «falange» idatzi. Ez da hori soilik izan, ordea. Lurrean, harrigarria badirudi ere euskaraz, honakoa idatzi dute: «Fusiladu sindugusen ta ostabe ingo be». Eta, berriz ere, hor dator sentsazio anakroniko hori: lehenengo pertsonan idaztea, bai iraganeko ekintza, bai etorkizuneko balizkoa ere; jende bera balitz bezala, atzo goizeko kontua balitz bezala.

Argazkiei begira bost minutuz egon ostean, irudiei zentzu bakarra topatzeko kapaz naiz: iraganeko mamuek bizi duten aroa da hau, kitatu ordez estali diren zorrena, oraindik inertzia zaharrek darabilten aroa.

Lehendabiziko burutazioa horixe izan ohi baita sarritan, halako jokabideak eta erasoak iraganarekin lotzea. Gehientsuenak eramaten gaitu, egia esan, horretara: gerrako monumentua izateak, aipatzen den kausak, euskaraz idazteko moduak, denak pentsarazten digu erasotzaileak nostalgiko batzuk izango zirela, iraganean ainguratutako agure eta atso talde bat, beste garai bateko jendea.

Egia, ordea, da erasoa 2017ko abuztuan egin zutela eta erasook iragandako garaiekin lotzea akats larria dela. Izan ere, halako jokabideei gaurkotasuna ukatzeak ez baikaitu eramango luzaroago arretarik ez ipintzera besterik, eta benetan haiekin zer egin erabakitzea luzatzera; oraindik ez baikaude, Arrietak bere nobela gogoangarrian hain ondo azaltzen duen bezala, gerraren bazkalondoan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.