Alazne Arruti Bengoetxea.
GAUR GERO

Gonbidapena

2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Ez dakit nork gonbidatu ninduen lehenengoz irakurtzera. Zerutik liburu bat erori eta kasualitatez nire eskuen artean harrapatu ote nuen. Ez du axola. Baina akorduan dut fikzioa irakurtzera gonbidatu nindutenekoa. Karmele Jaiok, duela hiru hilabete TEDxVitoriaGasteiz saioko lehen hitzaldia eman zuenean.

Oholtza gainera igo eta jendeari begietara begiratzearen zailtasunaz jardun zuen. Begiek ez dute filtrorik. Gardenak dira, beti esan ei dute egia eta mundu oso bat gorde dezakete. Ez dute sarraila-zulorik. Atea jo eta sar gaitezke barrura, tenkatu elkar lotzen gaitueneko haria. Eta gertatu izan zait geroztik, nire baitari begietara begiratzen ote dudan galdetu izana. Aurrekoari elkarrizketa batean begietara begiratzera behartu eta larritzea.

Fikziozko munduetan denetarik egin daiteke. Haren muga lausoetan aurkitzen da iruzurra, egia eta perbertsioa. Azalpenik eman behar eza. Askabidea. Eta Jaiok zioen bertan entrenatu zela. Nobela on bat irakurtzen hasi eta norbaiti benetan begietara begira sentitu zela. Eta hori, mundua ikusteko modu bat partekatzean sortzen da. Begirada eustean.

Zioen fikzioa tresna erabilgarria izan daitekeela enpatia lantzeko, bestea onartu eta elkarbizitza sustatzeko. Eta eraginkortasun hori, beregan dituen ezaugarri zehatz batzuei esker lortzen dela. Izan ere, fikzioak badu norbere burua ahazteko adina abilezia. Identifikazioa errazten du, orrietatik haratago norbait dagoela sentiarazteraino. Hark utzitako kataloxei esker, hiltzaile batenganako enpatia pizteko gai da. Fikzioa iruzurraz baliatzen da posible dena adierazteko. Hortaz, Iban Zalduak dioen moduan, literatura leiho bat izan daiteke, pitzatuta dagoela onartzen dugun neurrian. Eta baita ispilu bat ere, baina deformantea den bitartean.

Baina fikziorik bada, errealitatetik jaten duelako da eta, ez dakit azkenaldian errealitate gehiegi fikziotu ez ote dugun. Begirada hori, aurrez aurrekoa izan beharrean, sarean distrofiatzen ari ote garen. Ohartzeke sareratutakoen bidez aspaldian ikusi gabeko lagunei gure berri dutela sinetsarazteko gai gara, harik eta ezustean, herriko tabernan topatzen ditugun arte. Zelan gabiltzan galdetu orduko erantzunaren jakitun direla uste dutela ohartzen garen arte. Elkar gehiagotan ikusteko beharra azalean sentitzen dugun arte.

Beraz, ea gaur gero leiho honetatik elkarri begirada eusteko gai garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.