Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Harrietara

2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Bai, ondo irakurri duzu, harrietara. Deitura horrekin izendatzen ditut harrizko eraikinak eta, hedaduraz, aspaldiko iraganeko eraikin guztiak, denborak historiko bihurtu dituenak. Denborak eta utzikeriatik babestu dituzten giza taldeek, instituzio publikoak izan ala ez. Harriek, auzitegi-mahaietan hilotzek bezala, hitz egiten dute, hipotesiak egiaztatzen edo deuseztatzen, eta berriei bidea irekitzen, gertatutakoa jakin dezagun. Denbora-makina baten antzera, aurreko bizitzen garaira eramaten gaituzte jada bizirik ez dagoenaren arrastoek. Herri batzuetan oso serios hartzen dute aztarna fisikoen mantentze-lana, eta baita gehiago ere: horiek ulertzeko kontakizuna, eta panelak edota horma-irudiak ipintzen, askotan irakurtzen ez ditugunak... Baina, irakurri ala ez, harrien egote hutsak historia benetakotzen du, nolabait esatearren.

Ez dakit zuei, baina niri zirrara eragiten dit benetako pertsonek zizelkatutako harri horiek ukitzeak, haiek ibilitako bideetan ibiltzeak, borrokan ala bakean altxatutako murruak ikusteak, horrek esaten baitit horiek egin zituztenak hil baino lehenago bizi izan zirela. Ez dakit hobeto azaltzen. Eraikinen edertasunaz haratago, historia kontatzen duten liburu edo paneletik harantz, nire uste, fantasia, erreferente guztien gainetik, errealitate hutsarekin egiten dut topo, harriekin, harrien bidez bainoago.

Izan bedi adibidea duela urte batzuk aurkitutako beste harria. Montparnasseko hilerrian sartu nintzen helburu jakinik gabe. Eta, bertan, Marguerite Durasen hilarriarekin egin nuen topo. Bere liburuak eta artikuluak irakurriak nituen, baina, ez dakit nola azaldu, bere hobia ikusi arte ez nintzen bere benetako izateaz jabetu. Izarra zen niretzat, gorputza orain, biak ordutik. Hilda zegoelako bizi izan zen, edo alderantziz.

Horrek ez duela berari buruzko informazio askorik gehitzen esango didazue, eta arrazoi duzue, baina ez da kontua informazioa... Gogoan dut Mostarreko hilerri musulmana. Orduan ere jakin banekizkien datu batzuk.

Batzuetan harro, besteetan lotsatuta, herriek ez lituzkete beren harriak ezkutatu behar. Zaharrenak du esateko gehien. Bide horretan gaudelakoan nago. Hala izan bedi, orain eta beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.