Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Errekaleor

2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Badu Bilbok bere zero gune partikularra. Errekalde auzoan dago: lehen Kukutza gaztetxea egon zen lekuan. Hura bota zutenetik, han ez dago ezer: eraisketatik geratzen diren hondakinak eta sare zatar bat segurtasun eremua mugatzeko. Garai batean, amets handiak eraiki ziren han: ekimen kulturalak, bankuen hipotekekin zerikusirik ez zuten bizitzak, harreman eredu anitz, hildako animaliarik gabeko jantokia, rokodromoa... Botatzeko agindu zuenak hainbat arrazoi eman zituen eraisketa justifikatzeko, baina eguna oraindik argitu gabe zegoela iritsi zen polizia Errekaldera, badaezpada. Bilboko zero guneak urdaila txikitzen dio paretik pasatzen denari: airean usaindu daiteke han zerbait handia egon zela noizbait.

Eta orain Gasteizen ere zero gunea nahi dute. Bilbon baino finago ibili dira aitzakiak asmatzean: ortu ekologikoak egingo dituzte Errekaleorren. Pentsatuko zuten akaso, Errekaleorren alde dagoen jende mota, janari ekologikoaren alde ere badagoela. Ez dakit zenbat hiritarrek egingo zuten lur txatal bat izateko eskaria, baina ezer bota gabe ere, badago lekua Errekaleorren. Kontua da, ordea, etxeak han uzten badituzte, pertsonak han uzten badituzte, ezingo digutela sartu gaur egungo bizitza insolidario eta indibidualista aukera bakartzat saldu. Izan ere, Green Capitalaren periferian benetako berdeak, feministak, gazteak bizi dira bizi eredu kolektiboan, bankuen presioetatik urrun. Eta hori ez zuen nahi izan Bilboko Udalak, eta hori ez du nahi Gasteizko Udalak. Sistemaren kontrako jendea bizi denez auzoan, ez omen dute nahi izan Udalarekin negoziatzerik edo sistemak eskainitako alternatibarik. Hala esan du hiriko alkateak. Baina guk argi daukagu sistemak ez daukala alternatibarik, Iberdrolarekin bat egitea ez bada. Horregatik behar dugu Errekaleor, eta horregatik eraikiko ditugu ametsak esna pasarazten dizkiguten gauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.