Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Mugetara

2014ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Muga hitzak ospe txarra du. Eta ulertzekoa da: gatazka odoltsuak mugen izenean direla esan digute behin eta berriz, eta eredu ezin gorrotagarriagoak ditugu estatuek alanbre hesiz eraikitakoak, armadek tiroz babestu edo irabazitakoak. Indarkeriarekin lotzen du gure inkontzienteak, baita gure kontzientziak ere. Zenbat aldiz ez ote duzun entzun mugak desegin behar direla, hormak eraitsi, gauza bera balira bezala...

Hiztegia bera aldatzen goaz, kontzeptuak argitze/garbitze aldera, eta hesiaz hitz egiten dugu, eta autodeterminazioaz, eta herriez. Lurraldetasuna hitza bera ere gero eta gutxiago entzuten da.

Aldi berean, gure izaera mugatzen dutenei muga jartzeko aholkatzen zaigu, temati, muga adierazten duten hitzak kontu handiz erabiliz: zenbat eta zenbat mezu ez ote duzun jaso besteengandik bereiztera animatzen zaituztenak, eta ez naiz bakarrik publizitateaz ari: pertsona kaltegarriengandik aldendu, energia txarra ematen dizutenengandik babestu... Horrelakoez beteta daude Facebookeko hormak eta sarrera ontziak. Eta zu, horiei adi, zure askatasunaren alde, mugak eraisteko aldarrikatzen duzunean bezain sutsu.

Ez al da kontraesana? Batzuek ondo ikasia dute hitzen boterea, eta maisuak dira nahasmendua sor dezakeen edozein paradoxaz baliatzen, edo sortzen. Agintari bati entzun nion behin aurreitzirik gabe ari zirela arautzen... Muga etiko guztiak forrotik pasatzeko. Nork eta zergatik irakurtzen ere ikasi beharko genuke, publizista handien esanak ulertu nahi baditugu.

Mugak nork eta zergatik jarriak diren galdetu beharko genukeen bezala. Guk geuk jartzen ditugunean ere, horrek laguntzen digun/duen ala ez, zeren beldur, zein helbururekin. Eta zeri, zeri, diot eta ez nori, eta horretan dagoela gakoa iruditzen zait, pertsonak ez baitira mugatu/hesitu beharrekoak.

Beste adibide bat: Uharte eraso sexisten aurkako eremua da, mugan jarri dute kartela. Gainean feminazi (ederki asmatuta hitza) eranskailuak jarri dituzte matxismoari muga jartzearen kontrakoek.

Azkena: gaur bertan lagun bati esan behar izan diot ez berriro deitzeko, ezetza ezetz dela, modu lagunkoiaz esan ere. Bortxa erabili beharko dut kasu egiten ez badu?

Aspaldiko ikasgaia da zure askatasuna bestearena hasten denean bukatzen dela. Hil ala biziko kontua izan daiteke muga, palestinarrak zeinek babestuko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.