lander garro
UDA BETIKO BALITZ

Ahul

2016ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ez naiz lagunak atxikitzen dituen horietakoa. Ez dakit haien errua den edo neurea, baina ihes egiten didate beti. Eta akaso pentsatuko dute ez zaidala axola, ez naizelako gauza kursiak esan zalea, edo, bestela esanda, ez naizelako besteen aurrean ahul azaldu zalea. Hala da, ordea: lagunak eusteko langintzan tipo eskasa naiz benetan. Jendea badator zeure bizitzara, ia beti ezustean eta egiten diezu tokitxo bat, eta eskaintzen diezu bizitzan zinez baliotsuena den gauza bat, akaso oso estimuan ez daukaguna, zeure denbora, edo zeure denboraren zati bat, eta orduan hasten zara lehenago zuretzat ezezaguna zen pertsona horri lagun deitzen. Oso grinatsua bazara opariak egingo dizkiozu, sekretuak kontatuko dizkiozu, utziko diozu zure libururik kuttunena, eta eramango duzu hark ez, baina zuk bai ezagutzen duzun toki batera. Gauza ederra da. Gero bizitza dator bere kontu prosaikoekin, eta azaltzen dira nagikeriak eta aitzakiak, eta akabo. Bitxiena da nola joaten diren batzuk guztiz, ia arrastorik utzi gabe. Duela gutxi gertatu zitzaidan, banindoan bizikletan txango bat egitera, eta nire ondotik pasa zen nirekin bizikletan ibilitako haurtzaroko lagun bat, oso mina niretzako. Baneramatzan ikusi gabe zazpi edo zortzi urte, apenas haren berririk gabe. Elkarrekin joan ginen, hura txistuka eta ni haren erritmoari ezin segi. Elkarrekin bizikletan egindako lehen txangoa oroitu nuen, 1990. urtean, hura bere Rossini gorriarekin (Campagnolo osagaiez hornitua!), neu lehengusuak oparitutako Peugeot urdin handiegiarekin, biak Bianditz aldera. Erraz igo genuen, 15 urte genituen. Bianditzetik bueltan ilunduta zegoen, eta ilunpetan lanean bide bazterrean zebilen baserritar batekin talka eginda lurrera erori nintzen. Lurrean nire lagunaren zain geratu nintzen, baina haren arrastorik ez, eta baserritarrak eraman ninduen etxeraino. Mila kilometro egin genituen bata bestearen ondoan lagunak eta biok, zinez maite nuen eta zinez miresten nuen. Gero lehen zigarroak etorri ziren, lehen sexu harremanak, nerabeen kontu betierekoak, eta betiko aldendu ginen. Ez dakit hark nola bizi izan duen bion arteko hutsunea. Nik faltan hartu dut. Baina ez nion esan, eta ez diot esango. Edo agian bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.