Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Zain

2017ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Oier Gomezen kasuak mugarria izan behar duela esan du haren aitak. Mugarria, gaixorik dauden preso guztien egoera konpontzeko. Semearen egoeraren larria ikusita ere, ezin ahaztu hura bezala kartzelan eta gaixorik daudenak. Nahi gabe akordatu naiz Saizarbitoriari irakurritako esaldi hartaz: larrosa ez da lorea, larrosa larrosa da. Edozein gurasorentzat dira haren seme-alabak bereziak, dauden kolektibo edo taldetan daudela ere. Eta barruraino heldu zaizkit Carlos Gomezen hitzak. Semeari sei hilabeteko bizitza eman diotela jakinda ere, berea ez dela larrosa bakarra ahaztu ezin duelako.

Astelehenera arte itxaron behar du Oier Gomezek kartzela zigorra etengo dioten edo ez jakiteko. Medikuek diote sei hilabete gelditzen zaizkiola: 182 egun. Hori jakin zuenetik egun batzuk joan dira dagoeneko, eta mundua astelehenera arte helduko bada, beste egun batzuk erreta helduko da. Eta egun bat ordu gehiegi dira denbora gutxi duenarentzat. Baina epaileek eta burokraziak ez daukate presarik. Galdetu bestela kartzelan hiltzen ari direnen senideei.

Iraganean hil ziren lagunekin zer egin eztabaidatzen ari garen bitartean, jendea hiltzen ari zaigu hemen. Patu tristea izan behar du derrigor, biktima izateko eskubidea nork duen eta nork ez erabaki ezinik dabilen bitartean, biktima berriak sortzen zaizkion herriak. Baina tolerantzia, demokrazia, bakea, gorrotoa eta askatasuna errazegi esaten dira hemen behar duten balioa izaten jarrai dezaten. Eta etxean hutsunea duenari berdin dio horero guztiak: erlojuak gelditu nahi lituzke, baina ezin du. Orduan galera jotzen du, besterik ez bada, terrazetan eseri eta munduaren norabideaz kexu direnen kontzientziak astintzeko. Eta kartzelan dagoen Oierrek adina maitasun eta babes behar dute haren hurbilekoek kalean. Maitasuna, medikuntzak hautsi ezin dituen mugak hausteko eta babesa justizia bera ere lau hormetara mugatu nahi duen kartzela sistema gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.