Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Zaborrak

2017ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gipuzkoak arazo bat omen zeukan zaborrarekin, eta konpontzeko bide bakarra erraustegia zen; betikoek, ordea, ez zuten eraiki nahi. Komunikabide publiko nahiz pribatuetan agertzen zen protestaren bat egunero; baita jende gutxik parte hartzen bazuen ere. Hori bai: inork ez zuen eskatzen erraustegia bere herrian jar zezaten nahiz eta, ustez, hura izan arazoa konponduko zuena. Atez ateko zabor bilketarako burdinazko posteak oso itsusi gelditzen ei ziren kalean, eta zabor poltsak eskegi zituzten leihoetatik. Legazpiko plazan ez dakit zenbat kilo zabor bota zituzten. Pasaiako alkateordearen etxe atarian kaka zabaldu zuten. Eta gu, Euskal Herriko maparen mendebaldetik harrituta geunden begira. 2015eko udal hauteskundeen ostean, emaitzen analisia egin zuten alderdiek eta komunikabideek: gipuzkoarrek zaborraren kudeaketan izandako jarreragatik zigortu egin zuten Euskal Herria Bildu.

Orain agintzen dutenek abiadura handian bideratu dute erraustegia eraikitzeko proiektua: abisatuta geunden, hauteskunde programan zekarten. Komunikabideetan, ordea, ez dute haren kontrako protesten berririk eman nahi; ezta jendetsuak direnean ere. Pentsatzen dut oso pozik egongo direla erraustegia egiteko akordioa angulekin ospatu zutenak. Haietako enpresa bat arakatu egin zuten ustelkeria kasu baten harira, baina horren berri ere ez dute inon eman. Aste honetan kamioi bat ikusi dut sare sozialetan. Gipuzkoako herri batean ibili da zaborra biltzen, eta kontenedore guztiak berak hustu ditu. Guztiak, kristalarena izan ezik; hau da, erre daitekeen guztia kamioi bakarrak biltzen du bideoan agertzen den leku horretan. Bitartean, sei lagunek astebeteko gose greba amaitu berri dute erraustegia eraiki ez dezaten. Ez dago titularrik. Ezinbestean gogoratu naiz haien botoa zaborragatik aldatu zutela esan zidatenekin. Haien lekuan banengo, lotsatuta egongo nintzateke, baina badirudi erraustegiak ez duela lan handirik izango kontzientziak erretzen: aspaldi erraustuta dauzkagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.