Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Lehenagokoak (II)

Publizitatea

Iritzia

GAUR GERO

Lehenagokoak (II)

 
Lehenagokoen itzaletan bizitzea suertatu izan zaigu askotan, eta geure buruak beste garai batzuetan islatuz eraiki ditugu sarri geure ideiak eta borrokak. Ez da harritzekoa garai haiek apur bat bada ere ezagutuz gero, pisutsua izan baitzen zinez pasa den mendea, eta utzi beharra baitzeukan zamarik. Ezin zaie, jakina, zama horiei entzungor egin; ulertu beharra dago nondik datozen eta nolabait arintzen asmatu beharra dago. Hala ere, geure historiaz jabetzea adina komeni izaten da hartan katramilatuta ez geratzea. Hain zuzen ere, horrexetarako balio beharko luke-eta iragana ezagutzeak: haize-berritzeko, galdera zaharrei erantzun berriak bilatzeko. Gaurkorako eta gerorako, alegia.

Iraganaren paradoxa horrek ondo samar azaltzen du, nire ustez, gaur egun non aurkitzen garen. Iraganetik ezin askatuta bezainbeste gaude harengandik urrundu nahian, zama zaharrek beste indar daukate zerbait berriaren esperantzek. Sentipen biak dauzkagu: dena eginda dagoenarena eta dena egiteko dagoenarena.

Halako bidegurutzeetan, ordea, bi aukeretatik bakarra hautatzeko joera izan ohi dugu, baina horrek ez digu balioko kasu honetan. Izan ere, alde batetik, jakin beharko dugu memoria ez galtzen, memoria hori geure alde erabiltzen, iraganetik ikasten eta hark utzitakoen ardura hartzen. Oinordetzan jasotako borrokak ere geureganatzen ikasi beharko dugu nolabait, jakin haiekin zer egin, geure denboran dagokien tokia topatu. Baina, beste alde batetik, desira berriei leku egiten ere jakin beharko dugu, zamekin igeri egiten, bideak berritzen. Gure denborak elkarrengana biltzera eramango gaitu ezinbestean, eta elkarri gogoraraztera lehenagokoak baino, beti izango garela oraingoak gehiago.

Gaur, esaterako, giro ederra atera du elkarrengana biltzeko, badirudi euri-egunak amaitu direla apur baterako. Eguzkitan jarri eta hitz egin genezake itzalaz, adibidez: nola bizi izan dugun aurreko garaien itzala, sentitu ote dugun, zenbaterainokoa izan den bakoitzarentzat, belaunaldi guztiei gertatu ote zaien gauza bera. Eta gero, eguzkiak aurpegian jotzen digularik, begiak itxi eta galde geniezaioke ondokoari etorkizunerako planen berri, eta guk entzun eta, ondoren, geureen berri eman. Giro da horretarako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak