LARREPETIT

Pailazo ero bat

Iñigo Aranbarri -

2017ko ekainak 4
Hil egingo gara. Beroak erreta, urpean itota, ekaitzak triskatuak hilko gara. Esan dute AEBak irten egingo direla Parisko Klima Akordiotik eta denok jarri gara ados, badakigu noren erruz egingo duen mundualdiak, eta hala atera dugu berriz ere gizona hizpidera. Eta egia esan, azkenaldian lagun arteko elkarrizketara beste edozein presidente edo lehen ministro baino maizago aipatuagatik, inoiz gutxitan bezala iristen da denok bat etortzea: ero hutsa da pailazo hau.

Pailazoarena ez da geuk asmatua. Iragan azaroan hauteskundeak irabazi aurretik nabarmendu zitzaigun haren izaera erridikulua. Horren erakusgarri, bideoak, zientoka, poltsikoko telefonoetan daramatzagunak, lagunek bidalita, irribarre behintzat egin dezagun hil aurretik. Zer da ba gizona! Pentsa zenbaterainokoa, emazteak ere ezin du begien bistan ikusi. Begira nazka aurpegi hau; eta eskua nola kentzen dion? Zerbait izango du, hedabideetako solasaldi politikoetan ohartarazten baitigute bere ilajeaz eta brontzeatu demasekoaz.

Pailazo ero baten eskuetan gaude, diogu. Eta ez da hemen haserrerik, orain ez aspaldi beste gai batzuekin bezala. Adostasunak elkartzen gaitu, ez da gutxiagorako: Txinako Harresia eraiki nahi du Mexikoko mugan, erbinudeentzako sarea jarri auskalo zenbat bazterretako jenderik sar ez dadin paradisuan, eta ia seguru gerraren batera daramala mundua... Alferrik esango du norbaitek Mexikoko harresia hor dagoela lehendik ere, Obamak 3 milioi pertsona kanporatu zituela zortzi urtean, eta gerrak berriz, nekez uler litezkeela Estatu Batuak mende biko kanpo ingerentziarik gabe.

Pailazo ero baten eskuetan gaude, eta ez da gezurra. Gezurra ez den bezala nola obratu duen berak bere irudia eta nola osatu zaigun geuri ere gizonaz dugun iritzia. Ez dut uste, baina, gure alfabetismoak libratuko gaituenik datorkigunetik. Eta ez naiz Trumpen politikaz ari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna