Ebola

Egoera hobetu da: Liberia gizakien arteko ebola kutsatzerik gabeko herrialde izendatu zuten irailean, eta Gineak eta Sierra Leonak astebete daramate kutsatze berririk gabe; txertoa lortzeko urrats azkarrak eta garrantzitsuak egin dira; eta OME jabetu da egindako akatsez. Herrialde aberatsak ere lasaitu egin dira, desagertu baita duela urtebete sortu zuten psikosia, birusak Afrikako mugak gainditu eta Europara eta AEBetara iritsi zenean. Izurritea apaldu da, baina ondorioek luzaroan iraungo dute. Aditu asko datoz bat: neurriak hartzeko garaia da, etorkizuneko izurriteei aurre egiteko.

IRUDIAK: EFE.
jakes goikoetxea
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun

EGOERA

Kontrastea. Batetik, ez dute Ebola birusak kutsatutakoen kasurik izan urriaren 4ko astean, ez Ginean, ez Sierra Leonan. Iazko martxotik lehen aldiz gertatu da bi herrialdeetan batera. Bi herrialdeek izan dituzte kutsatzerik gabeko aste solteak azken hilabeteetan, eta hamar kasu baino gutxiago izan dira azkeneko hamaika asteetan. OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaur kaleratuko du urriaren 14ko asteari dagokion buletina. Liberia gizakien ebola transmisiorik gabeko herrialde izendatu zuten irailaren 3an (maiatzean ere bai, baina gero kasu berriak izan zituen).

Bestetik, Afrikatik kanpo, Pauline Cafferkey erizain eskoziarra berriro ospitaleratu behar izan dute, 2014ko abenduan Sierra Leonan Ebola birusaz kutsatu, urtarrilean sendatu eta oraindik birusaren arrastoak dauzkalako. Berez, kutsatutakoak sendatutzat jotzen dituzte odolean birusaren arrastoak desagertzen direnean, baina birusa gera daiteke gorputzeko zenbait ataletan. Ebolak, esaterako, hilabeteetan irauten du giza gorputzeko zenbait jariakinetan: esnean, hazian, baginan eta begien barruan. Ian Crozier AEBetako medikuak odolean eduki zuen baino birus maila handiagoa zeukan begietan, ebola gainditu eta bi hilabetera.

Zenbakiek itxaropena eragiten badute ere, zuhur jokatu behar dela ohartarazi du OMEk. Sierra Leonako kasu guztiak kontrolatzen ari dira, eta baita 509 Ginean ere; baina arrisku kasu batzuk kontroletik kanpo daude Ginean eta Sierra Leonan. «Epe laburrean kasu gehiago izateko arriskua dago», OMEren azken txostenaren arabera.

Balantzea lazgarria da: Ebola birusak kutsatutako 28.421 kasu zerrendatu dituzte Ginean, Liberian eta Sierra Leonan, eta horietatik 11.297 hil dira, aurretik izandako izurrite guztietan hildakoen halako zazpi. Guztiak ez dira baieztatutako kasuak. Kutsatzeen 881 kasu izan dira osasun langileenak; hildakoetatik 513 dira.

Egoera hobetu da, baina ez da arazoa konpondu. Jada hitz egiten ari da izurritearen kudeaketatik ikasi beharreko lezioei, egin beharreko aldaketei eta etorkizuneko izurriteei buruz. Baina MSF Mugarik Gabeko Medikuek eman zuten abisua, uztailean: «Egungo izurritea oraindik ez dago kontrolpean. Ebolaren kasuan, nazioarteko axolagabekeriatik beldur globalera pasatu ginen, eta orain neke globalera. Lana bukatu behar dugu», Joanne Liu MSFko presidentearen esanetan.

BOTIKAK

Ez dago ebola prebenitzeko eta sendatzeko txertorik, gaitza duela 40 urtetik ezagutzen den arren; baina txertoak izan daitezkeen zenbait hautagai probatzen ari dira gizakietan. Txertoa lortuko dute? Badirudi baietz. Noiz? Auskalo. OMEk urtea amaitu aurretik espero du. Egia da urte eta erdian aurreko hamarkadetan baino gehiago aurreratu dela. Izan ere, OMEk, larrialdiaren neurria ikusita, baimena eman zien ikerketa taldeei kutsatuei frogatu gabeko tratamenduak aplikatzeko, ohiko epe eta prozedura guztiak urratuz.

Oraingoz, bi hautagai nagusi daude: bata, ChAd3-ZEBOV, GlaxoSmithKlinena, AEBetako Alergien eta Gaixotasun Kutsakorren Institutuarekin elkarlanean; bestea, rVSV-EBOV, NewLink Genetics eta Merck Vaccinesena, Kanadako Osasun Publikoko Agentziarekin elkarlanean. Lehen proba klinikoak gainditu dituzte: ez dira arriskutsuak gizakientzat. Orain, eraginkorrak direla frogatu behar dute. rVSV-EBOV probatzen ari dira Ginean eta Sierra Leonan. Baieztatutako kutsatze kasuetan txertoa ematen diete kutsatutakoen ingurukoei: Ebola birusak kutsatutako 48 pertsonaren 2.014 senide eta laguni rVSV-EBOV eman zieten, berehala; 42 kutsaturen 2.380 senide eta laguni, 21 egunera. Berehala jaso zutenetatik ez zen inor gaixotu; geroago jaso zutenetako hamasei. Bultzatzaileek eta komunikabide askok txertoa lortu dela esan dute. Hala ere, horrek ez du esan nahi guztiz eraginkorra denik, eta ez dakite txertoaren eraginak zenbat irauten duten. Uste dute, hori bai, izurriteak geratzeko balio dezakeela behintzat.

Ez da ebolari aurre egiteko bide bakarra. Ebola gainditu duten gaixoen odola eta plasma baliatzen ari dira, birusak kutsatutakoei emateko. Oraindik, ikertzen eta probatzen ari dira. MSF Mugarik Gabeko Medikuak, esaterako, Ginean. Dena den, odol eta plasma ematea zabaldu aurretik, hori egiteko azpiegiturak hobetu behar dira Ginean, Liberian eta Sierra Leonan. Ustez gaixotasunaren kontrako botika eta substantzia batzuk ere eman dizkiete, besterik ezean, Ebola birusak kutsatutakoei, probatzeko. Normalean, talde txikitan probatu dute, kontrol handiegirik gabe. Gehienek ez dute emaitza adierazgarririk izan.

Hala ere, paradoxa gertatzen ari da: inoiz baino parte hartze handiagoa dago txertoa edo konponbidea lortzeko; baina gero eta gaixo gutxiago dauzkate eraginkortasuna frogatzeko, eta proba kliniko aurreratuenak izaten dira jende gehien behar dutenak.

OME

Izurriteak auzitan jarri du OME Osasunaren Mundu Erakundearen izaera, buruzagitza eta jarduna. Gogor kritikatu dute, bai gaitzari aurre egin behar izan dioten erakundeek eta langileek, bai adituek eta aholkulariek ere. Berez, OME da halako izurrite bati aurre egiteko eta lanak koordinatzeko nazioarteko erreferentzia. Nazio Batuen Erakundearen osasun agentzia nagusia. Baina ebolaren kasuan, berandu eta motel erantzun zuen. Ez zuen nazioarteko larrialdi egoera izendatu iazko abuztura arte, egoerak gainezka egin eta birusa kontrolik gabe egon zen arte. Ordurako, MSF Mugarik Gabeko Medikuak aspalditik ari zen nazioarteko buruzagitza, laguntza eta nazioarteko larrialdi egoera izendatzeko eske. Baita OMErentzat Afrikan lan egiten zuten hainbat aholkulari ere. Erantzuterako,Ebola birusa Gineako Konakry hiriburura iritsi zen, Sierra Leonako eta Liberiako mugak pasa zituen...

Margaret Chan OMEko zuzendari nagusik auzitan jarri du ea OMEk izan behar duen halako izurriteei lehen erantzuna eman behar dien erakundea. Hark dioenez, OMEk ez dauka, ez jenderik, ez baliabiderik. Osasun agentziak jasan dituen murrizketen ondorioz, besteak beste. Aurrekontua mila milioi dolar murriztu du. Ia lau mila milioi dolar da gaur egun, bi urterako. Eta izurriteen kontrako borroka ez da lehentasuna. OMEk langileen %16 kaleratu zuen; izurriteen kontrako taldeetan %35. Kaleratuetako asko izurriteetan eskarmentu handia daukaten adituak dira. New York Times-en arabera, Genevako egoitza nagusian desegin egin dute izurriteei eta pandemiei aurre egiteko departamentua.

OMEk ebolaren izurritearen kudeaketari buruzko txosten bat eskatu zion aditu independenteen batzorde bati. Uztailean kaleratu zituen ondorioak. Agerian utzi zituen OMEren antolaketa eta kudeaketa hutsuneak: «OMEk, gaur egun, ez dauka osasun larrialdi bati erantzun oso bat emateko gaitasuna edo antolaketa kultura. Ezta erabakiak azkar hartzeko kultura ere; larrialdiei aurre egiteko, erreaktiboa da, proaktiboa baino gehiago». Herrialdeek OMEri diru gehiago emateko eskatu du, diru funts bat eta larrialdiei aurre egiteko talde berezi bat abian jartzeko.

Une garrantzitsua da. «Definitzeko garaia da, ez bakarrik OMErentzat eta osasun larrialdi globalentzat, baita osasun sistema globalaren gobernantzarentzat ere». Batzordeak dio munduko osasun publikoaren zaindari izan behar duela: «Horrek esan nahi du aldaketa nabarmenak egin behar dituela».

LEZIOAK

Hasteko, Ebola birusa antzemateko eta hari aurre egiteko tresnak ez direla azkarrak eta eraginkorrak. Agerian geratu da baliabide eta koordinazio falta. Ebola ez da nazioarteko arazoen agendan sartu, birusa herrialde aberatsetara iritsi den arte. Eta Gineari, Liberiari eta Sierra Leonari nekez eska dakieke ebolari bakarrik aurre egiteko. Ez daukate baliabiderik: Liberian bi mediku baino ez daude 100.000 biztanleko, eta hiru erizain eta ospitaleko ohe bat baino gutxiago 1.000 biztanleko.

2014ko eta 2015eko izurriteak erakutsi du izurrite lokalak oso erraz eta azkar zabaldu daitezkeela inguruko herrialdeetara eta mundu guztira. Ginean abiatutako izurritea bederatzi herrialdetara iritsi da. Ebola jada ez da Afrikako herrialde batzuetako landa eremu bakartuetako arazoa. Berehala iritsi zen Meliandou herrixkatik Konakry hiriburura. Eta birusaren inkubatze epea 21 egunekoa denez, munduko edozein lekutara irits daiteke epe horretan. Erantzun globala behar du, beraz.

Nazioarteko erakundeek eta profesionalek bertakoekin elkarlanean aurre egin behar diete halako izurriteei, bertako kulturak eta ohiturak aintzat hartuz. Ez bakarrik ezagutza eta baliabideak partekatzeko, laguntza eraginkorra izateko baizik. Ebola izugarri zabaldu zen Ginean, besteak beste, herritarrek kutsatzeak eta hildakoak ezkutatu zituztelako, eta hildakoak ezkutuan garbitu eta erre zituztelako. Zenbait lekutan atzerritarrei leporatu zieten gaitza eraman eta zabaldu izana.

Ebolari berehala aurre egiteko funtsezkoak dira jatorrizko herrialdeetako osasun zerbitzuak eta langileak. Beharrezko ezagutzarekin eta prestakuntzarekin. Eta baliabideekin. Ebola kutsatutako pertsonen jariakinen bidez kutsatzen da: ospitale askotan ez zeukaten eskularrurik, maskararik, betaurrekorik eta jantzirik. Eta izurrite betean Liberiako osasun langileek grebak egin zituzten, soldatarik kobratzen ez zutelako.

Garrantzitsua da gabeziak aurkitzea. Gabeziak konpontzeko irtenbideak proposatzea. Baina are garrantzitsuagoa da gabeziak konpontzeko neurriak hartzea. Azkar, badaezpada. «Garrantzitsua da aldaketak orain egitea, izurritea buruan daukagulako», esan zion Lawrence Gostinek, AEBetako Georgetowngo unibertsitateko osasun zuzenbideko irakasleak, Nature aldizkariari, maiatzean. «Ez da itxaron behar, garai politikoa gure alde dagoelako, bestela lausotu egingo delako, SARSekin eta H1N1ekin gertatu zen moduan». Urrun geratu da maiatza.

AMAIERA

Berez, Ebolak kutsatutako pertsona sendatu dela esaten da birusa odoletik desagertzean. Baina ez da guztiz horrela. Harridura eragin du Pauline Cafferkey erizain eskoziarra ospitaleratu behar izateak, urtarrilean senda-agiria eman eta gero. Ebolaren osteko sindromea dauka. Ebolak jarraitu egiten baitu kutsatzeak eta hildakoak bukatu eta gero ere. Ebola gainditu duten pertsona askok jasan behar izaten dute ebolaren osteko sindromea: itsutasuna, barne odoljarioak, buruko min handiak, junturetako mina, memoria galtzea, zenbait hilabetetan hilekoa desagertzea edota ilea galtzea. Eta Ginean, Liberian eta Sierra Leonan ebola gainditu dutenek ez dauzkate herrialde aberatsetako baliabideak sintoma horiei aurre egiteko. Liberian aurten zabaldu dituzte bi klinika, ebola gainditu dutenak artatzeko.

Ebolaren osteko sindromea ez dute asko ikertu. Ez dakite sintomek zenbat irauten duten. Liberian bost urteko ikerketa bat abiatu zuten ekainean. Ebola gainditu duten 1.500 lagun eta 6.000 senide ikertuko dituzte. Herrialde horretan, 44 urteko emakume bat hil zen martxoan, ebolaren ondorioz. Herrialdeak ia hilabete zeraman kutsatze berririk gabe. Emakumearen mutil-lagunak ebola gainditu zuen, baina birusa zeukan hazian, eta neska-laguna kutsatu zuen. Ebola gainditu eta sei hilabetera.

Badira ebola gainditu eta gero itsu geratu diren gaixoak, ubeitisagatik (ubearen hantura). Sierra Leonako Kenemako ospitalean, bitik bat. Itsu ez bada, glaukomarekin, begian betirako orban batekin, kataratekin edota erretina bereizita ere bai. Ubeitisa daukaten gaixo askok ez dute tratamendurik jasotzen beranduegi den arte, landa eremuetakoek batez ere, Gerry Clare MSFko oftalmologoak Eboladeeply.org webguneari esan dionez. «Eta tratatu gabeko begiaren ondorioak oso larriak dira», ohartarazi du. «Liberian gazte bat itsu geratzen bada, lanik aurkitu ezinik gera daiteke, ikasten jarraitu ezinik eta gizartetik baztertuta». Ebola gainditzen duten guztiei begiak aztertu behar zaizkiela dio.

Ebolaren ondorioak ez dira osasun arazoekin bukatzen. Ebola gainditzen dutenetako askok senideak ere galdu dituzte, izurriteagatik. Liberian 5.900 haurrek galdu dute gurasoren bat edo biak. Eta, gainera, zenbait kasutan, ebolaren estigmari aurre egin behar diote. Ingurukoek, baita senideek ere, kutsatzeko beldurra daukate. Edota sorgintzat ere hartzen dituzte, halako gaitz hilgarria gainditu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.