Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Hamasek eta Al Fatahek akordioa egin dute hamar urteko tirabiren ostean

Publizitatea

Mundua

Hamasek eta Al Fatahek akordioa egin dute hamar urteko tirabiren ostean

Bi alderdi palestinarren arteko zatiketa amaitzea hitzeman dute Kairon. Batasun nazionaleko gobernua eratzea izango da hurrengo urratsa
Hamasek eta Al-Fatahek jarrerak gerturatzeko urrats nabarmena egin dute aste honetan. Kairon, hiru eguneko negoziazioen ostean, adiskidetze nazionalerako ituna sinatu dute bi alderdi palestinarrek, hamarkada bateko ezinikusia alboratuz. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak ongi etorria eman dio akordioari zehaztuz «zatiketa amaitzeko azkeneko akordioa» dela. Hainbat informazio iturriren arabera, hilabete bateko epean joango da Abbas Gazara.

Hamasen esku egon da eremu hori 2007tik. Zisjordania, berriz, Al-Fataherenean. PANeko ordezkariak iragan urriaren 2an joan ziren lehenengo aldiz hamar urtetan Gazara. Ordurako hasita zegoen bi alderdien arteko gerturatzea, irailean bitartekaritza eske joan baitziren buruzagi islamistak Egiptora.

Hamasek urte honetan egindako keinuak ere lagungarriak izan dira bide horretan. Zisjordaniako udal bozak boikotatzeari uko egin zion maiatzean, aurrekoetan ez bezala, eta ildo politikoa ere berritu du, buruzagiak aldatuz, eta lehenengo aldiz 1967ko mugekin estatu palestinar bat sortzeko aukera onartuz; Israelen okupazioaren aurreko mugekin, alegia.

Akordioaren xehetasun guztien berri eman ez badute ere, 2011ko maiatzean hiri berean adostutako dokumentua izango da oinarria. Azam al-Ahmad Al-Fataheko ordezkariaren hitzetan, «dena dauka» dokumentu horrek. Erronka orain da nola inplementatu; izan ere, orduan aldeak ez baitziren horretarako gai izan. Hamahiru taldek sinatu zuten testu hura, eta batasun nazionaleko gobernua eratzea eta hauteskundeak deitzea aurreikusten zuen.

Egiptoren bitartekaritza, beraz, giltzarri izan da berriz ere, eta heldu den azaroaren 21erako deitu dituzte «alderdi guztiak».

Neurri zehatzak

Dagoeneko, baina, badirudi hainbat kontu adostu dituztela. PANek ezarritako zigor neurriak bertan behera geratuko lirateke —argindarra eta funtzionarioen soldatak ordaintzeari utzi zion—. Era berean, hegoaldeko muga kontrolatzeko ardura hartuko luke azaroaren 1etik aurrera; Gaza eta Egipto artekoa. PANek 3.000 polizia bidaliko lituzke Zisjordaniatik Gazara. Hamasek, baina, bere adar armatuko 25.000 milizianoei eutsiko lieke, ez baitu horretan amore eman nahi.

Funtzionarioen ingurukoa da bi alderdien arteko beste arazoa. Hamasek 40.000 funtzionario kontratatu ditu azken hamar urteotan, gobernura iritsi zenetik, eta horien eskubideak bermatu nahi ditu. PANek, berriz, 8.000 funtzionario mantentzeko ahalmena duela adierazi du. Bada otsailaren 1era arteko epea eman diote elkarri gai horretan ados jartzeko.

Hamasen eta Al-Fatahen arteko tirabirak ulertzeko hamar urte egin behar da atzera. Ekainean bete zen, hain zuzen, hamarkada bat bien arteko arrakala zabaldu zela. Alderdi islamista bozetan nagusitu zen, 2006ko urtarrilean, eta, hasiera batean batasun nazionaleko gobernua eratu bazuten ere, berehala korapilatu zen egoera; 2007an lehertu zen tentsioa; Al Fatahek Ismail Haniyaren aginteari uko egin zion. Eta Hamasek Gazaren kontrola bereganatu zuen. Fisikoki banatuta zegoen lurra politikoki ere zatituta geratu zen, eta gerra piztu zen —600 lagun hil ziren—.

Orain, batasunaren aldeko mezua helarazi dute aldeek «proiektu sionistari» elkarrekin aurre egiteko. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak azkar erantzun du: «Israelek ez du gure kontura egindako berradiskidetze faltsu hori onartuko». Israelek lurretik, itsasotik eta airetik blokeatuta dauka Gaza. Hirutan egin ditu urteotan erasoaldi zabalak, azkena 2014an.

Publizitatea

Sortu kontua
Kristina Berasain Tristan Kristina Berasain Tristan

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak