Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Aurrea hartzeko ahaleginetan

Publizitatea

Gizartea

UDAKO SERIEA. Azken hitzaren jabe (I). Pazienteen autonomia

Aurrea hartzeko ahaleginetan

Aurretiazko borondateen agiriak dira, egun, heriotzaren aurreko uneetarako erabakiak hartzeko bideetako bat. Aditu gehienak bat datoz, ordea: harago egin behar da gaixoen autonomian. BERRIAk gaia landuko du asteon.

2016-08-23 / Arantxa Iraola

Euskal Herri osoan, ipar eta hegoan, bizitzaren amaierari buruzko erabakiei buruz pentsatu, gogoeta horiek mamitu eta horiek paper zuri baten gainean jartzeko eskubidea dute herritarrek aurretiazko borondateen agirien bitartez. Osasun sistema guztiek onetsitako eskubidea da hori. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herrian, 2003tik era horretako 20.000 agiri baino gehiago erregistratu dira. Zinetan deigarria da, gainera, kopurua urtez urte hazten ari dela: 2004an 212 izan ziren; iaz, 2.675. Aurten, abuztu bitartean, ia beste horrenbeste: 2.301. Herritarrek, oro har, beren autonomiaren alde hitza hartzeko gero eta kontzientzia nabarmenagoa dutela erakusten dute datuok: argi eta garbi.

Aditu askoren arabera, ordea, horrekin ez da aski. Koldo Martinez politikan duen jardunbideagatik egin da urteotan ezagun, baina medikua ere bada, eta bioetika gaietan aditua. Besteak beste, Nafarroako Ospitaleko Etika Batzordeko lehendakari jarduna da. Aurretiazko borondateen dokumentu asko leitu ditu, eta argi du gabeziarik agerikoena zein den: «Zehaztasun falta izaten dute, sarri askotan, agiriek». Ulergarria ere egiten zaio: «Izan ere, osasuntsu zaudenean halakoetan ez duzu pentsatzen». Eta horrexegatik dira, hain justu, «orokorkeriaz» betetako agiriak. «Ez dut sufritu nahi. Ez dut begetal baten gisako bizimodurik izan nahi. Ez dut nahi bizitzaren amaierako prozesua askorik luzatzerik...» Martinezen arabera, halakoak dira usuen idatzita ikusten dituzten esaldi motak. Eta benetako erabakiak hartzeko orduan halakoek «gutxi» laguntzen dutela uste du: «Lagungarri dira, bakarrik, neurri batean». Eta, haren ustetan, gainera, egoera ez da ari hobera egiten: «Aurretiazko borondateen agirien kopurua gora doa, baina haien kalitatea, ez».

Horregatik, harago egiteko proposamena. Pazienteek medikuekin tratamenduez eta bizitzaren amaieraren gaineko ikuskerez «sakon» jarduteko era izan behar luketela uste du, eta historia klinikoan islatu behar liratekeela elkarrizketa horien emaitzak. Bide horretan, diagnostikoaren unetik medikuak gaixoarekin harreman jori bat bilatu behar duela adierazi du. «Garai batean gaixoaren familiari ematen zitzaion diagnostikoa, eta gaixoa kanpo uzten zen askotan. Orain esan, esaten zaio zer duen, baina sarri falta da pronostikoaz ere hitz egitea». Alegia, diagnostikoak ekarriko duenaz, eta bidean har daitezkeen erabakiez. Kritikoa da komunikazio akats horrekin: «Izan ere, era horretan, erabakitzeko eskubidea ahuldu egiten zaie pazienteei». Heriotzaren hurbiltasunaz bakarrik ez, gaitzak ekar ditzakeen mendekotasunez eta beste hainbat gorabeheraz ere jabetu behar dute eriek, eragile izateko. «Eta hori guztia medikua ondoan dutela egin behar dute», argudiatu du Martinezek. Usu, ordea, osagileek lan hori bazter uzten dutela uste du. «Mediku askok ez dute horrelako prozesuetan parte hartu nahi; beldur dira». Pazienteak eta haien senitartekoak ere maiz beldurrak katramilatuta atzematen ditu, «tabu» baten aurrean.

«Konfiantzaren» bila

Ibilbide profesional ia osoa darama Mabel Marijuanek ere bioetika gaietan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean, hain justu, alor horretan trebatzen ditu etorkizuneko profesionalak. Ohartarazi du osasun sistemek egun duten «prekarizazio» agerikoak ez dituela pazienteen autonomian areago egiteko urratsak errazten. Izan ere, gaixoen eta profesionalen arteko «konfiantzazko» erlazioak lantzeko astia eta lantalde egonkorrak behar dira, eta egun, sarri, biak falta dira. «Kontsultak askotan hain dira motzak, ezen sendagileek usu soil-soilik erien egoeraren adierazle nagusiei erreparatzen baitiete, baina jendeak ez du funtzionatzen adierazleekin». Bat dator bera ere, «interpretatzen zailak» dira usu aurretiazko borondateen agiriak: aski ezak.

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak