Albistea entzun

AEB. Presidentetzarako hauteskundeak. SERIEA. AEBetako hauteskundeak (I). Generoa.

Clinton, emakumeen hautagaia?

AEBetan emakumezko presidente bat edukitzeko aukera hutsak feminista oro poztu behar lukeela uste du Clintonen kanpainak. Egiaz, ordea, zailtasunak ditu gazteekin konektatzeko.
Women for Hillary taldeak (Hillaryren aldeko emakumeak) mitin bat antolatu zuen ekainean Los Angelesen(Kalifornia).
Women for Hillary taldeak (Hillaryren aldeko emakumeak) mitin bat antolatu zuen ekainean Los Angelesen(Kalifornia). MIKE NELSON / EFE

Samara Velte -

2016ko azaroak 3

Hor kanpoko gizonei gauza bat esan nahi diet, zintzoki. Ez dugu sekula emakume presidenterik eduki, eta arrazoi bat dago horretarako». AEBetako hauteskundeen aurreko inkestek Alderdi Demokrataren espektatibak ilundu dituzten unean heldu dio Barack Obama presidenteak sexismoaren gaiari, eta iradoki du gizonezko boto-emaileek horregatik baztertzen dutela Hillary Rodham Clinton. Badaezpada, berak atera du gaia, gizonetik gizonera: «Botoa ematera joaten zaretenean, gizon bakoitzak bere buruari begiratzea nahi dut, eta pentsa dezala ea horrekin arazorik badaukan. Ez ote da izango ez gaudela ohituta emakumezko presidentea edukitzera?».

Ukaezina da generoari buruzko galdera, neurri batean behintzat, eztabaidagai bihurtu dela kanpaina honetan, eta ez soilik boto-emaileak ohiko taldeetan banatzeko irizpide gisa. Donald Trump hautagai errepublikanoak askoz errazago erakartzen ditu adineko gizonezko zuriak, eta Clintonek zailtasun erantsi bat dauka emakume izate hutsagatik. Baina haren arazoak boto talde horretatik harago doaz, emakume gazteek ere ez baitiote begirune handirik.

Berdintasuna definitzen

«Infernuan leku berezi bat gordeta dago elkar babesten ez duten emakumeentzat». Hala esan zuen otsailean Madeleine Albrightek, 1990eko hamarkadan Estatu idazkari izandakoak; bera ere lehenbiziko emakumea zen postu horretan. Demokrata gazteei ari zitzaien errietan, alderdiko hauteskunde primarioetan Bernie Sanders babestu zutelako Clintonen ordez. Adin jakin batetik aurrerako feminista zuri liberalen artean, zalantzan jarri ezin den mantra moduko bat da genero parekidetasunak emakumezko presidente bat eskatzen duela. Arizonan bizi den Judy Weberrek (Camp Lejeune, Ipar Karolina, 1951) pozarren bozkatuko du Clintonen alde: «Jakina Hillary feminista dela. Emakumeentzako soldata parekoak aldarrikatzen ditu, haurrak zaintzeko politika hobeak, eta lanbidea eta familia bateratzeko aukerak».

Clintonek sarritan aipatu izan du «kristalezko sabaia» hautsiko lukeela presidentetzara helduz gero. Lehenbiziko emakumezko presidentea izateko promesa da haren kanpainako ardatz nagusietako bat, Obamak lehenbiziko presidente beltza izan behar zuen bezala; eta, ondorioz, emakumezko boto-emaileen aukera posible bakar gisa aurkeztu dute. Bistan da Trump, behintzat, ez dela aukera bat. Emakumeei ukituak egiteaz harrotzen den enpresari cowboy batek nekez erakarriko du ikuspegi feminista minimorik daukan inor. Baina Clintonek ere kontraesanak eragiten dizkie feminista askori, bereziki sabai hori askoz beherago daukatenei: gazteei eta beltzei. Haietako bat da Anita Little blogaria (Dallas, Texas, 1989): «Clintonen aldarrikapenetako batzuekin emakume guztiok egiten dugu bat, adibidez, gurasotasun baimenen kontuan, osasun zerbitzuenean eta sexu erasoen aurkako politikenean». Baina gai horiek, neurri handi batean, klase ertaineko emakume zurien eskaerei baino ez diete erantzuten: «Koloreko emakumeek zalantza gehiago dauzkate hautagaitzaren inguruan. Historian, emakume beltzak kanporatuak izan dira AEBetako feminismoaren joera nagusitik, eta ez ditugu sekula emakume zurien abiadura berean eskuratu gure eskubideak. Horren ondorioz, koloreko emakume batzuek klase ertaineko beste zuri pribilegiodun bat ikusten dute Hillaryrengan».

Feminista gazte eta beltz gehienentzat, ibilbide profesional arrakastatsua egitea baino gehiago da berdintasuna: arazo ekonomikorik eta bazterkeriarik gabeko bizitza edukitzeko aukera ere bada. Beraiei gehiago eragiten diete gizarte zerbitzuetako murrizketek, errazago geratzen dira langabezian, eta, oro har, kalitate eskaseneko lanpostuak ere beraiek hartu ohi dituzte. Littlek zerrendatu dituen lehentasunetan ez da ageri enpresetako zuzendaritzan emakumeak ipintzeko beharra: «Presidente feminista batek ugalketa eskubideak defendatu behar lituzke, eta Planned Parenthood sarea babestu. Berdintasun ekonomikoa nahi badu, gutxieneko soldata da igo behar duena, bereziki emakumeena eta bereziki beltzena. Eta justiziazko berdintasuna nahi badu, hasi beharko du beltzei modu neurrigabean eragiten dieten legeak erreformatzen». Sabaira iristeko bideak ez baitauka eskailera kopuru bera emakume guztientzat.

Lehiakideen arabera

Genero gaiekin puntuak irabazteko zailtasunak primarioetatik datozkio Clintoni. Orduko lehiakidea kontserbadoreago agertu izan balitz, beharbada demokrata ezkertiar gehiagok babestuko zuketen orain. Baina Sandersek piztu zuen haien miresmena: inolako ñabardurarik gabe defendatzen zuen emakumeek, eta ez beste inork, kontrolatu behar zutela euren ugalketa, eta gogor salatzen zuen aseguru enpresek —edota lantokietako nagusiek, beharginen aseguruak kontratatu ohi dituztenek— kontrazepzioa estalduratik kanpo uztea «arrazoi moralak» argudiatuta. Modu irekian hitz egiten zuen etxeko indarkeriaz, eta arrazaren faktorea ere aipatzen zuen generoen arteko soldata desorekaren berri ematerakoan.

«Berniek ezkerrera bultzatu zuen Hillary», uste du Littlek: «Inoiz baino argiago hitz egin zuen orduan generoaz eta sexualitateaz». Trumpen aurka ari denetik, ordea, kontrako joera hartu du, boto-emaile kontserbadoreak konbentzitzeko asmoz. Besteak beste, abortuaren aurka dagoen kide bat aukeratu du presidenteorde izateko: Tim Kaine, Virginiako senataria. Horrek guztiak ezkerreko boto-emaileak galarazi dizkio. «Gazteek politikari profesional bat ikusten dute harengan, eta ez dute uste benetan aldaketa eragin dezakeenik», azaldu du Littlek. Kontzientzia feministarik ez izatea egotzi izan diete horregatik belaunaldi zaharragoek. Ez dago ados kritika horrekin: «Feminismoa oso sendo dago gazteen artean, baina ez dute ikusten Hillaryrengan gorpuztuta, denbora gehiegi jardun duelako botere egitura zapaltzaileen barruan».

Iragana zama astuna bihurtu zaio Clintoni presidentetzarako kanpainan. Estatubatuar askok Bill Clinton haren senarraren agintaldiarekin lotzen dute: haren ongizate politiken erreformak ezkertiar ugariren kritikak eragin zituen 90eko hamarkadan, oinarrizko laguntzak jasotzeko baldintzak gogortu eta estatuen esku utzi zituelako, eta, ondorioz, familia behartsuenen bazterkeria handitu. Gerora, Obamaren Estatu idazkari gisa, atzerriko hainbat gatazkatan esku hartzea defendatu zuen —tropak Afganistandik ateratzearen aurka agertu zen—, eta hura kritikatu zuten gehien Christopher Stevens Libiako enbaxadorea istilu batzuen erdian hil zutenean. Tarte horretan guztian, ez zen bereziki sentsible agertu herrialdeotako emakumeen arazoekin.

Orain, garaipen historikoaren karta geratzen zaio: presidentetzara heltzen bada, sekula ikusi gabeko irudi bat izango da. «Egia esan, Obamarekin ilusio handiagoa neukan, gizon beltz bat presidente izateak urrats historikoagoa ematen zuelako emakume zuri bat izatea baino», onartu du Littlek. «Baina denborarekin ulertu dut ez dagoela hautagai perfekturik. Sexismoa ez da konponduko emakumezko presidente bat edukita, presidente beltz batekin ere arrazakeria desagerrarazi ez den bezalaxe».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rano Raraku sumendiaren magalean dauden moaiak kiskali ditu suak. ©Rapa Nuiko Udala

Moai eskultura erraldoiak kaltetu ditu suak Pazko Uhartean

Edu Latzanguren

«Moaiak erabat kiskalita daude», adierazi dute adituek. Suak erosioa eragin die, kristalizatu eta apurtu duelako haien kanpoko geruza. Dozenaka daude kaltetuta.

Ales Bialiatski ©ANDERS WIKLUND / EFE

Ales Bialiatskik, Errusiako Memorial erakundeak eta Ukrainako Askatasun Zibilen Zentroak jaso dute Bakearen Nobel saria

Mikel O. Iribar

«Giza eskubideen alde aritzeagatik eta boterearen gehiegikerien aurka egindako ahalegin bereziagatik» saritu ditu Osloko Nobel Institutuak.

50 zentimoko txanpon berria, Charles III.aren aurpegiarekin. ©TOM HARRISON / EFE

Commonwealtharen etorkizuna jomugan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Erresuma Batuko Elizabeth II.aren heriotzak Commonwealtha aldatu du. Charles III.a hamabost herrialdetako erregea da, eta horietako lauk errepublika bihurtzeko prozesua abiatu dute. Jamaikak, Antigua eta Barbudak, Saint Vincent eta Grenadinek eta Belizek«independentzia osoa» lortu nahi dute.

 ©ROSALEA HAMILTON

«Jamaikan arrasto handia utzi du iragan kolonialak»

M. Elkoroberezibar Beloki

Aberastasunaren banaketa desorekatua Jamaikaren iragan kolonialaren ondorio da, Hamiltonen ustez. Errepublikaren eta demokrazia zuzenaren aldekoa da abokatua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...