Albistea entzun

Zein azoka azokaratu

Durangoko Azokaren egoera «larrialdikoa» dela azaldu du Gerediaga Elkarteak, eta laguntza eskatu die erakundeei. Azokaren eredua ere bada, ordea, eztabaidaren parte.
Durangoko Azokan, zenbait pertsona, salmahaia garbitzen eta muntatzen.
Durangoko Azokan, zenbait pertsona, salmahaia garbitzen eta muntatzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko uztailak 8

Ozena da orain hotsa, baina zurrumurru izan da luzez. Igartzen zen kezka ekonomikoaren itzala Durangoko Azokaren inguruko mezu positiboen eta balorazio baikorren pean, baina iazko azokaren aurkezpenera arte sekula aipatu gabea zuen Gerediaga elkarteak. «Estu eta larri gabiltza». 2013an, 56.000 euroko zuloa egin, eta koxka bat egin du gora orain alarmak. «Aurreko urteetako ildotik badatoz laguntzak, jasangaitza izango da egoera. Larrialdikoa». Orain aste gutxi eman zuten abisua Gerediaga Elkartekoek, Eusko legebiltzarrean. Lehenengoz, eta ozen. 150.000 euro eskatu zizkioten Eusko Jaurlaritzari, zehatz, eta hark Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen ekarpena berdinduko duela hitzeman dio. 120.000 euro bideratuko dituela. Ziurrago, bai, baina zalantzan da oraindik azoka. Ekonomikoa dirudi eztabaidak azalean, baina igartzen da ereduari buruzko debatea sakonean. «Milaka herritarren babesa daukagu, baina erakundeek ematen diguten babesa ez da neurrikoa».

Erakundeek egungo eredua babestuko duten ala ez. Motzean, hori da dilema. Bisita kopuruak alde dituen arren, aurka dituelako kalkulagailuak. Salmenta mahaiez harago joan, eta sortzaile eta eragileei atea zabaltzen dien azoka eredua da eztabaidaren muinean dagoena. Izan ere, eredu hori baita aldi berean aurrekontua puztu, eta azoka bizi mantendu duena. Eta Legebiltzarrean azaleratutako eskariarekin, erakundeen gain jarri du orain begia Gerediaga elkarteak. Konpromisoa eta zalantza, biak azaldu ditu Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Argia aldizkarian egin dioten elkarrizketan. Aurten egungo ereduarekin azoka egin daitekeela dio, batetik. «Guregatik, bai». Baina ez ditu zalantzak uxatzen etorkizunerako. «2015eko urtarriletik aurrera, hausnartu beharra dago, egonkortasuna nola eman azokari, eta etorkizuna nola bermatu».

Igogailua jaitsiz zihoanean egin zuen gorantz jauzia azokak. Behera zihoazen erakundeen aurrekontuek. Behera disko eta liburu salmentak. Behera ordura arteko kultur kontsumo eredua. Baina orduan erabaki zuten azoka hedatzea, beherakada horiekin guztiekin, eta akaso beherakada horiengatik. Azoka baino gehiago bihurtu zuten azoka, eta klabea izan zen 2011. urtea. Azokaren antolaketaren parte bilakatu zituen urte hartan Gerediaga Elkarteak sortzaile eta eragileei eskainitako guneak. Guztiak batu zituen koordinazio mahai bat sortu zuten, eta integralago bihurtu zuten azoka. Baina nabarmen eragin zuen hedapen horrek aurrekontuetan. Datuz azaldu zuen jauzia Gerediaga elkarteak legebiltzarrean. 441.000 eurotik 656.000 eurora igo zen aurrekontua 2010etik 2011ra. Baina ez berdin igo erakundeen babesa.

Azoka berriaren hazia

Zehatz. Aurten 120.000 euro bideratuko ditu azokara Bizkaiko Foru Aldundiak, eta beste hainbeste Eusko Jaurlaritzak, hasieran 80.000 euro bideratzekoa bazen ere. Iazko diru kopuru bera jarriko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arabakoak, 30.000 eta 2.000 euro, hurrenez hurren. 45.000 euro bideratuko ditu Durangok Udalak —iaz baino 15.000 gehiago—, eta ez dirudi Nafarroako Gobernuak ezer jarriko duenik. Zehazteko dago, oraindik, salmahaien alokairuarekin jasoko dena eta erakunde pribatuek emango dutena; baina, oraingoz, soka horretan aritu behar du azokak, haren gainean mantendu beharko du zutik egungo eredua.

Badu bere historia metamorfosiak; orain 23 urte hasi zen. Berbaro euskara elkartea azokan murgiltzen hasi zenean. Oihane Barrutia Saguganbara guneko koordinatzaileak gogoratzen du zerk bultzatu zituen azokan parte hartzera: altuegiak ziren erakusmahaiak umeentzat. «Bagenuen eskoletan euskarazko literatura umeei gerturatzeko proiektu bat, eta azoka Durangon egonda, proiektu biak uztartu genituen. Hala hasi ginen haur literatura aretoa azokan integratzen. Sasoi hartan, produktuak bakarrik ikusten zituzten standetan umeek, baina ezin zuten produktuak atzean daukana ikusi. Oso urrun gelditzen zitzaizkien standak». Horretarako sortu zuten, lehenik, haurrentzako literatur aretoa, eta hortik sortu zen Saguganbara. Azokako lehen gunea. Nolabait ere, 1991ko Durangon erein zen egungo Durangoren hazia. 2007an hasi zen martxan Ahotsenea. 2010an jarri ziren abian arte eszenikoen Szenatokia, ikus-entzunezkoei eskainitako Irudienea eta teknologia berriak ardatz dituen Kabi@. Eta 2012an sartu zen Plateruena kafe antzokia koordinazio mahaian.

Eta sektorea, pozik. Ereduaren inguruko zalantzarik ez da ageri, behintzat, Joxe Mari Sors Elkar taldeko zuzendari orokorraren hitzetan. «Azokak zeukan hutsuneetako bat betetzeko balio izan du egungo ereduak. Idazle eta musikariak egoten ziren eta egoten dira standetan. Baina formatua mugatua da, eta hor ez zeukan sortzaileak bere lana ezagutzera emateko aukerarik. Guneek espazio hori eskaintzen dute, eta arrakastatsua izan da». Eta, dioenez, produktuak pisurik galdu gabe gertatu da aldaketa. Azoka azoka mantenduz, alegia.

Neguan udaberri

Argi: negua da euskal kulturgintzaren udaberria. Gerediaga elkartearen arabera, azokara begira argitaratzen da urte osoko lanen %60a. Hori da kopuru orokorra, eta parekoa da Elkar taldearen kopuru zehatza ere. Murriztu egin dute mahai kopurua urte hauetan; 51 mahai jarri zituzten, guztira, iaz, adibidez. Sorsek azaldu du motiboa:«Ikusgarritasun falta da gure kulturak duen zailtasun handietako bat. Lortu behar dugu jendeak jakitea zer sortzen eta ekoizten den, eta gure lana da eskura eta hurbil jartzea».

Ez da diru laguntza publikoa urte hauetan behera egin duen bakarra, ordea. 238 mahai alokatu zizkien iaz saltzaileei Gerediagak: 2012an baino 15 gutxiago. Baina Sorsek nabarmendu duenez, azoka da oraindik ere euskal kulturak duen erakusleiho nagusia. Zentrala zen, eta zentrala da. «Egonkortasuna behar du azokak, eta guztion ekarpena funtsezkoa da, bereziki herri administrazioena. Hori blindatu eta babestu beharra dago».

Azokaren oihartzun ekonomikoa ere nabarmendu nahi izan zuten Gerediagakoek legebiltzarrean. Kalkuluak ez ziren zehatzak, baina Aitziber Atorrasagasti Gerediaga elkarteko kudeatzailearen datuen arabera, urtero izaten diren bisitarien gastuen BEZak 500.000 euro inguru uzten ditu azokak irauten duen asteburuan —iazko azokaren aurrekontua 602.000 eurokoa izan zen—. Eta bikoitz deskribatu zuten horregatik azoka elkartekoek. «Estrategikoa euskal kulturgintzarako eta errentagarritasun sozial handikoa».

Amorru apur bat

«Berandu» datoz erakunde publikoak, Gotzon Barandiaran Ahotsenea guneko koordinatzailearen ustez. «Orain bi-hiru urte mezua ez zen hain larrialdikoa, eta ez zen orain bezain argi azaldu, baina ikusi nahi zuenak ikus zezakeen». Ez da azokaren eredua, haren ustez, krisian dagoena, baizik eta erakunde publikoek kultur jarduerak sustatzeko dutena. «Gure komunitateak arlo juridiko eta politikoan dituen beharrak jaso eta beren eskumenari dagokionez martxan jartzeko daude agintariak. Ez dut uste haiek hartu behar luketenik ezeren aitzindaritza; ez dira kulturgintzaren motorra. Eredu baten gainbehera da. Krisi ekonomikoak, eredu kapitalistak eta demokrazia eredu honek hondoa jo dute, eta batzuek ez dute horren jabe egin nahi. Eredua amaituta dago. Hierarkiaz gauzak egitearen hori amaituta dago, eta kulturan hori da oso nabarmena».

Amorru apur bat onartu du Barrutiak. «Argi demostratu du azokak funtzionatzen duela eta publikoarengana ailegatzen dela. Horrek sostengua eskatzen du, baina erakunde batzuk ez daude horrek eskatzen duen mailan. Eredu honek funtzionatzen du, baina ez da egon behar besteko babesik. Amorru apur hori bai sortzen da momentu batzuetan».

Hori da orain ataka. Nolako babesa jaso, halako Durango egin. Ala nolako Durango egin, halako babesa jaso.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du

Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte

Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.