Markel Gajate. 'Go!azen'-eko aktorea

«Kantuan dantzatzen baino hobeto moldatzen naiz»

ETB1ek 'Go!azen' telesailaren laugarren atala emango du gaur, 21:00etan. Mikelen rola jokatzen du Gajatek, eta Esne Beltzaren 'Gogoak' kanta abestuko du gaurko atalean.
ETB / ETB

Urtzi Urkizu -

2016ko abenduak 9
Aktorea izateaz gain, modelo lanetan ere aritzen da Markel Gajate (Donostia, 1996). Enpresa zientzien nazioarteko ikasketen hirugarren ikasturtean dabil, halaber.

Harrera beroa izaten ari da Go!azen. Gero eta ikusle datu hobeak ditu, ezta?

Bai, lehen atalak %2,5eko ikusle kuota izan zuen, eta igoz joan gara. Bigarrenak %3ko kuota izan zuen, eta joan den astekoak %4,5ekoa.

Zu zer moduz sentitzen zara arrakastarekin?

Ondo. Oinak lurrean izan behar ditugu. Ez dugu hartu behar besteak baino gehiago bagina bezala. Jendea hurbiltzen da argazkiak eskatzera, eta pozik gaude.

10-11 urte zenituen Balbemendi telesailean aritu zinenean, Jabier Elortegiren zuzendaritzapean. Orain berriz Elortegirekin aritzeak gauzak errazten al ditu?

Hautaprobak zeudenik ez nekien, eta Elortegik deitu zidan preseski hautaprobetara aurkezteko. Elortegi nirekin gogoratu zelako nago hemen. Hala ere, hautaproba asko gainditu nituen.

Telesailan aktore gisa, kantuan eta dantzan azaltzen zara. Zer kostatu zaizu gehien?

Aktore lana ez zait hainbeste kostatu. Dantza gehiago kostatu zait. Kantuan dantzatzen baino hobeto moldatzen naiz. Koreografiak landu eta landu, dantzan ikasi dugu azkenerako.

Hilaren 22an Ordizian (Gipuzkoa) Go!azen-en antzezlana estreinatuko duzue. Nondik nora joango da?

Telesailaren ildoari jarraituko diogu, baina sei aktore bakarrik ariko gara. Duela urte dezente aritu nintzen antzerkian, baina ahaztua dut. Konturatu naiz antzerkirako berde samar nagoela, baina gogoz hartu dut. Apirilaren 9ra arte ariko gara, herriz herri.

Iruditzen zaizu 2017an telesailaren atal berriak grabatzeko aukera izango duzuela?

Itxaropena hor dago, ikusita jende askok ikusten duela. Grabaketetan lantalde polita egin genuen, eta oso ondo legoke berriro elkarrekin lan egitea.

Zein dira zure aktore kuttunak?

Euskal Herrian, Ramon Agirre; eta nazioartean, Bryan Cranston Breaking Bad telesaileko protagonista.

Etorkizunean Euskal Herrian lanik ez bada, pentsatu duzu Madrilera-edo joatea?

Bai, aukera hori beti dago mahai gainean. Beti pentsatu dut aukera horretan; horregatik ari naiz gogor unibertsitateko ikasketekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna