Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro 'Talent show' bat egingo du ETBk, eta irabazlea 'Go!azen'-en ariko da

Publizitatea

Bizigiro

'Talent show' bat egingo du ETBk, eta irabazlea 'Go!azen'-en ariko da

ETB1ek otsailean estreinatuko du 'Bago!az'. Gaur hasiko da 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioa
ETBko hainbat aurkezle neguko programazioaren aurkezpenean, Donostian, atzo.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-01-11 / Urtzi Urkizu

ETBk negu honetan izango dituen berrikuntzen artean Bago!az izeneko talent show-a dago. Otsailean estreinatuko du ETB1ek. Musika izango du ardatz. Hamabi lehiakide ariko dira nor baino nor: sei mutil eta sei neska. Zortzi aditu izango dituzte prestatzaile, eta saioko irabazleak Go!azen telesailaren atal berrietan parte hartzeko aukera irabaziko du. Izan ere, hiru atal baino ez dira gelditzen fikzioaren denboraldia amaitzeko. Edu Barinaga ETBko zuzendariak atzo neguko programazioaren aurkezpenean azaldu zuenez, atal berrietarako gidoiak ari dira prestatzen, eta uda garaian grabatuko dituzte, «irailean ematen hasteko».

2017an, «oraingoz», Go!azen izango da ETBk grabatuko duen telesail bakarra. «Badugu proiektu bat lantzen ari garena. Baina lehentasunak ikusita, Go!azen-ekin jarraituko dugu, kontuan hartuz zer emaitzak lortu dituen», esan zuen Barinagak.

ETB1en, edonola ere, izango dira berrikuntza gehiago negu honetan. Euskalduna naiz, eta zu? saioa estreinatuko dute gaur, 22:20ean. «Programa bat da, baina nahiko genuke urtean zehar horren atzean dagoen kontzeptuarekin jarraitu. Hau da, euskaldunok nola ikusten dugun geure burua. Ibilbide luzea izango duela uste dut», esan zuen ETBko zuzendariak. Anjel Alkainek berriki azaldu zuenez, saioaren hiru atal grabatu dituzte, bakoitza gai batekin: euskaldunak eta bikotea, euskaldunak eta dirua, eta euskaldunak eta eskola. Gai horien inguruan hizketan azalduko dira euskaldun ezagunak. Bestalde, esketxak egingo dituzte Aitziber Garmendiak eta Iker Galartzak. Nerea Arriola youtuberrak bakarrizketak egingo ditu, eta Unai Gaztelumendik, marrazkiak.

Egunotan, bestalde, bi saio itzuli dira ETB1era: Gailurra eta Ur handitan. Ostegun gauetan ikusi ahalko da Gailurra neguan —Barinagak iragarri du aurrerago Gailurra xtreme iritsiko dela—. Eta, asteartetan, Ur handitan saioko erreportajeak izango dira ikusgai —Xabier Madariaga da aurkezle berria—.

Astelehen gauetan ETB1ek Zinez saioarekin jarraituko du, Euskal Herriko filmak euskaraz eskainiz. Igandeetan Herri txiki, infernu handi-k jarraituko du, eta herri hauetara joango dira datozen ataletan: Maule, Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa), Basaburua (Nafarroa) eta Zigoitia (Araba).

Datorren astean, hilaren 16tik 20ra, Burubero lehiaketak aste berezia izango du. ETBko ikusleentzat ezagunak diren pertsonak ariko dira lehian.

Bi saio berri ETB2 katean

ETB2ko berrikuntzei dagokienez, bihar gauean Equipo de redacción saioa estreinatuko dute. Programa horren helburua ikerketa erreportajeak landu, eta bereziki kazetariek nola egiten duten lan erakustea izango da. «Formatu berri eta erakargarria da», azaldu zuen Barinagak.

ETB2ko beste saio berria negu honetan La imagen de mi vida izango da. «Modu kolektiboan edo indibidualki bizi izan ditugun uneak ikusaraziko ditugu saioan. Pertsona ezagunak eta anonimoak agertuko dira», azaldu zuen ETBko zuzendariak.

Igandean Todos los apellidos vascos saioaren denboraldi berria hasiko da, eta, lehen atalean, Placido Domingo abeslaria izango da protagonista. Astelehenean iritsiko da El conquistador del Caribe. Kolonbian grabatu dute.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak