ETBn euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez bultzatzeko eskatu dute

ETB2n euskaraz egitearen aldeko hautua hartu dute kirol eta kultura arloko pertsona ezagunek
Kulturgile eta kirolari ezagunek egin zuten atzo agerraldia, Donostian.
Kulturgile eta kirolari ezagunek egin zuten atzo agerraldia, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2015eko apirilak 15
Lea-ArtiBAI Euskarari elkarteak (Bizkaia) eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak komunikazio protokolo bat jarri zuten iaz martxan, euskararen arnasguneetan hedabideetako kazetariek elkarrizketatuei erdaraz egiteko ez eskatzea helburu. ETB2 kateari erreferentzia eginez, bereziki. Urola Kosta (Gipuzkoa) eskualdeko ordezkariak batu zitzaizkien gero. EITBko ordezkariekin hainbat bilera egin zituzten, eta, «urratsak» egingo zituztela agindu zuen ETBk. Bi eskualdeetan abiatutako ekinbidea Euskal Herri osora zabaltzeko deia egin dute orain kirol eta kultur munduko 140 pertsonak.

Donostian egin zuten atzo agerraldia hainbat kulturgile eta kirolarik, eskaera zehatz hau egiteko: «EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen edo ez». Agindua arau bihurtzea da haien desioa. ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde izeneko gutuna bidali diote EITBko zuzendaritzari. «Ez dago imajinatzerik ere hizkuntzaren normalizazioari zer mesede egingo liokeen ETB2n euskara gero eta gehiago entzuteak. Ikusgarritasuna emango lioke, entzungarritasuna, bizitasuna, gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke». Ekinbidea beren egiteko deia egin diete euskal herritar guztiei: «Kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezen, bere gain har dezaten hitzaren ardura».

Iratxe Ibarra bertsolaria protokoloa lantzen aritu zen hasieratik, Lea-Artibain. «Gure eskualdeetako herritarrak gaztelaniaz entzunda, errealitatea desitxuratu egiten zen». Edonola ere, garrantzitsutzat jo du ekinbidea Euskal Herri osora zabaltzea, «ikus dadin erdalguneetan ere euskaldunak daudela». Nahiz eta itxaropentsua den, une honetan ez du irizpiderik ikusten ETBn, «kazetarien araberakoa baizik».

ETBko kameren aurrean soilik euskarazko adierazpenak egiteko erabakia, berriz, duela hilabete batzuk hartu zuen Iñaki Artola pilotariak. «Gaizka Garitanoren erabakiaren berri izan nuen, BERRIAn artikulu batzuk irakurri nituen, eta horregatik erabaki nuen bakarrik euskaraz egitea». ETB2 erdal mundua euskaldunera gerturatzeko sortu zen, 1986. urtean. «Baina erdarazko adierazpenekin ez da hori lortzen», gaineratu du pilotariak. Telebistan kirolariak euskaraz entzuteak gazteengan eragina izan dezakeela uste du, gainera, Artolak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna