Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Hamaikak 'Sagarrondotik' saioko atal berriak emango ditu ostiraletan

Publizitatea

Bizigiro

Hamaikak 'Sagarrondotik' saioko atal berriak emango ditu ostiraletan

Sei atalez osatuko da denboraldi berria, eta, etzi, Xabier Amuriza izango da protagonista nagusia
Xabier Amuriza Markina-Xemeingo Axpe sagardotegian elkarrizketatuko dute ostiral honetako saioan.
Argazkia: HAMAIKA

2017-02-15 / Urtzi Urkizu

Hamaika Telebistak sagardo munduari tokia egin ohi dio urtero sagardotegi garaian. Aurten ere Sagarrondotik programa emango du, eta ostiral honetan estreinatuko du denboraldi berria, 22:00etan. Beñat Gartzia saioko zuzendari eta aurkezleak azaldu duenez, aurreko hiru urteetako formatu berbera erabiliko dute: «Saio bakoitzean pertsona ezagun bat elkarrizketatuko dugu, eta sagardoaz ariko gara harekin. Bestalde, sagardoaren kulturarekin lotutako bi erreportaje emango ditugu astero».

Programak azkeneko urteetan harrera «nahiko ona» izan duela iruditzen zaio Gartziari. «Jendeak esaten du ikusteko erraza eta entretenigarria dela. Sagardoarekin interesa duten ikus-entzuleek, behintzat, gustura daudela esaten digute».

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta sagardotegi batzuek babesten dute saioa. «Haien laguntza ezinbestekoa da proiektua aurrera eramateko. Gaiak aukeratzeko garaian ere laguntza ematen digute. Garrantzitsua da haien ekarpena».

Gartziaren iritziz, espero daitekeena baino gehiago ematen du sagardoaren munduak: «Zenbaitek pentsatuko dute sagardoa edari bat dela eta kito. Baina askoz gehiago da; azken finean, euskal kulturaren parte da, eta tradizio handiko edaria. Gauza asko mugitzen dira sagardoaren inguruan, eta euskaldunok zer izan garen ere islatzen du kultura horrek».

Jatorri izena

Programako gidariak ohartarazi du sagardotegi garaiaz hitz egiten denean Gipuzkoako Hernani, Astigarraga eta inguruko herri batzuk etortzen direla burura, baina programan azpimarratzen dutela Bizkaian ere badirela tradizio handiko sagardotegiak, baita Nafarroan ere. Gipuzkoatik kanpo grabatutako erreportaje bat baino gehiago ikusiko dira datozen ataletan.

Denboraldiko aurreneko atalean, Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea elkarrizketatuko dute, Markina-Xemeingo Axpe sagardotegian (Bizkaia). «Erreportajeetan, bestalde, txotx irekien berri emango dugu. Jatorri izenaren inguruko erreportaje bat ere emango dugu». Gartziak nabarmendu du berrikuntza garrantzitsua dela jatorri izenarena. «Sektorea indartzeko modu bat izango da jatorri izena. Ez da bakarrik zigilu bat; atzerrira esportatzeko beste prestigio bat emango dio sagardoari, eta sektorea elkartzeko ere baliagarria izan daiteke».

Datozen ataletan, Zuriñe Hidalgo, Loli Astoreka eta Xabier Agote elkarrizketatuko dituzte.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak