Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Prestakuntzako atari bat sortu dute Radiokulturak eta beste bost irratik

Publizitatea

Bizigiro

Prestakuntzako atari bat sortu dute Radiokulturak eta beste bost irratik

Toolbox tresnaren gidak bost hizkuntzatan jarri dituzte. Euskarara udarako itzuliko dituzte
Europako hainbat herrialdetako kazetariek aurkeztu zuten atzo Toolbox Interneteko tresna, Baionan.
Europako hainbat herrialdetako kazetariek aurkeztu zuten atzo Toolbox Interneteko tresna, Baionan. I. MIQUELESTORENA

2016-04-30 / Urtzi Urkizu

Komunikabideetarako, bereziki irratigintzarako, baliagarriak izango diren 60 gida praktiko jarri ditu eskura Umac irrati sareak Toolbox webgunean: toolbox.understanding-media.eu. Prestakuntzak ahalik eta modu hoberenean egin ahal izatea da sustatzaileen asmoa, eta, oraingoz, ingelesez, frantsesez, alemanez, txekieraz eta finlandieraz daude gidak. «Hungarierazko eta euskarazko itzulpenak falta dira. Baina espero dugu udarako euskarazko gidak webgunean jarriak izatea», iragarri du Mikel Etxebarria Radiokultura Internet bidezko irratiaren koordinatzaileak.

Lapurdiko irratiarekin batera, beste honako hauek dira proiektuko partaideak: Freies Radio Wuste Welle (Tubingen, Alemania), Radio Expert (Brno, Txekiar Errepublika), Tilos Radio (Budapest, Hungaria), Radio Robin Hood (Turku, Finlandia) eta Near FM (Dublin, Irlanda). Irratiotako hainbat kazetarik Baionan aurkeztu zuten atzo Toolbox atari digitala. Europako Erasmus+ programaren sostenguari esker garatu dute.

Etxebarriak nabarmendu du tresna «deneri irekia» dela, eta gida guztiak creative commons lizentzia irekiarekin jarri dituztela. «Beraz, Europako edozein biztanlek edo elkartek erabiltzen ahal du Toolbox». Irratigintza ikasi edo erakutsi nahi duen ororentzat baliagarria izango da tresna berria, Radiokulturako koordinatzaileak azaldu duenez. «Adibidez, oso interesgarria izan daiteke irrati batera langile edo boluntario berriak iristen direnean. Irakasleek, gehienetan irratietako kideek, hobekiago antolatu ahalko dituzte prestakuntzak».

Gidak lau sailetan daude banatuta: kazetari gaitasun edo kalifikazioak, produkzioari dagozkion kalifikazioak, irratiaren bidezko hedapena eta hedabideen ulermena. Gidak «ludikoak, ulerterrazak eta oso praktikoak» direla esan du Radiokulturako kideak. «Iraupenak ere eramangarriak dira: ordu bat egun bat artekoak daude».

Etxebarriaren arabera, tresna berriaren bitartez komunikabideek eskaintzen duten informazioaren «irakurketa» egin nahi dute: «Baita artikuluen idazketaren ariketa ere, pluralismoa eta aniztasuna oinarri hartuz». Irratigintza ikasteko modu berriak eskainiko ditu tresnak, baina beste helburu batzuk albo batera utzi gabe. «Esate baterako, hedabideen artean herritartasun ekintzak bultzatuko ditu».

Europako irratien artean esperientziak partekatzearekin gustura dira Radiokulturan, eta beste egitasmo bat garatzeko lehen pausoak ematen ari dira.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak