Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro ETB2k 'Equipo de redacción' saioa estreinatuko du ostegun gauean

Publizitatea

Bizigiro

ETB2k 'Equipo de redacción' saioa estreinatuko du ostegun gauean

Astero gai bat landuko dute, eta kamerek kazetarien lana nondik nora doan erakutsiko dute
<em>Equipo de redacción</em> saioko kazetariak, Sabin Egilior zuzendariarekin batera.
Equipo de redacción saioko kazetariak, Sabin Egilior zuzendariarekin batera. ETB

2017-01-10 / Urtzi Urkizu

Kazetariak kazetari lanean. Hori erakutsi nahi du ETB2ko Equipo de redacción saio berriak. Ostegunean estreinatuko dute, 22:20an. New Media Euskadi ekoizpen etxeak egingo du programa, eta astero gai bat izango dute ardatz. Gai hori nola lantzen duten jasoko dute kamerek, eta, horrenbestez, erreportajeko gaiarekin batera, kazetaritza lana izango da saioak islatuko duena.

Sabin Egilior dokumentalgilea da programako zuzendaria. «Astero gai bat aukeratuko dugu. Erredakzioan, mahai gainean gaiaren gakoak eta helburuak jarriko ditugu. Lana banatuko dugu kazetarien artean, eta, gero, kalera joango gara», azaldu du Egiliorrek. «Formatu berria da. Edukiak nola lortzen ditugun jasoko du saioak. Erredaktoreon lana erretratatzea izango da programaren ardatza».

Egiliorren zuzendaritzapean, honako kazetari hauek ariko dira saioan: Iratxe Prieto, Carlos Narganes, Iñaki Elorza, Leyre Agustin, Ane Azkue eta Erika Barreras. Sonia Ruak, berriz, koordinatzaile lanak beteko ditu.

Etzi, aurreneko atalean, adingabeen aurkako sexu erasoei buruz ariko dira. «Taldean konturatuko gara gizarteko taburik handienetakoa dela gaia. Kasu asko daude, baina salaketa gutxi. Hipotesi horrekin hasiko gara lanean, eta gaiaren isiltasunaren zergatiak ikertuko ditugu». Sexu erasoen biktima askok urte dezente pasatu ondoren kontatzen dute, Egiliorrek azaldu duenez.

Formatua aurrera eramatea «oso arriskutsua» dela uste du zuzendariak: «Kontuan izan behar da gu ez garela aktoreak. Kamerak gure lanean sartzeak bere arriskuak ditu, eta mugan ibiliko gara. Off-eko ahotsik ez da egongo erreportajeetan, eta, horren ordez, gure lana azalduko da». Taldeko kazetarien arteko elkarrizketek gidatuko dute saioaren ildo narratiboa.

Egiliorrek berak eta Imanol Lopez errealizadoreak sortu dute formatua. «Hasieran, ez genuen argi saioak funtziona zezakeen. Baina lehen atala editatu ostean, uste dugu ondo integratzen dela kazetarien lana eta erreportajean landutako gaia. Ikuslea gure lanean sar dadila nahi dugu».

Minbizia, 'Ur handitan'

Bestalde, Ur handitan erreportaje saioa gaur itzuliko da ETB1era (22:20). Hasieran, haur transexualei buruzkoa izan behar zuen lehen atalak, baina atal hori atzeratu egin dute, eta gaur minbiziaz ariko dira. Minbizia gainditze bidean jarrera baikorrak eta pertsonen borrokak duten garrantzia azpimarratuko dute. Xabier Madariagak aurkeztuko du saioa. Baleukok ekoitziko du.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak