Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro EH Bilduk «zentsura» salatu du EITBn, eta Urkulluk ukatu egin du

Publizitatea

Bizigiro

EH Bilduk «zentsura» salatu du EITBn, eta Urkulluk ukatu egin du

Jaurlaritzako lehendakariak bat egin du EITBk 'Euskalduna naiz, eta zu?'-ri buruz esandakoekin
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura sailburua, legebiltzarrean.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARP

2017-03-18 / Urtzi Urkizu

ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? saioaren aferaren inguruan salaketa bat egin zuen EH Bildu koalizioak atzo Eusko Legebiltzarrean: Espainiako atala webgunetik kentzea «zentsuratzat» jo zuen, eta Unai Urruzuno legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzako lehendakariari galdetu zion ea «sortu beharko litzatekeen EITB berrian» zentsurak lekua izan behar duen oraindik ere. Iñigo Urkullu lehendakariak ukatu egin zuen zentsurarik izan dela, eta hala erantzun zuen: «Eusko Jaurlaritzak ez du inolako zentsura neurririk proposatu edo onartu. Egin duena izan da programa zehatz baten aurrean bere iritzia plazaratu. Hori bera egin dute beste pertsona askok, erakundeek eta alderdi politikoek».

Lehendakariak gogoratu zuen EITBk berak argitu zuela programaren testuingurua, eta «eman beharreko azalpen guztiak» eman zituela. Urkulluk esan zuen bat egiten duela EITBren honako erantzun honekin: «EITB bat dator saioan egin diren adierazpenetako batzuk iraingarriak izan direla, eta horretaz jabetuta, irainduta sentitu diren lagunei eta taldeei barkamena eskatu nahi die».

Urkulluk EH Bilduko legebiltzarkideari esan zion ez duela inolako zentsura neurririk onartuko hedabide publikoetan, «ez lehen eta ez orain». Lehendakariaren arabera, EITBren kontratu programa argia da bere konpromisoan elkarbizitza sustatzeko, iritzien pluraltasuna azaltzeko eta gizarte kohesioarekiko.

Urruzunok, aldiz, nabarmendu zuen zentsuraren alde azaldu zirela PP, PSE-EE, Covite eta UPN, eta zentsuraren aurka mintzatu zen ahots profesional bakarra EITBren erredakzio kontseilua izan zela. EH Bilduko ordezkariak kritikatu zuen lehendakaria eta Jaurlaritza zentsuraren alde azaldu ziren horiengana lerratu izana. Urruzunok Urkulluri leporatu zion ETBko langileak eta programa egin dutenak babestu beharrean EITBren «zentsura» ezartzeko prest egotea, «baldin eta horrek nolabaiteko harreman batzuk egokitzen baldin baditu unionismoarekin eta brunete mediatikoa-rekin». Gogorarazi zuen brunete mediatikoa EAJko senatari batek aipatu zuela —martxoaren 6an, Jokin Bildarratzek—.

Lantaldearen osaketa, etzi

Bestalde, EITBren inguruko eztabaidak astelehenean jarraituko du legebiltzarrean. EITBren kontrol batzordeko saioa egingo dute, eta, amaieran, EITBren erreforma «integrala» egiteko lantalde bat sortuko dute. Lehendakariak atzo «itxitzat» jo zuen Euskalduna naiz, eta zu? saioaren afera, eta nabarmendu zuen berarentzat garrantzitsua dela astelehenean martxan jarriko den lantaldea.

Kontrol batzordean, LAB sindikatuaren EITBko ordezkariek agerraldia egingo dute, EITBko albistegiak: LABen diagnostiko orokorra eta proposamena txostenaren inguruko informazioa emateko. Era berean, edukietan genero parekotasuna bermatzeko neurriez ariko dira, Elkarrekin Podemosek hala eskatuta.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea