EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (III): SUEDIA

Ez da telebista komertzial bat

SVT telebistan, jabetza duen fundazioak eta administrazio kontseiluak ez dute eraginik programazioan. Argi dute helburua: presio talde guztietatik independente izatea.
Suediako SVT telebistako <em>Aktuellt</em> informazio saioko aurkezleak.
Suediako SVT telebistako Aktuellt informazio saioko aurkezleak. ANDERS MOHLIN / SVT

Urtzi Urkizu-Unai Aranzadi -

2017ko otsailak 26

Sveriges Radio irrati publikoa 1925ean sortu zuten, eta enpresa horrek jarri zuen martxan Sveriges Television, 1956an. Eskutik joan ziren irratia eta telebista 23 urtez, baina 1979tik enpresa independenteak dira Suediako irrati eta telebista publikoak.

SVT Suediako telebista sozietate anonimo bat da, eta haren jabea, fundazio bat. Herritarrek telebista aparailua izateagatik tasa bat ordaintzen dute, urtean 230 euro ingurukoa; irratia ere tasaren bidez finantzatzen da. «SVTren programazioa ez da komertziala. Publizitaterik ez da onartzen. Soilik kirol emanaldien babesleak onartzen dira», azaldu du Hanna Dowlingek, SVTko prentsa arduradunak.

Telebista publikoaren antolakuntza ereduari dagokionez, batetik fundazio bat dago, «gobernuak eta parlamentuak izendatua». Fundazio horretako ordezkari batzuk alderdi politikoetakoak dira, baina beste batzuk, ez. «Fundazioak izendatzen du telebistaren zuzendaritza batzordea, eta, kasu horretan, erakunde horretako ordezkariak ez dira inoiz politikariak izaten». SVTko prentsa arduradunak nabarmendu du ez administrazio kontseiluak ez fundazioak ez dutela eraginik izaten telebistaren programazioan. «Administrazio kontseiluak SVTren kontseilari ordezkaria izendatzen du». Antolakuntza horrekin independentzia lortu nahi dela adierazi du Dowlingek: «SVT eragin politikotik eta komertzialetik aske mantentzea da helburua. Fundazioak, gainera, motelgailu baten gisan funtzionatzen du, politikarien eraginaren eta zerbitzu publikoaren artean».

Independentzia ziurtatzeko, gutun bat dago SVTren eta Estatuaren artean. «Tartean dira baita ere barneko programazioaren arauak edo gidalerroak. Edonola ere, gutunak presio talde guztiekiko —politikoak, komertzialak...— independentzia bermatzen du». Albistegietako eta informazio saioetako independentzia defendatu ditu Dowlingek: «Telebistaren puntu garrantzitsuenen artean dago aztertzea agintariek, erakundeek eta enpresa pribatuek zer eragin duten herritarrei zuzendutako politiketan, eta aztertzea politika horiek nola betetzen diren».

Albiste saio bat samieraz

Jatorrizko bertsioetan, hautu argia du Suediako telebista publikoak: helduentzako atzerriko saioak ez dituzte bikoizten, eta jatorrizko bertsioan emititzen dituzte, suedierazko azpidatziekin. Soilik haurrentzat direnak bikoizten dituzte.

SVTko prentsa arduradunak, bestalde, nabarmendu du telebistak «ardura handia» duela samien kultura eta hizkuntza zabaltzen eta garatzen, «bereziki datozen belaunaldiei begira». Astegunetan albiste saio bat ematen dute samieraz: Oddasat. «Horrez gain, badaude beste programa mota batzuk samien hizkuntzan, bai haurrentzat, bai gazteentzat, bai helduentzat». Iaz, esate baterako, Sapmi sisters eta Sapmi love programak eman zituzten samieraz, baita hainbat dokumental ere.

Suediako telebista publikoak bost kanal ditu: kate jeneralista bat familia osoarentzat, entretenimenduan eta albistegietan espezializatua; gazteentzako kate bat, kultur saioekin eta saiakera esperimentalekin; haurrentzako kanala, 07:00etatik 19:00etara; SVT24 informazio kanala, 19:00etatik 07:00etara; eta kulturan eta arteetan espezializatutako bosgarren katea. Nahieran zerbitzua ere badauka telebistak Interneten, 2006. urtetik. Hain zuzen ere, Svt.se atarian telebistaren zuzeneko eskaintza ikus daiteke, eta artxibo historikoko lanen artean zein ikusi aukera daiteke.

Telebistako zergak badu berezitasunik. Ikuskatzaile batzuk etxez etxe joaten dira, atea jo eta telebista kopuruaz galdetzen dute, baina ezin dira etxe barnera sartu. Herritar batek baino gehiagok erantzuten du ez duela etxean telebistarik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Mikel P. Ansa

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

Ander Perez Zala

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Adinekoen aldeko mezua. ©L. J / FOKU

Eguneko zentroak berriz martxan ipiniko dituzte

Berria

Orain bi aste, COVID-19aren kasuen igoerak arduratuta, eguneko zentroak ixtea komeni zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna