Albistea entzun

EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (II): ALEMANIA

Prezioa ikusita, hala moduzkoa

Munduko irrati-telebista publikoko partzuergo garestiena du Alemaniak. Etxebizitza guztiek nahi ala nahi ez ordaindu beharreko hileroko 17,5 euroko zerga batekin finantzatzen da.
Alemanian biziki maite dituzte polizia telesailak. Irudian, <em>Tatort,</em> 1970etik astero milioika lagunek ikusten duten saioa.
Alemanian biziki maite dituzte polizia telesailak. Irudian, Tatort, 1970etik astero milioika lagunek ikusten duten saioa. ARD

Danel Agirre -

2017ko otsailak 19 - Berlin

Irrati-telebista finantzatzen duen zerga ezabatzea da azken urteetan babes zabala eskuratu duen Alemaniarentzat Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdiaren agintza nagusietakoa. Herrialdeko etxebizitza bakoitzean erroldatutako maizterren batek ordaindu beharrekoa da Rundfunkbeitrag delakoa: 17,5 euro hilero. Ez da zerga federala, eta norberak eman behar du kontu korrontearen zenbakia bere etxebizitzako ordainketaren erantzule bihurtutakoan. Telebista, irrati eta Internet konexiorik gabe bizitzeak ez du salbuesten betebeharra. Langabe izateak ere ez. Jabetza asko dituenari beste horrenbeste bider pagatzea tokatzen zaio. Izena emandako ordaintzailerik gabeko etxebizitzetako maizterrek Alemaniako egunerokoan garrantzi berebizikoa duten zordunen zerrendetan amaitu ohi dute. Estigma horrek askoz zailago bilakatzen du pisua alokatu, bankuan mailegua lortu edo lanpostu hobea topatzea.

ARD, ZDF eta 3SAT telebista kate nazionalak eta Deutsche Welle nazioarteko zerbitzua, irrati publikoa, lander ezberdinetako igorleak, orkestra publikoak eta kontrol organoak biltzen dituen partzuergoak bederatzi mila milioi eurotik gorako aurrekontua du 2017rako. Ez dago munduan zenbateko horretara hurbiltzen den beste herrialderik. Biztanle bakoitzeko gastuan ere ez: bakoitzak ia 100 euro urtero Alemanian, 70 Erresuma Batuan, 50 inguru Frantzian —EAEn 80 bat, EITBren 60 eta RTVEren 20 batuta—. Aipatu zergarekin ez ezik, publizitatearekin ere biltzen da diru sarreren beste zati bat. Hori askoz apalagoa da, sare osoan ordutegi eta emankizun gutxi batzuetara mugatuta baitago iragarkiak jartzeko aukera —telebista kate nagusietan, galarazita daude 20:00etatik aurrera—.

Hemen ere, BBCren bekaizti

Rundfunkbeitrag-aren faktura begiratzen duten bakoitzean, bere irrati-telebista behar bezain txukuna ez den susmoa dute alemaniar gehienek, inkesten arabera. Albistegien eta saio politikoen independentziari buruz mesfidati diren bakarrak eskuin muturreko boto-emaileak dira. Edukien kalitate orokorrari buruzko kexua askoz hedatuagoa dago, ordea. Fikzioaren eta dokumentalen kasuan, ekoizpenak Alemaniatik kanpo saltzeko zailtasuna hartu ohi da nazioarteko beste irrati-telebista publiko batzuetakoek baino maila kaskarragoa dutelako frogatzat. BBC erabili ohi da hemen ere erdietsi nahiko litzatekeen estandar moduan. Erresuma Batuko irrati-telebistak halako ia bi xahutzen du Alemaniakoak, eta haren bikaintasunaren inbidia du.

ARD, ZDF eta sarearen gainerako igorle guztien programen zuzentasuna zaintzeko mandatua Rundfunkrat deituriko kontrol organoek dute. Dozenaka dira, irrati eta telebista bakoitzak berea baitu. Alderdi politikoetako ordezkariek ez ezik, sindikatuek, erlijio handienek, gobernuz kanpoko erakundeek, gertakari historikoen biktimek eta beste hainbatek ere izan ohi dute eserlekua halakoetan, kasu bakoitzaren arabera. Oro har, kazetariek ez dute presio politikorik deitoratu ohi. Badira salbuespenak: 2012an, Bavariako CSUren prentsa arduradunak dimisioa eman behar izan zuen, jakin zelako lander hartako telebistako albistegien erredakziora deitu zuela presioa egiteko asmotan.

Alemaniako irrati-telebistaren egitura zabalean etxeko kazetari, jurista eta administrariak aukeratu ohi dira zuzendari moduan aritzeko. Ziklo politikoek ez diete eragiten izendapenei.

Atzerritik datorren ikus-entzulearen kasuan, bai irratiko eta bai telebistako albisteen zurruntasuna da arreta emango dion lehenbiziko ezaugarrietakoa. Berriak azpialdean musikarik gabe irakurri ohi ditu sarri, minutu luzez, ahots bakar batek. Lapurreta, hilketa eta antzeko krimenei buruz ez aritzea adostua dute kazetari eta zuzendariek, atentatu, gerra edo gatazka politikoen ondorio ez badira. Xelebrekeria dirudi, gero polizia telesail eta filmen eskaintza zenbatu ezinezkoa baita Alemaniako telebistan. Guztietan ezagunena ARDk 1970az geroztik igandero ematen duen Tatort da: hamar milioi lagunek ikusten dute, eta tabernetan ohikoak dira lagunen arteko juntadizoak telesail hori ikusteko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Gaiak

Albiste gehiago

1 ©ENEKO SALABERRIA / EZEZAGUNA

Ezkilen hotsak badu ahotsa

Ainize Madariaga

Unescok ondare immaterialeko kultur ondasun gisa onartu du Espainiako Estatuko ezkilen eskuzko jotzea. Iruñeko katedraleko, Iurretako, Aretxabaletako eta Oiartzungo kanpai joleek eman dute beren lekukotasuna. Ipar Euskal Herrian ez da haboro ezkila jolerik atzematen.
 ©NATXO MATXIN EDESA / FOKU

«Gizakia anekdota bat da eboluzioan»

Naroa Torralba Rodriguez

Darwin txarto interpretatua izan da: eboluzioa ezin da ulertu espezie orok Lur planetan duen elkarrekiko dependentziarik gabe. Lotura hori erakusten du Ptqk-k zuzendutako Zientzia frikzioa erakusketak.

 ©GEJA KUIKEN

«Bildtsez idatzitako lehen nobela ez dadila azkena izan»

Olatz Silva Rodrigo

Bildts dialektoan idatzitako lehenengo eleberria argitaratu du Gerard de Jongek. Nortasunari eta kidego batekoa izateko sentimenduari buruzko liburua da. Tradizio baten lehenengo urratsa egin duela adierazi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...