Albistea entzun

EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (IX): KATALUNIA

Kulturaren sustatzaile

CCMAk hiru ardatz ditu: Gobernu Batzordea, parlamentuan erabakitako sei kidek osatua; Aholku Kontseilua, edukien aholku arduraduna; eta Zuzendaritza Batzordea.
Kataluniako telebista publikoaren errealizazio gela bat.
Kataluniako telebista publikoaren errealizazio gela bat. CCMA

Saioa Baleztena -

2017ko apirilak 9

Corporacio Catalana de Mitjans Audiovisuals (CCMA) da Kataluniako irrati eta telebista publikoaren guardasola. 1983an sortu zuten, eta 2007ra bitarte Corporacio Catalana de Radio i Televisio izena hartu zuen.

Telebista kate jeneralista bakarra abiatu zuen 1983an, eta, berehala, herritarren lehentasun bilakatu zen. Bortz urte geroago, 1988an, Televisio de Catalunyak kultura eta kirola jorratzeko kanal berria sortu zuen: 33. kanala. 1991n, haurrentzako telebista katearen alde egin zuen, Super3 kanalaren bitartez.

Lurreko telebista digitala (LTD) iritsi zenerako, TV3 aitzindaria zen euskarri horretan, baina urrats bat gehiago egin zuen, hiru kanaleko izateari utzi eta bortz kanaleko bihurtuta. Horrela, hizkuntza bermatzeko eskaintza tematikoa sendotu zuten, eta kultura gaiak 33. kanalera bideratu, haurrentzako Super3, albiste zerbitzuak 3/24 kanalean kokatu, eta kirolarentzako Esport3 kanala sortu.

CCMAk eredu sinplifikatua du, 2013an Televisio de Catalunya eta Catalunya Radio enpresek bat egin, eta konpainia bakar bihurtu zirenetik. «Krisi ekonomikoaren ondorioz, baliabideak %30 murriztu ondoren, bat egitearekin lortu dugu baliabideen koordinazioa optimizatzea», adierazi du CCMAko presidente Nuria Llorach i Boladerasek.

CCMA hiru ardatzez osatua dago: Gobernu Batzordea, parlamentuan erabakitako sei kidek osatua; Aholku Kontseilua, eduki eta programazioen aholku arduraduna; eta Zuzendaritza Batzordea. Gaur egun, CCMAko presidentetza ardurak Llorach presidenteordeak betetzen ditu, Brauli Duart presidenteak iazko apirilean, osasun arazoak zirela tarteko, karguari uko egin zionetik. «CCMA sortu zenean, British Broadcasting Corporation (BBC) oinarritzat hartu zuen, hedabide nazional, hertsi izateagatik eta zuen kalitate, erreferentzia eta lidergoagatik, nahiz eta funtsean hainbat desberdintasun dauden», dio Llorachek.

Prozesu subiranistak indarra hartu zuenetik, zalantzan jarri da sarri CCMAren independentzia ideologikoa. Media.cat Hedabideen Behatoki Kritikoak 2014an argitaratu zuen ikerketa baten arabera, Kataluniako irrati eta telebista publikoetako mahai inguruetan parte hartu zuten 69 kideetatik 43 ziren independentziaren aldekoak, 21 kontrakoak, eta sei neutralak.

Sigfrid Gras TV3eko eduki zuzendariak azpimarratu duenez, audientziak Kataluniako telebista publikoa albiste erreferentziatzat bakarrik ez, baizik eta telebistarik inpartzialentzat du. «Hainbat alderdiren interpretazio interesdunetatik urruti, datuek diote TV3eko programazioa dela gehien ikusia Katalunian, eta GFK enpresaren neurketak 8,4ko puntuazioa ematen digu», gogoratu du.

Antzekoak dira CEO Iritzien Ikerketa Zentroak aurten argitaratu dituen lehen emaitzak: inkestan parte hartu dutenen %44,3k ikusten ditu TV3 eta 3/24. «Entzuleriak gugan sinesten du, eta, gainera, TV3 da Espainiako Estatuan kontrol gehien duen telebista. Hilero parlamentuan egiten diren kontrol saioez aparte, erakunde independentea den Kataluniako Ikus-Entzunezko Kontseiluaren (CAC) pluraltasun txostenen menpe dago», gaineratu du Grasek.

Independentzia ideologikoaren eztabaidaz harago, egun korapilatsuak izan ditu CCMAk. Erakundearen bortz goi kargudun ohik aste honetan iragarri dute baliabide publiko gehiagoren eta oreka alderdikarien arabera erantzungo ez duten kudeatzaile berrien beharra dagoela. Korporazioak duen egoera «larritzat» jo dute. Alde horretatik, Llorechek adierazi du 2010ean 450 milioi euro zeuzkatela, eta 2016an 306 milioi zituztela. «Horrek baliabideen murrizketa zorrotzak eragin ditu. CCMAk ikus-entzunezko ekoizpenen inbertsioa murriztu du batik bat. Ondorioz, hedabide publikoak lidergoaren marra gorriaren gainean egotera pasatu dira, zuzendaritzak azken urteetan behin eta berriz ohartarazi duten bezala».

Hori gutxi balitz bezala, ostegunean Kataluniako Parlamentuak gaitzetsi egin zuen Vicent Sanchis TV3ko zuzendaria, Junts pel Siren proposamena zurtz utzita, «adostasunik gabe eta interes ideologikoek lehenesten duelako hautagaitzak». Egoera horri aurre egiteko, erronkak «betikoak» direla azaldu du presidenteak: «Katalanezko hedabide publikoak pluralak, aitzindariak eta erreferentziakoak izaten jarraitzea, hizkuntza eta kulturaren sustapena bermatzen jarraitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Badakigu inoiz ixtera kondenatuta gaudela»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Denda bat baino «zerbait gehiago» da Donostiako Eskulanen Etxea. Jostekoak saltzen dituzte, eta hurbiltasuna josi. Ixteko zorian izan dira, baina aurrera egitea erabaki dute. Asteartean irekiko dute berriz, berrituta.
Clara Garcia Astrain eta Javier Plou, ikerketa taldearen laborategian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Tumoreen 'igeltseroak'

Jakes Goikoetxea

CIC Biomaguneko ikerketa talde batek tumoreak hazten ditu hiru dimentsioko aldamioetan, eta haien barne funtzionamendua aztertzen du, nanopartikula plasmonikoen bidez. Tumorea osatzen duten elementuen arteko interakzioak ezagutu nahi dituzte.
Amalur Arbelaiz. ©ETB / EZEZAGUNA

Iritsi da 'Baserria'-ren finala

Urtzi Urkizu

Amalur Arbelaiz-Xabi Orbegozo eta Gari Lauzirika-Gontzal Viaga arituko dira lehian, igandean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.