Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika ETA «erabat desarmatzea» jarri dute helburu Zoido eta Le Roux Barne ministroek

Publizitatea

Politika

ETA «erabat desarmatzea» jarri dute helburu Zoido eta Le Roux Barne ministroek

Kargua hartu zutenetik, lehen aldiz bildu dira Espainiako eta Frantziako Barne ministroak. «Elkarlanak jarraitu egin behar du», adierazi dute
Bruno Le Roux eta Juan Ignacio Zoido Barne ministroak, atzo, Parisen egindako bileraren ondoren.
Argazkia: FERNANDO PEREZ / EFE

2017-01-11 / Hodei Iruretagoiena

Lehengo ildotik jarraitzen dute Madrilgo eta Parisko gobernuek ETAren armagabetzearen gaian. «Atentatuak egiteko erabili ahal izan dituzten arma eta munizio guztiak berreskuratu behar ditugu». Helburu hori jarri dute Frantziako eta Espainiako Barne ministro Bruno Le Roux eta Espainiako Juan Ignacio Zoidok, Parisen, kargua hartu zutenetik egindako lehenengo bileran. Le Rouxek nabarmendu du ETA «erabat desarmatu» behar dela: «Terrorismoaren aurkako borroka lehentasuna da gure lurralde osoan, eta elkarlanak jarraitu egin behar du».

Ez da denbora asko Zoido eta Le Roux Barne ministro karguan direla. Lehenengoak azaroaren 6an hartu zuen Jorge Fernandez Diazen lekua, Espainiako Kongresuak Mariano Rajoy presidente aukeratu ondoren. Bigarrenak, berriz, abenduaren 6an, Frantziako presidente François Hollandek Bernard Cazeneuve Barne ministro ohia lehen ministro izendatu ostean. Bi aldeen arteko lehenengo topaketan, ETAri buruz ez ezik, «terrorismo jihadistaz», immigrazioaz, Europako Batasuneko eta estatuen arteko mugen kontrolaz eta narkotrafikoaz ere aritu dira.

Zoidok eskertu egin dio Le Rouxi ETAri aurka egiten jarraitzeko agertutako borondatea. Frantziako ministroak adierazi du «erabateko armagabetzea» behar dela, eta harago ere joan da Espainiakoa: esan du ETAk «armak behin betiko entregatzea» eta hura «erabat desegitea» nahi dutela. Eta erantsi: «Eta, beraz, egindako krimenak aitor ditzala, barkamena eska diezaiela biktimei eta erantzukizun zibilari erantzun diezaiotela».

Frantziaren dokumentazioa

Eskerrak ematen jarraituta, Zoidok goraipatu egin du Frantziak Espainiari ETAri buruzko dokumentazioa eman izana. Joan den ekainean egin zuten hitzarmen baten ondoren, Parisek Madrilen esku jarri zituen, garai hartan jakinarazi zutenez, ETAren «milaka dokumentu, armak, lehergaiak eta bestelako materiala». Horiek denak atxiloketa eta inputazio berriak egiteko balia ditzaketela azaldu zuen atzo Espainiako Barne ministroak: «Oso erabilgarriak izango dira argitu gabeko hainbat kasu ikertzeko».

Ez horretarako bakarrik. Auzitegietan erabili ondoren, material hori Gasteizen eraikitzekoak diren Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentrora eramateko asmoa ere agertu du Zoidok.

Frantziaren eta Espainiaren arteko elkarlana «bikaina» dela nabarmendu dute bi Barne ministroek, eta, horren adierazgarri, gogora ekarri dituzte azkenaldian egindako atxiloketak. Mikel Irastorza, David Pla eta Iratxe Sorzabalen izenak aipatuta, esan dute ETAko «zuzendari garrantzitsuak» zirela.

Luhuson (Lapurdi) egin zuten Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak ETAren armagabetze prozesuaren aurkako azken operazioa, eta gizarte zibileko bost lagun atxilotu zituzten, armak suntsitzen ari zirela. Hori ez zuten aipatu ministroek atzoko bileraren osteko agerraldian.

Bestalde, EBko «terrorismoaren biktimen» estatutu bat sustatzeko asmoa duela ere aurreratu zuen Zoidok Parisko bileraren ondoren. «Ekintza terrorista edonon gertatu dela ere, biktimek aitortza bat izan dezaten».
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea