Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Natur zientzien sektore sendo baten bila

Publizitatea

Iritzia

Natur zientzien sektore sendo baten bila

 

2015-11-05 / Martxel Aizpurua - Biologoa eta Arkamurka, natur elkarteko kidea

Gogoratzen dut 1970eko hamarkadan Bartzelonan ikasten ari ginela nola saiatzen ginen elkartzen Euskal Herriko biologia-ikasle ginenok, han elkar ezagututa, gero hemen elkarrekin zer edo zer egingo genuelakoan. Gogoratzen dut handik etorri eta Iruñeko Larraona Ikastetxean hainbat urtetan zenbat jende ezagutu genuen UEUko Natur Zientzietako taldean. Bizkaiko Leioako Unibertsitateko ikasle-irakasleekin topo egiten genuen eta, modu berean, Gipuzkoan han eta hemen sakabanaturik zeuden ikastetxeetako hainbat irakasleekin. Gero, 1980ko hamarkadaren erdialdera Larraonara joateri utzi nion nire lanbideak eragozten zidalako eta UEUko orduko lagunekin noizean behin topo egiten banuen ere, urrundurik egon izan naiz.

Baina, gutxiena uste nuenean, 2013ko Natur Zientzien I. Topaketa antolatu zuen UEUk, eta Zarauzko Arkamurka Natura-Elkartea gonbidatua izan zen Zarauzko hezeguneei buruz hitz egiteko. Horra UEUrekin izandako bigarren enkontrua. Pozgarria izan zen 150 lagun aurkitzea naturaren inguruko gaietan interesatuta: biologoak, geologoak, irakasleak, ikasleak, ingurumen-arduradunak, funtzionarioak eta abar. Denak euskara hutsean hitz egiten eta elkar ezagutzen. Oilo-ipurdia jartzen zait orain ere lerro hauek idaztean. Laino batean bezala pasa nituen Donostiako ordu haiek. Orduan esan ziguten handik bi urtetara egingo zela bigarren topaketa. Gazte animosoak ziren antolatzaileak eta, gazte izanik, bazen arriskua handik bi urtetara munduko beste punta batean, edo beste lanbide batean egotekoa. Baina ez, badator Natur Zientzien II. Topaketa 2015eko azaroaren 28an eta 29an. Zorionak eta esker mila, lagunok!

Ez da erraza gure herri honetan elkar hartzea, elkarrekin egoteko eta elkar ezagutzeko lan denak utzi eta topaketa batzuetara etortzea. Aitzakiaren bat erraz topatzen dugu, eta ez beti itxurazkoa, isolatzeko. Topaketa irekiek, UEUko hauek kasu, gure herriak behar duen sektore sendo eta indartsua sortzen lagunduko dute. Optimismo horrekin etorri nintzen duela bi urte eta optimismo horren bila joango naiz aurten ere.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak