Albistea entzun

«Munduari irekitako leiho handi bat izango da ikuskizuna»

Donostia 2016 kultur hiriburutzaren ekitaldi nagusia bihar egingo dute, Maria Kristina zubian.

50.000 lagun biltzea espero dute
Hansel Cereza, Xabi Paya eta Enara Garcia, atzo, Tabakaleran, Maria Kristina zubia atzean dutela.
Hansel Cereza, Xabi Paya eta Enara Garcia, atzo, Tabakaleran, Maria Kristina zubia atzean dutela. JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Ainhoa Sarasola -

2016ko urtarrilak 22 - Donostia

Pantailak, argi fokuak, aldamiozko egiturak, bafleak, garabiak... Langileak batera eta bestera dabiltza egunotan Donostiako Maria Kristina zubian. Bertatik igarotzen denak nabarituko du zerbait handi prestatzen ari direla. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren inaugurazio ekitaldi nagusia da zerbait hori, eta ikuskizun handia izango dela iragarri dute antolatzaileek. Zubiaren inguruko ibai ertzetatik eta Santa Katalina eta Mundaiz zubietatik ikusteko modukoa. 50.000 lagun inguru bilduko dituena. Argiz eta soinuz betea. «Horrelako ekitaldiak ez dira ikuskizun soila izaten; munduari irekitako leiho bat dira, erakusleiho handi bat», azaldu du Hansel Cerezak, ikuskizunaren zuzendari artistikoak. Etzi izango da ekitaldia, 20:00etan, eta herritar guztiei parte hartzera dei egin diete.

Cerezaren gidaritzapean prestatzen ari dira ekitaldia. La Fura dels Bauseko sortzaile izandakoak badu eskarmenturik halakoetan, Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetako inaugurazioan ere aritu baitzen zuzendaritza artistikoan. «Ekitaldi bakoitza bakarra da, eta bere DNA propioa du. Egun berean egin eta amaitzen da, eta ez da errepikatzen. 'Ni han izan nintzen' esaldiarekin lan egin behar izaten da». Esan du halakoak beti direla konplexuak, eta kasu honetan hiriburutzaren balioak, kontzeptua bera ikuskizun bilakatzeko erronka izan duela. Horretarako, dokumentatzeaz gain, «hiria bizitzen» saiatu dela azaldu du, inspiratuko zuten leku eta gaien bila. «Azkenean, oinarrian, jendearen sentimenduak daude». Halakoen osagai garrantzitsuena «beti giza faktorea» izaten dela gaineratu du Cerezak, eta «donostiarrek eurek bere ekitaldia egitea» izan duela helburu.

Ekitaldiaz xehetasun handirik ez du eman nahi izan sortzaileak, baina herritarren parte hartzea eta Mikel Laboaren Baga, biga, higa kantua funtsezko osagaiak izango direla aurreratu du, eta alderdi emozionalari eman dio garrantzirik handiena. «Hasieratik eragingo du zirrara». Izenburua Elkarbizitzaren zubia izanik, ekitaldian zubi bat eraikiko dutela aurreratzeko moduan dagoela esan du, «baina ez nola egingo den hori». Nolanahi ere, herritarren parte hartzea eta protagonismoa nabarmendu ditu. Horren erakusle, Laboaren abestiaren hitzekin 50.000 eskuorri banatuko dituztela azaldu du, jendeak kanta dezan. Gaineratu du, hala ere, ikusleen parte hartzea ez dela horretara mugatuko.

Bi zatitan banatuko dute ikuskizuna, eta, guztira, ordubete inguru iraungo du. Sortzaileak aurreratu duenez, lehen zatiak batez ere «edukietan» jarriko du arreta, eta bigarrena, berriz, ludikoagoa izango da. Ikusi ahal izateko, Frantzia, Gernika eta Federico Garcia Lorca pasealekuetan pantaila handi batzuk ere jarriko dituzte. ETB2 eta La2 telebista kateetan ere zuzenean ikusi ahal izango da.

Herritarrak «protagonista»

Abendu hasieran ekin zieten ekitaldia prestatzeko entseguei, eta horietan 900 herritar baino gehiago ari direla parte hartzen azaldu du Enara Garciak, Donostia 2016ko partaidetza arduradunak. Hiriko hainbat kolektibo eta eragiletako kideak dira gehienak, orotara 52 elkarte baitira zuzenean inplikatuta daudenak, Garciaren hitzetan. Horien artean daude, besteak beste, hainbat konpartsa, dozena bat abesbatza eta herri kiroletan aritzen diren hainbat talde. Bakoitzak ekitaldiaren zatitxo bat baino ez du ezagutzen. Herritar talde horrek gidari lanak beteko dituela azaldu du Garciak,

eta ekitaldira hurbilduko diren herritar guztiak izango direla «protagonistak».

Horiez gain, egunean bertan beste 300 bat lagun boluntario lanetan ariko direla nabarmendu du. Inguruetan ibiliko dira horiek, jendeari argibideak ematen eta bestelako lanetan. Horretarako aurreikusia zuten jende kopurua «bermatuta» badago ere, nahi duenak oraindik boluntario gisa izena emateko aukera duela gaineratu du Garciak.

Ekitaldiaren atzean prozesu luzea eta «jende askoren ahalegina, gogoa eta ilusioa» daudela adierazi du Xabier Payak, kultur programaren arduradunak. «Helburu nagusia hiriburutzaren balioak aurkeztu eta jendea horiekin gozaratzea izango da». Horregatik, herritar guztiak hurbiltzera eta parte hartzera deitu ditu. «Aukera ezin hobea izango da Donostia 2016 zer den ikusteko ez, baizik eta bizitzeko eta gozatzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Cat Power, azken diskoaren promozio argazki batean. ©MARIO SORRENTI

Bizitza bat bertsioetan

Alex Uriarte Atxikallende

Cat Powerrek 'Covers' albuma plazaratu du. Bere ibilbide musikalean funtsezkoak izandako 11 egileren kantuen bertsioak egin ditu, eta 'Hate' izeneko bere abestia berrinterpretatu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.