Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Idazten aritzetik idazle izatera

Publizitatea

Kultura

Idazten aritzetik idazle izatera

Galiziako haur eta gazte literaturako idazle nagusietariko bat da Ledicia Costas. Profesionalizazioak dituen zailtasunez aritu da hizketan Bilbon.
Ledicia Costas idazlea, Bilbon, Deustuko Unibertsitatean emandako hitzaldian.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-03-12 / Iñigo Astiz

Bidegurutzean ikusi zuen bere burua Ledicia Costas idazleak (Vigo, Galizia, 1979): abokatu izan eta gustuko ez zuen ofizioan jarraitu, edo galizierazko idazle profesional izaten saiatu. «Suizidio bat zirudien, baina erabaki hori hartu nuen, eta uste dut ez nuela oker egin, orain zoriontsuagoa naiz eta». Egun, idaztea ogibide duten galizierazko idazle gutxi horietariko bat da, eta, nahiz eta eleberriak eta poemak ere idazten dituen, haur eta gazte literaturak eman dio sona. Bereziki arrakastatsua izan da, esaterako, hildako sukaldari baten gorabeherak kontatzen dituen liburua, Escarlatina, a cociñeira defunta (Eskarlatina, sukaldari hila). Heriotza, gastronomia eta umorea uztartzen ditu bertan idazleak, eta, besteak beste, Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Saria jaso zuen hari esker, 2015ean. Euskal Herrian izan da egunotan, eta De profesión, escritora (Lanbidez, idazlea) hitzaldia eman du Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. Baina maitagarri ipuinik ez haren azalpenetan, esan duenez zinez zaila baita hizkuntza gutxitu horretan idazteaz bizi ahal izatea.

Soziolinguistika aipatu du traben artean, esaterako. «Inbidia izaten dut Kataluniara eta Euskal Herrira etortzean: hemen zuen hizkuntza maite duzue; Galizian ez. Auto-gorrotoa erabat barneratuta dago. Oso ohikoa da Galizian jaio, hazi eta bizi den norbaiti entzutea galizierak ez duela ezertarako balio». Baina horrekin aski ez, eta, halakoekin batera, maiz, bi galdera jaso ohi dituela dio. Lehen galdera: «Zergatik idazten duzu galizieraz?». Eta bigarren galdera: «Zergatik idazten duzu haur eta gazteentzat?». Kexu mintzo da. «Erabateko outsider baten pare ikusten naute: galizieraz eta umeentzat! Ez dute ulertzen nola utzi nion abokatu izateari».

Agustin Fernandez Paz idazleak aldatu zion ikuspegia berari. Ume zela irakurri zuen, harekin liluratu, eta orduan erabaki zuen galizieraz idatziko zuela, baita, are, bere etxeko hizkuntza gaztelera izanik ere. Costasek azaldu duenez, tradizio sendokoa da haur eta gazte literatura Galizian, eta idazle zerrenda luzea eman du horren frogatzat. Herenegun hasi zen Pontevedrako Liburuaren Azoka ere aipatu du, gainera. Hamazazpigarren azoka izango da aurtengoa, eta iazkoan 32.000 bisitari hartu zituen.

Heriotza da umeentzako bere libururik ezagunenaren gai nagusietariko bat. «Umeak txikiak dira, bai, baina baita argiak ere», azaldu du, eta, dioenez, asko dira eskolako topaketetan beren senideen heriotzari buruz hitz egiten dioten haurrak. «Helduok dugun ezintasunaren ondorio da hori: ez dakigu nola kudeatu heriotzaren gaia umeekin, eta iruditzen zitzaidan interesgarria izango zela doluari buruzko liburu bat idaztea ume horiengana heltzeko».

Idazletzaren paradoxak

Baina profesionaltasunak ere baditu bere paradoxak. «Talentua ez da aski», aitortu du. «Zortea ere behar da». Eta berak zortea izan duela dio. «Eskoletan irakurketa gomendatuetan sartu naute, eta sari batzuk irabazi ditut». Baina hor paradoxa. «Gertatzen dena da orain sustapen lan horrek idatzi ahal izateko denbora asko kentzen didala. Urtean lau hilabete ditut idazteko. Gainera, urtero elikatu behar da irakurleria».

Eten bat dago hor, ordea, eta zail da helduentzako literaturari esker bizitzea. Costasen hitzetan, irakurle asko galtzen dira haur eta gazte literaturatik helduen literaturarako jauzian. Horregatik, are gutxiago dira helduentzako literatura idaztea ogibide duten idazle profesionalak. «Baina badaude kasu batzuk». Pedro Feijoo, Yolanda Castaño eta Maria Lado aipatu ditu, esaterako. «Meritu handia du lanbide honetan duintasunez bizitzeko saiakera egiteak».

Idazketa prozesuan alderik ez, ordea, Costasentzat. «Helduentzat idazterakoan dudan inplikazio bera izaten dut beti gazteentzat idazterakoan ere». Jostagarri zaio idazketa, eta gakoa da hori, dioenez. «Pentsa, dibertituko ez banintz, akabo!».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak