Albistea entzun

Arantza Tapia. Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua

«Lortu behar da langileen ahotsa benetan ordezkatuta egotea»

Lan hitzarmenen auzia konpontzeko «nahitaez» lanean hasi behar zela dio Tapia sailburuak, eta ELAk eta LABek gogoeta egin behar dutela, «mahai batean eseri gabe ez baitago hitz egiterik»
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin Tejeria -

2016ko abuztuak 6 - Donostia

Donostiako Andia kaleko bere bulegoko leihotik, turista andana joan-etorrian ikus dezake egunotan Arantza Tapiak (Astigarraga, 1963). Oraindik ere gehiago ikusiko direla uste du, «sektorea hazteko tartean duelako». Legegintzaldia bukatu da, eta ez daki bulego horretara itzuliko den; bai, ordea, euskal enpresak «munduko ekonomia berrira hobeto egokitzen» lagundu duela azken urteotan. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kide gisa, eragin mugatuko itunak orokortzeko akordioa babestu du, eta ELAri eta LABi hausnartzeko eskatu die: beren desadostasunak azaltzeko besterik ez bada ere, mahai batean eserita nahi ditu, «hortik hasten baita akordioa».

Zergatik da ona ordezkaritza gehien duten sindikatuak kanpoan utzi dituen akordioa?

Lan harremanen korapiloa askatzea zen mahaiaren helburua, abiatu zenetik. Gehiengoa duten bi sindikatuek beti esan dute ez direla mahai horretan eseriko. Bi aukera zeuden: lehena zen bi sindikatu horiek are urrutirago eramatea blokeo hori, eta horrekin ez genuen inolako ekimenik hartuko haiek ez daudelako; bestea zen lan egin nahi duenarekin lan egiten saiatzea. Lanean hastea izan zen erabakia Juan Mari Aburto Enplegu sailburuaren garaitik, eta akordio hau izan da saio horren emaitza.

Lanean hasi aldeetako baten ordezkari nagusiak ez daudela?

Beste herrialdeetan, industria mundua eta lan harremanak aldatzen ari dira, eta Euskadin ere trantsizio hori egin behar da, modernizazio batean sartzeko. Ez naiz esaten ari langileek eskubideak galdu behar dituztela, baizik harremanek beste era batekoak izan behar dutela. Mahaiaren akordioa sinatzeko garaian, hausnarketa hau egon da: «Badago aurrera egiteko era? Bai? Ba, egin dezagun lanerako prest daudenekin, eta azkenean denak etorriko direlako esperantzarekin». Beste irtenbidea zen ezer ez egitea bi sindikatu horiek ez daudelako, eta hori ez da zilegi. Lanean hasi behar genuen, nahitaez.

Euskal itunak babesteko akordioa egin duzuela diozue. Estatalizazioa, ordea, CCOO-UGTk eta CEOEk jarri dute martxan Madrilen, Confebask kide den enpresarien elkarteak. Adolfo Muñozek salatu duen moduan, estatalizazioa egiten dutenekin sinatu du Jaurlaritzak?

Uler dezaket Muñozek hori esatea, sindikatu bakoitzak bere interesak babestu behar dituelako, baina gauzak nahastea da hori. Prozesua dator lan erreforma onartu zelako estatuan eta hemen ez garelako gai izan itunak egiteko; eta erreformaren kontra geunden eta gaude, baina horrek ez du esan nahi Euskadin ez ditugula gure hitzarmenak martxan jarri behar. Lan harremanak babestu behar ditugu, eta, aldi berean, gai izan behar dugu itunak sinatzeko; ez badira sinatzen, bietako batek nahi ez duelako da. Konfiantza harreman bat behar dugu hitzarmenak egiteko, eta horrek ez dauka zerikusirik guk estatalizazioaren alde sinatu dugula esatearekin. Hemengo itunen alde egin dugu; ahalik eta itun onenak sinatu behar dira, ados, baina hemen sinatu behar dira; ez digu balio maximalismora jotzeak, «horrela ez» esateak eta ezertxo ere ez egiteak.

Jaurlaritzak dio eragin mugatuko ituna ez dela inposizioa, langile bakoitzak jakinarazi behar duelako hura nahi duela. Hori esatea ez al da tranpa egitea, jakinda inor gutxik onartzen duela lankidea baino baldintza okerragoetan geratzea?

Hasteko, eragin mugatuko ituna azken aukera gisa ikusten dugu. Baina nik justu alderantziz ikusten dut gai hori: langileen artean baldintzak hobetzeko benetako nahia badago, jakinda ordezkatzen dituzten langileak itunaren alde daudela, zergatik batzuetan uzten dute eragin mugatuko itun bat sinatzen? Niri horrek sortzen dit zalantza.

Esaten ari zara ELAk eta LABek sinatzeari uzten diotela jakinda bere afiliatuek kontrakoa nahi dutela?

Ez, inolaz ere ez. Baina zerorrek esan duzu langile batzuk prest daudela beste sindikatu batzuek sinatutako itunei lotzeko. Agian langile horiek beste harreman mota bat nahi dute enpresarekin. Kontua da lortu behar dela langileen ahotsa benetan ordezkatuta egotea; ez dut esaten hala egiten ez denik, baina, gehiengo bat hobekuntza baten alde badago, agian denek egin beharko genuke gehiago helburu horren alde. Eragin mugatuko itun bat egiten bada eta %80k baino gehiagok horri lotzea erabakitzen badute, pentsa daiteke gehiengoak akordio bat nahi zuela.

Ordezkari sindikalak erabiltzea baino modu hobea ba al da langilearen ahotsa entzuteko?

Langileen ahotsa entzuteko modu asko daude. Batzordeak hitzarmen baten aldeko lana egin behar du, jakina, baina parte hartzea era askotakoa izan daiteke, batzordearen zereginetik harago. Enpresaren kudeaketan parte har dezakete, adibidez; ereduak badaude beren ahotsa zuzenean entzuteko. Ezagunak dira eredu horiek Europako iparraldean; hau ez da berria. Enpresa bateko langileen %90ek eragin mugatuko itun bat onartzen badute, hausnarketa egin behar da, igual ez dugulako egoera ongi ulertu.

ELAk eta LABek agindu dute ez diotela bake soziala emango ez Jaurlaritzari eta ez patronalari. Ez du ematen akordio egin berriak auzi politikoa itxi duela.

Ez zen ixteko, bide bat urratzen hasteko baizik. Akordioak ez du esaten «bukatu da eta kito», baizik «lanean has gaitezen» adostasunaren bila.

Zenbat galduko zuen ekonomiak inoizko lan harreman gatazkatsuenen zamarengatik?

Ez dago jakiterik, baina, hitzarmenak blokeatuta egon diren arren, ez da inoizko gatazka handiena egon. Denok egon gara arduratuta krisiaren aurrean gure ehunari eusteko lanean: enpresariak eta langileak. Ahalegin handiak egin dira, langileen aldetik izugarriak, eta orain agian beste jokaleku bat daukagu. Ekonomiaren hazkundeari eutsi behar diogu, eta langileek, beren eskubideei. Industria beste jokaleku batera atera den bezala, lan harremanek beste jokaleku batera atera behar dute. Eta asko kostatzen ari zaigu molde zaharretatik ateratzea.

Eusko Legebiltzarrean laugarren alderdia zenak onartu zuen erreforma Madrilen, eta euskal patronalak hasieratik heldu zion horri. Zenbaterainoko ardura dauka Confebaskek gertatu den honetan guztian?

Lehen ere esan dut: gatazka bat ez da hasten bietako batek nahi ez badu edo amore eman nahi baldin badu, baina alde biek egin behar dute ahalegina. Hala ere, erreformaren aurretik, herri honetan hitzarmenak sinatzeko arazo larri bat zegoen, eta krisian geundela iritsi zen erreforma; horrek guztiak eragin du azken urteotako egoera. Espero dut ELA eta LAB ere, nahiz eta beren posizioak ez utzi, irtenbide baten bila hastea, mahai batean euren desadostasunak azalduz, mahai batetik kanpo ezin baita.

Altzairugintza da legegintzaldiko azken arantza zure sailean. Zumarraga itxi dute, eta ez du itxura onik Sestaoko ACBk...

Gure altzairugintza zabala da, eta arazoak dituena eraikuntzari lotuta dagoen zatia da. Baina, hor ditugu altzairu bereziak, autogintzarako eta aeronautikarako egiten direnak, tutu motakoak... Horrek badu geroa, baina ikerketa eta berrikuntzaren bidez. Zumarraga itxita balego bezala sailka dezakegu. ACB bestelako arazoa da, hor bai egiten baitira beste produktu batzuk. Baina jabeak bere planta guztiak ikusten ditu munduan, eta ekoizpena nora eraman erabakitzen du. Mittal jaunak salgai jar dezala ACB lehenbailehen, seguru nago-eta izango duela eroslerik.

Xantaia egiten ari zaizkizue ACB zabaltzeko?

«Jaurlaritzaren laguntzak jasotzen ez baditu, ez dugu ACB irekiko»; zer hitz jarriko diogu horri? Erabili duzun horrek balio du. Gure diru laguntza lehiakortasuna sustatzeko da, eta proiektu onenentzat. Hortik kanpo, Jaurlaritzak ez du beste ezer egingo. ACBk zabalik egon behar du, eta epe luzerako. Ez dago besterik.

Multinazionalen zama ez dela txikia.

Ez pentsa: herri honetan multinazional on asko ditugu.

Baina mundua da haien jokalekua, ez Euskal Herria. Zer gertatuko da orain ITP eta Gamesarekin, adibidez? Nora garamatza botere zentroak galtzeak?

Jabeak saldu egin nahi badu, oso konplexua da hori geratzea. Nik ezin diot eragotzi pribatu bati saltzea. Botere zentro guztiak Euskadin edukitzea nahiko genukeela? Bai noski, baina badira hainbat eta hainbat multinazional Euskadin bertako enpresak ematen dutenak: esaterako, Michelin, Mercedes eta Bridgestone, asko baitira. Multinazionalak egotea ez da txarra: inbertsioa erakartzen dugula esan nahi du. Honek bi norabide ditu, gainera. CIE Automativek, Oronak edo Iberdrolak atzerrian enpresak erosten dituztenean ez da nabarmentzen hainbeste. Eta oso zilegi eta oso onuragarria da.

Mondragon taldea geratuko da beti. Haien botere zentroa ez da mugitzen Euskal Herritik.

Oraingoz horrela da, baina Oronak ez ditu erosketak kooperatiba moduan egiten, adibidez. Mondragonek sare izugarria dauka atzerrian, eta espero dugu erroak ez mugitzea hemendik, baina mundu mailara irtetean era askotara irteten da. Garrantzitsuena da taldeko enpresa horiek lehiakorrak izatea, Fagor Etxetresnekin ikasi dugun moduan.

Presidente berria dauka taldeak: Iñigo Uzin. Nola ikusi duzu Mondragonen egondako eraldatze prozesu luzea?

Hausnarketa handia egin dutela badakit. Kosta egin zaie prozesua burutzea, baina denak ados egoteak badu garrantzia, eta Mondragonen enpresa asko daude. Ez dute inbertsioetarako dirua jarriko duen akziodunik, baina garbi daukate hazi behar dutela, eta baita bazkideei bakarrik ezin dietela dirua eskatu ere. Gogoeta handi batean murgilduta daude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Guggenheimeko garbitzaileek Bilbon egin duten manifestazioa. ©Monika Del Valle / FOKU

Guggenheimeko garbitzaileek babesa eskatu diete hura diruz hornitzen duten erakunde publikoei

Imanol Magro Eizmendi

223 egun daramatzate greban, eta Jaurlaritzak esku hartzea erabaki du, baina, oraingoz, artekari moduan bakarrik

Elma Saiz Ekonomia kontseilaria Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak pandemia aurreko urtean baino %5,8 gehiago bildu du 2021ean

Xabier Martin

2020an baino %15 gehiago bildu du ogasunak: 4.170,4 milioi euro; alegia, 543,3 milioi gehiago. Zorra ere kitatu du Foru Gobernuak: 465 milioi euro arindu du, eta gaur egun 3.152 milioi euroko zor publikoa dauka.

Langraitzeko enpresaren sarrera. ©FIASA

Langile bati egindako jazarpen sexuala salatu du Fiasako batzordeak

Xabier Martin

ELAk, LABek eta UGTk esan dute enpresak «abusu sexuala ezkutatu» nahi izan duela, eta ez duela «arduraz» jokatu zuzendaritzako kide batek emakume langile bati egindako jazarpenaren aurrean.

Bizkaia dorrea, Bilboko Plaza Biribilean. ©juanan ruiz / foku

Neguriko familien bi funtsek Bizkaia dorrea erosi dute

Iker Aranburu

165 milioi eurotik gora ordainduko dizkiote oraingo jabeari. Solarpacken salmentari esker, 445 milioi euro patrikaratu zituzten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.