Noiz sortua: 2016-03-17 00:30:00

Berta Caceres, konbikzioaren indarra

Oskar Hernando eta Hartzea Lopez Arana - (2013an Hondurasen egondako, ikuskatzaile ordezkarien izenean)

2016ko martxoak 17
Badira bizian gertatzen diren topaketetan pilak kargatzen dizkiguten pertsonak: irmoak, eskuzabalak, nekaezinak. Egoera latzetan euren ingurunea baikorki dirdiratzen dakitenak. Tokian bertan jardutearekin batera, gertatzen zaiena munduaren gorabeheretan argi kokatzen dutenak. Mendiak mugitzeko gaitasuna dutela dirudi.

Horrelakoak dira militante ezagun batzuk. Haiekin egon, eta gogoa, ilusioa berehala berpizten dizute. Hondurasen, esate baterako, jabe handien esku dagoen estatu feudal ezezagunean, nekazarien, indigenen edo emakumeen eskubideen alde antolaturiko liderrak dira, kolektiboen zerbitzura osoki jarriak. Erdialdeko Amerikako beste herri auzoen iraultza ospetsuen itzalean, burujabetza esperientziak praktikotasunera ekarri eta injustizia guztien aurrean aurpegia ematen dabiltzanak.

Ez zaie batere erraz. Burua altxatzen duten bakoitzean, ongi dakite zer arriskatzen duten. Arazoak tiroz trenkatzea usadioa den lurralde horretan, mehatxuak heriotza agindu bilakatzen dira maiz, eta bilkuretara, ekitaldi publikoetara joateko hamaika segurtasun neurri hartu ohi dituzte. Bertako kazetari, abokatu, oposizioko alderdi politikoen kideen gisara. Ofizialki, Estatuak babestu behar lituzke, eta Estatuaren manuz dira hiltzen, liberalismoak trabarik ukan ez dezan. Zenbakiak izugarriak dira: 2002tik 2014ra, militarrek eta sikarioek ingurugiroaren defentsan ibilitako ehun eta hamabi aktibista erail zituzten, palmondo afrikarra ustiatzen den eskualdean gehienbat, Aguánen. Ez dago ia inoiz epaiketarik, eta, dagoenean, gertakariarekin ezer ikustekorik ez duten gizajo batzuek bukatzen dute kartzelan.

Berta Caceres joan den martxoaren 3an erail zuten, La Esperanza herrian. COPINH erakunde indigenen kontseiluko sortzailetarikoa eta bozeramailea zen. Gobernuak berehala lapurreta kasu bati egotzi dio afera, nahiz testuingurua Gualcarque ibaian DESA izeneko enpresak eraiki nahi duen proiektu hidroelektrikoa izan. Aste batzuk lehenago, obrak hasteko beren lurretatik kanporatu biztanleek jakinarazi zuten enpresa horrek guarda paramilitarrak kontratatu zituela. Segimendu, bahiketa saio eta tiroketen berri ere eman zuten ere, tartean Berta Caceres eta beste kide batzuk jazarriak izan zirela.

Berta Lenca taldeko partaidea zen, Espainiar konkistaren garaietan erresistentzian sutsuki aritu etnia zaharraren ondorengoa. Mexikoko Chiapas, Kolonbiako Cauca edo Txile eta Argentina arteko maputxeen antzera, Lenca etniakoek jatorriko hizkuntza eta sinesmena dituzte bizimodu. Uretik, lurretik eta artotik jalgi izakiak direla dio euren kosmos ikuspenak, eta ibaiak sakratutzat jotzen dituzte. Meategi, urtegi, egur mozketek kultura eta natura hausten dizkiete, eta, sarritan, altxatzen dira mota horietako esku-hartzeen aurka. COPINH erakundeak 2012an urtegiak eraikitzen dituen munduko enpresa txinatar handienaren egitasmo bat oztopatzea lortu zuen. 2009an, ekainean iragan Estatu kolpea arbuiatzeko ere lehen lerroan jarri ziren Lencak, beste komunitate eta sektore herrikoiekin batera Honduras aldatzeko prozesu eratzaile sakona burutuz.

Bertarekin egoteko aukera behin baino gehiagotan ukan genuen gure zeregin internazionalistetan. 2013ko azaroan bertara joan euskal delegazioarekin COPINH-en egoitza ezagutarazi zigun, bere sorterrian. Han bildu herritarrek asanblada horizontalari, parekotasunari jartzen dizkieten lehentasunak harritu gintuen, baita kapitalismoari, patriarkatuari, arrazismoari dioten herra. «Natur baliabideak gatazka gogorren iturri izanen dira datozen urteetan», segurtatu zigun orduan Bertak, eta humanitatea esnatu behar dela ondorioztatu, «berantegi izan baino lehen».

Emakume indartsu hau joan zaigu, bizia kausa ederrei emanik. Berta vive, la lucha sigue! izan da haren ehorzketan milaka lagunek oihukatu dutena. Mezu horrek gaitu betetzen, Euskal Herrian eta nazioarteko elkartasunean animoz aurrera segitzeko. Bertarekin mundua politikoki eta ekonomikoki errotik aldatu nahi duten denekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna