Albistea entzun

GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (VII). David Meseguer. Kazetaria

«Iturriak ondo zaintzea oso garrantzitsua da»

Gatazka armatu bat gertatu eta handik urte batzuetara herrialdea nola dagoen ezagutaraztea funtsezkoa iruditzen zaio Meseguerri. Hogei urteren ostean, Balkanetako gerra eta Bosnia jarri ditu adibidetzat.
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2015eko urtarrilak 4

Sirian sei aldiz izan da, eta hara itzultzeko gogoz da David Meseguer (Benicarlo, Herrialde Katalanak, 1983). Besteak beste, Ara, Gara, France24 eta Associated Pressentzat egiten ditu lanak, testuak zein argazki eta bideoak.

Nola hasi zinen gatazketako herrialdeetan lan egiten?

Tokiko kazetaritza egiten hasi nintzen Bartzelonan, eta asko ikasi nuen. Gatazkak betidanik interesatu zaizkit. Gerra osteak dauden lekuetara joaten hasi nintzen, Kosovora eta Bosniara, adibidez. Ondotik, kurduenganako interesa piztu zitzaidan, gerrillarekin izan nintzen. Gadafi erori zenean Libiara joan nintzen.

Kurdistanek garai batean ez zuen interesik pizten; ez orain bezala, behintzat. Istorio interesgarriak aurkitu dituzu han?

Bai. Sei urte dira Kurdistango gaiak jorratzen ditudala. Karlos Zurutuza han zebilen, inork kasurik egiten ez zionean. Istorio asko aurkitu daitezke han. Erresistentziaren istorio bat da, estaturik gabeko herri batena. Kurduek Sirian duten rolak arreta piztu du orain hedabide handietan.

Nahiz eta egun arriskutsua den, Siriara joateko gogoz zaude?

Bai. 2012an birritan izan nintzen oposizio siriarrarekin. Orduan ere arriskuak zeuden. Baina egia da iaztik hona, Estatu Islamikoa azaldu denetik, leku batzuetan kazetarientzat lan egitea oso zaila dela. Bahitua izateko arriskua ezin duzu kontrolatu, babesgabe zaude. Horregatik, kazetari askok uko egin diote Siriara joateari. Eremu kurduan oraindik segurtasun pixka bat badago.

Nola moldatzen zara bidaietan ekonomikoki?

Bidaiatu aurretik, lan plangintza bat egiten dut. Tokian zer aurkitu dezakezun badakizu gutxi gorabehera. Gerra batek muturreko egoeran jartzen du gizakia, eta beti aurkitzen dituzu istorio berriak. Bidaia errentagarria izan dadin, ahalik eta komunikabide gehienekin lan egiten saiatzen naiz —gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez—. Kazetari multimedia izatea ere garrantzitsua da: testuak, argazkiak, bideoak...

Freelance batentzat ardatzetako bat halako herrialdeetan kontaktuak izatea da, ezta?

Bai, hala da. Toki batera lehen aldiz joaten zarenean agian lankide batek kontakturen bat eman diezazuke. Eremu batean egona bazaude, iturriek lagun zaitzakete inguruko beste kontaktu batzuk emanez. Garrantzitsua iruditzen zait iturriak ondo zaintzea. Kurdistan siriarrean maiz egon eta gero, hango iturriak denboran zaintzen saiatzen naiz. Nahiz eta epe luze samar batean hara ez joan, pertsonekiko interesa azaltzen dut. Haien bizitza nola doan jakiten saiatzen naiz. Gainera, ez dakizu noiz itzuliko zaren hara.

Gatazken bilakaera ezagutzeko tokietara itzultzea garrantzitsua dela diote freelance askok.

Horrela da, bai. Badira gatazka batzuk ez daudenak komunikabideen goiburuetan, baina oraindik ere interesa dute. Hor daude, esate baterako, Libia edo Mendebaldeko Sahara. Adibidez, Balkanetako gerra amaitu zenetik hogei urte bete dira aurten. Nahiz eta Bosnian batailarik eta hildakorik ez egon, gerrako zauriek irekita jarraitzen dute. Gatazka armatuak bukatu eta handik urte batzuetara herrietara joatea garrantzitsua da, ezagutarazteko zer gertatzen ari den.

Istorio tragiko bat kontatzeko orduan kazetariak nola jokatu behar du?

AEBetako kazetaritzan fokua eta albistea askotan kazetaria da. Uste dut jokabideak guztiz kontrakoa izan behar duela: kazetariak ez du azaldu behar, eta albistea errefuxiatua edo gatazka pairatzen ari den pertsona izan behar du. Hartzaileari ez zaio interesatzen kazetariak zer zailtasun dituen. Liburu batean, agian, kazetariak konta dezake zer gertatu zaion, lizentziak hartuz.

Nola baloratzen duzu sare sozialetako kazetaritza?

Ohitu gara politikarien prentsaurrekoetatik txioetara. Twitterreko kazetaritzan sakontasuna, analisia eta informazioaren testuingurua galtzen da. Tresna gisa erabilgarriak dira sare sozialak, zabalik daude herritarrentzat. Baina zenbaitetan kazetariei kritikak egiten zaizkie, tokian egon gabe, eta funtsik gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Unai Etxenausia

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.
Ezkerretik eskuinera, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria, Eñaut Agirre eta Zineb el-Ghaouti gurasoak, eta Karmele Perez Huheziko irakaslea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskola denentzat izan dadin

Ane Insausti Barandiaran

Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Urtzi Urkizu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...