Albistea entzun

PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA I. Ramon Salaberria. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea

«Papera uztea ez da derrigor salbazio bidea»

Datozen igandeetan, BERRIAk elkarrizketa sorta bat argitaratuko du prentsa idatziaren trantsizio digitalaz eta kazetaritzaren etorkizunaz. Ameriketako Estatu Batuetako joerak ondo ezagutzen ditu Salaberriak.
BERRIA / EZEZAGUNA

Urtzi Urkizu -

2016ko urtarrilak 31

Nafarroako Unibertsitateko Interneti Buruzko Ikerketen eta Bizitza Digitalaren Zentroko zuzendaria da Ramon Salaberria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1970). 2014-2015eko ikasturtean Texasko Unibertsitatean (AEB) ikertzaile aritu zen.

Prentsaren trantsizio digitala zein egoeratan ikusten duzu oraintxe?

Teknologia digitalen prentsako eragina XXI. mendeko lehen hamarkadan gertatu zen nagusiki. Hamarkada honetan aldaketa gehiago gertatuko dira telebistan egunkarietan baino. Egunkariek sortutako informazioaren kontsumo mota egikaritu da jada. Hartzaileen gehiengo batek Internet bidez irakurtzen ditu egunkariak. Horrek ez du esan nahi papera luze gabe desagertuko denik. Baina egunkari nagusien marka Internetera pasatu da.

Montrealgo La Press egunkariak egunero paperean argitaratzeari utzi dio, eta tabletako bertsiorako utzi du egunerokoa.

Inbertsio handia egin zuen duela bi urte, eta tabletetako bertsioa ezagutzen dudan onenetakoa da. Europan antzeko zerbait egitea ari dira aztertzen zenbait egunkari. Dena den, paperean argitaratzeari uzteak funtziona dezake testuinguru batzuetan, baina ez da derrigor salbazio bidea. Estatu handi batean banaketa egin behar duen egunkari batentzat, paperaren zabalpenak arazoak sor ditzake. Eskualde eta tokiko eremuetan, arazoa mugatuagoa da.

Ameriketako Estatu Batuetan lanean izan zara urte batez. Nondik nora doaz hango egunkari handien joerak?

Ez dago garai zaharren nostalgia. Irekiagoak dira egun dagoen aukerarekin. Aldaketak ez du esan nahi paperezko egunkariak desagertuko direnik, baizik eta paperak enpresan zuen hegemonia galtzen duela. Hedabide digitala bihurtu da kazetaritza enpresaren zentroa, batik bat egunkari handienetan.

Egunkari digitaletan berrikuntzak sortzeko saiakerak fruituak ekartzen ditu gerora?

Hogei urte ez dira alferrik pasatu. Edizio digitalek genero, eredu, kontatzeko modu, multimedia eduki eta bestelakoak garatu dituzte. Kontaketa modu batzuk liluragarriak dira, bereziki hedabide anglosaxoietan; adibidez, The Guardian-enak. Interneten aukera komunikatiboak gero eta hobeto erabiltzen dituzte zenbait egunkarik.

Sare sozialetan nola aritu behar dute kazetariek?

Interneteko sare sozialak eremu natural bat dira kazetaritzarentzat. Informazio tresnak dira, eta jendea haietan dago. Kazetaritza enpresek ezin diete bizkarra eman sare sozial horiei. Baina informazioaren bat-batekotasunak erantzukizuna dakar, argitaratzen den informazioa kontrastatzeko ahalmena txikiagoa baita. Zuhurtasun profesionalak handiagoa izan behar du. Edonola ere, sare sozialak osagarriak dira, eta ez dituzte komunikabideak ordezkatuko.

Bat-batekotasunak ez al du analisi sakona jaten?

Hedabide digitalen bat-batekotasuna arazotzat jo izan dute, baina ez naiz hain ezkorra. Presaka ibiltzea beti izan da betebehar bat kazetarientzat. Bat-batekotasuna ez da txarra, berez, eta aukera gisa interpretatzen dut.

Komunitate txikietan, euskal hiztunena bezalakoetan, hurbiltasun handiagoa egon daiteke komunikabidearen eta hartzailearen artean?

Sareak ekarri dituen bertuteetako bat komunitate kulturalen zabalpena da. Komunikabide batek, Interneti esker, kultur komunitateak sor ditzazke; adibidez, Amerikan dauden euskaldunek euren kulturako jarioa jarrai dezakete.

Kazetaritza onak beti izango al du etorkizuna?

Bai. XXI. mendean informazioaren gizartean bizi gara. Kazetariak informazioaren profesionalak dira, eta zaila dirudi horiek lekurik ez izatea informazioaren gizartean. Kazetaritzak egokitu egin behar du, baina kazetaritza informazioak ez du erakarpena galdu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Denok dugu atera nahi duen artista bat barruan»

Itsaso Jauregi

Artista izatearen inguruan hitz egin du Intxustak, baita CG Arte dendaren bilakaeraz ere: «Arreta handia eskaini behar zaio egunerokoari, eboluzioan ez galtzeko; beti adi egon behar duzu».
Nahia Sillero eta Sua Enparantza. ©EITB
 ©BERRIA

Urduritasunak gora, azazkalak ahora

Amaia Jimenez Larrea

Antsietatea, urduritasuna edo dena delakoa baretzeko asmoz, askok azazkalei hozka egiten diete. Ez dago azazkalei hozka egiten uzteko tratamendu finko eta eraginkorrik, baina adituek emozio horien jatorria aztertzea gomendatzen dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...