Albistea entzun

PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA III. Simon Peña. EHUko Kazetaritza Fakultateko dekanoa

«Testu unitatea da orain saltzen den kontzeptua»

Daniel Garcia-Gonzalez eta Iñaki Lazkano EHUko irakasleekin batera, Europako Batasuneko 28 egunkari handiren trantsizio digitala aztertu du Peñak. 'Comunicar' aldizkarian argitaratu dute ikerketa, gaztelaniaz.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2016ko otsailak 14

2013ko maiatzetik da Kazetaritza Fakultateko dekanoa Simon Peña (Donostia, 1974). Tentuz ari zaie erreparatzen komunikabideetako kontsumo joera berriei.

Europako Batasuneko egunkari garrantzitsuenak aztertu ostean, ondorioztatu duzue kazeta tradizionalen markak garrantzi handia dutela Interneten.

Oraindik ere, markek merkatuan duten erreferentzialtasuna nabarmena da; pisu handia dute euskarri tradizionaletatik digitalera egiten den jauzian. Komunikabideek, ezagunak izateaz gain, alor edo esparru jakinetan duten ezagutzak indarra du. Zenbait markaren sinesgarritasuna ere aintzat hartzekoa da. Azkeneko bost urteetan hedabide digital natiboak sortu dira; horiek ere euren izena hartzen hasi dira, eta espazio propioa izango dute.

Ordainpeko eredu zurrunak dituztenek eta eskualdeetako egunkariek zailagoa dute Interneten lidergoa mantentzea?

Gaur egun, errentagarritasuna lortzeko, komunikabideei zaila egiten ari zaie behar duten masa kritikora iristea. Hori lortzen ari dira esparru oso zabala dutenak. Frantzian, adibidez, Ouest-France egunkari erregionala liderra da paperean, baina ez Interneten. Negozio ereduetan, publizitatearen bitartez bakarrik finantzaketa lortu nahi dutenek ahalik eta irakurle kopuru handiena izan nahi dute, edozein dela bidea. Beste egunkari batzuek harpidetza digitalak sortu dituzte. Bi ereduak elkarrekin biziko dira. Batzuentzat zein besteentzat, garaiak gogorrak dira. Izan ere, papereko publizitatean galtzen diren sei eurotatik bakarra baino ez da berreskuratzen Interneten.

Egunkari batzuk mundu osoko hedabide bihurtu dira: Daily Mail, The Guardian...

Hizkuntzaren araberako egoera da hau. Estatu askotan hitz egiten diren hizkuntzek zabalkuntzarako esparru naturala aurkitzen dute Interneten. Erresuma Batuko egunkariek arrakasta handia dute Ameriketako Estatu Batuetan, han estatuko prentsa ahul dagoelako. Eduki motak ere badu zerikusia horretan.

Zer garrantzi du komunikabideentzat euren komunitateen erreferente izateak, demagun euskararen kasuan?

Kasu honetan, neurtzeko moduak ez du kuantitatiboa izan behar, baizik kualitatiboa. Euskaraz ari den komunikabide batek irakurle kopuru mugatua izango du Euskal Herritik kanpo. Baina egiten duen zerbitzua oso-oso garrantzitsua da kualitatiboki.

Europako egunkari handien webguneetan, bisita asko bilatzaileetatik eta sare sozialetatik datoz. Zer eragin du horrek?

Hedabide digitalen nortasunean berritasun handienetakoa da hori. Orain arte, paperezko kontsumoa produktu jakin batena egin da, produktua bere osoan. Interneten kontsumoa ez dago lotuta produktu jakin bati, baizik eta produktu sorta bati. Gainera, sare sozialen bitartez, albisteak unitate gisa kontsumitzen dira. Testu unitatea da saltzen den kontzeptu berria. Beraz, albiste bakoitzak izan behar du saltzeko gaitasuna. Perbertsio bat bada hor, eredu sentsazionalista sortzeko tentazioa dagoelako. Bilaketen eragina ere nabaria da, eta, horregatik, sarean posizionamendu teknikak erabiltzen ari dira egunkari handiak.

Zer diote kontsumo datuek?

Erresuma Batuan papera bakarrik irakurtzen dutenak %20-25 dira. Hau da, irakurleen lautik hiruk papera eta euskarri digitala edo soilik digitala kontsumitzen dute. Ezaugarri berriak ditu kontsumo horrek. Interneten, hedabide bakoitzari minutu bat edo bi eskaintzen dizkio irakurleak.

Enpresen orain arteko eredua aldatu egin da. Zer analisi egiten duzu?

Askoz ere hedabide gehiago izango ditugu, baina ahulagoak. Egundoko oparotasuna jaso dezakegu kiosko birtualean. Ikerketen arabera, irakurleek gero eta denbora gehiago inbertitzen dute Interneteko kontsumoan. Hedabideen negozio eredua da kolokan dagoena, urteotako publizitatearen jaitsieraren eraginez. Jarduera informatiboa, informazioa kudeatzeko adituen eta kazetarien beharra ez dago kolokan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Unai Etxenausia

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.
Ezkerretik eskuinera, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria, Eñaut Agirre eta Zineb el-Ghaouti gurasoak, eta Karmele Perez Huheziko irakaslea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskola denentzat izan dadin

Ane Insausti Barandiaran

Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Urtzi Urkizu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...