PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA IV. Gumersindo Lafuente. Kazetaritza digitalean aditua

«Euskara aukera izan daiteke, ez muga»

Espainian gehien saltzen diren egunkarietako edizio digitalak aldatzeko prozesuetan parte hartu zuen. Bere kabuz dabil orain. Sinetsita dago komunitate bat inguruan izateak eredu iraunkor bat ekar dezakeela.
BERRIA / BERRIA

Urtzi Urkizu -

2016ko otsailak 21
El Mundo eta El País egunkarien edizio digitalen arduraduna izan zen, eta Soitu.es atari berritzailea sortu zuen 2007an Gumersindo Lafuentek (Madril, 1957). Pobreziaren aurkako PorCausa fundazioa zuzentzen du gaur egun.

Zein da kazetaritzaren etorkizunari buruzko eztabaida garrantzitsuena?

Zentzua duen kazetaritza herritarren zerbitzura dagoena da, botere ekonomikoak eta politikoak kontrolatzen dituena. Kazetaritza horrek independentzia behar du. Egun, komunikabideen independentzia ekonomikoa zaila da. Baina hobe da xumetasunean bizitzera ohitzea, kazetaritzaren balioei eutsiz.

Interes ekonomikoek dute lehentasuna kasu gehienetan.

Mezuak banalizatzeko joera dago, audientzia handiak lortzea baita helburua. Telebistaren bidea da hori, baina bide horrek ez du irtenbide onik.

Ba al dago aukerarik akziodun boteretsuen interesen menpe dauden komunikazio taldeek kazetaritza digitalak dituen erronkei aurre egiteko?

Komunikabide batzuek talde multimedia handi bihurtzeko anbizioa izan dute, eta, hori finantzatzeko, burtsan sartu dira. Akziodunen interesei gehiago begiratzen diete irakurleen interesei baino. Horrek independentzia kentzen die hedabideei. Kazetaritza erromantizismorik gabe gelditzen da.

Kioskoetan gero eta egunkari gutxiago saltzen dira. Gazteek ez dute paperean irakurtzen.

Kontsumitzaileek Internet erabiltzen dute informatzeko, eta euren filtroak jarri. Paperezko formatu tradizionalak bere glamour-a galdu du belaunaldi berrietan. Dena den, mezua garrantzitsuagoa da formatua baino. Egoera berrian funtsezkoena kazetaritzak irautea da. Egunkariek bizirik irautea, alor praktikotik, garrantzigabekoa iruditzen zait.

Propio tabletetarako sortutako komunikabide digitalek ez dute funtzionatu.

Ez, halakoek ez dute arrakasta lortu. Kazetaritza produktu nabarmenak sortu behar dira, eta horiek edozein gailutan kontsultatzeko argitaratu behar dira. Formatu batera mugatuz gero, irakurle potentziala ere mugatu egiten duzu. Teknologia erabili behar da produktu osoak egiteko, edozein gailutarako. Hartzaileak sentsazioa izan behar du produktuaz edozein tokitan disfruta dezakeela.

Interneten kontatzeko modu berriak erabiltzen dutenek fruituak jasoko dituzte gero?

Berritzaileek fruituak jasoko dituzte, baina agian ez berehala. Zenbait berritasunek ez dute berehala arrakasta lortzen, baina, gero, estandar bihurtzen dira denborarekin. Soitu.es atarian martxan jarri genituen zenbait saiakera Ameriketako Estatu Batuetan erabili dituzte. Berritasunean egon behar da, eta, batez ere, etengabe pentsatu behar da zein tresna diren egokiak egiten dena jendeari ulertarazteko.

Bat-batekotasunari ematen zaion garrantziaz zer diozu?

Esaten zen Internetek soilik azken orduko berriak emateko balio zuela, eta erreportajeetarako eta analisirako papera zegoela. Errealitateak erakutsi du hori ez dela horrela. Interneten azken ordua eman daiteke, baita 35 orrialdeko elkarrizketak ere. Baina bat-batekotasunak esperientzia eta heldutasuna eskatzen du. Horretan plus bat nahi bada, kazetari eskarmentudunak behar dira, gertatzen ari dena testuinguruan kokatzeko gai izango diren profesionalak. Filtro zehatzak ere behar dira, eta mezuak kontrolatu. Mantsoago baina seguruago izateak sinesgarritasuna sorrarazten du.

Komunitate txikietan hurbiltasun handiagoa lor dezakete hedabideek irakurleekin?

Komunikabide bati zentzua ematen diona eta eredu iraunkor bat eman diezaiokeena bere inguruan komunitate bat izatea da. Interes ezberdinen araberakoak izan daitezke komunitateak. Baina, nahiz eta txikia izan, truke emozionalean lan egiteak funtzionatzen du. Hizkuntzaren kasuan, euskara aukera izan daiteke, ez muga, jende multzo bat batu dezakeelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna