PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA V. Marc Camprodon. 'Ara' egunkariko teknologia zuzendaria

«Funtsezkoa da zenbait gaitan eredu izatea»

'Ara' egunkarian, irakurle digitalen %55 sakelako telefonoetatik aritzen dira. Gailu eramangarrien kontsumoa %80 ingurura iritsiko dela uste du Camprodonek. Edukiak kargatzeko abiadura garrantzitsutzat jo du.
PERE TORDERA

Urtzi Urkizu -

2016ko otsailak 28
Multimedia ingeniaria da Marc Camprodon (Bartzelona, 1981). Ara-ren aldaketa teknologikoetan parte hartu du bost urteotan.

Duela bost urte sortu zenuten Ara egunkaria. Zer garrantzi eman diozue urteotan faktore teknologikoari?

Egunkariarentzat beti lehentasunezkoa izan da teknologia ona izatea, gure edukiak hartzaileengana hobeto eramateko: web eroso bat, web mugikor bat eta aplikazio bizkorrak.

Ara paperean eta Interneten batera jaio zen. Nolakoa izaten ari da garapena arlo digitalean?

Duela bost urte, gailu eramangarrien kontsumoa %5 baino txikiagoa zen. Gaur, ia %70era iritsi da. Horregatik, etengabeko aldaketak eginez joan behar izan dugu, gure sistemak irakurleari egokituz. Gaur egun funtsezkoak bihurtu dira gailu eramangarrietarako weba eta aplikazioak.

Zein ehunekotan ari zaizkizue irakurleak digitalean iristen?

Gailuei dagokienez, %55 sakelako telefonoen bitartez, %15 tabletetatik eta %30 mahaiko ordenagailuetatik. Bestalde, webgunearen bisiten %35 Facebooketik iristen dira, %24 bilatzaileetan egindako bilaketetatik datozenak dira, %25 zuzenean webgunera sartzen dira, eta %10 Twitterretik datoz. Gailu eramangarrien audientzia handitu denez, azalak gero eta garrantzi gutxiago du, baina, hala ere, guretzat garrantzitsua da oraindik ere.

Datozen urteetan zeintzuk izango dira nagusituko diren joerak albisteen kontsumoaren arloan?

Gailu eramangarrien kontsumoa oso handia izango dela ematen du, %80 ingurukoa. Gero eta garrantzitsuagoa izango da edukiak kargatzeko abiadura. Horregatik, zenbait egitasmorekin adi egon behar dugu; adibidez, Facebook Instant Articlesekin eta AMPrekin [Ampproject.org].

Egunkarien aplikazioak eta albiste buletinak puri-purian daude. Nolakoak behar dute izan irakurlea gogobetetzeko?

Ara-ren aplikazioetan ikusten dugu kontsumo txikia dugula, baina oso fidela. Gure edukiak egunero kontsumitzeko ohitura duten erabiltzaileak dira. Funtsezkoa da irakurle horiek zaintzea, errazagoa izango baita haiek dirua jartzea. Albiste buletinak trafikoa handiagotu eta erabiltzaileari zerbitzu bat emateko beste modu bat dira. Marketin tresna gisa erabiltzen ditugu, baina gehiago erabiltzen ditugu irakurlea gurekin oroit dadin trafikoa erakartzeko baino.

Hedabide digital txiki batzuek nitxo zehatzak erakarri dituzte. Zein da gakoa hedabide digital batek funtziona dezan?

Gakoa erabiltzailea fidelizatzea eta harpidetzak sortzea da. Hedabide digital txiki bat ezin da bizi Internet bidezko publizitatetik. Ez behintzat egun Interneteko publizitateak funtzionatzen duen moduan.

Zer garrantzi du komunikabide batentzat bere komunitatean erreferente izatea?

Oso-oso garrantzitsua da. Erabiltzaileak guregana etortzen dira gai jakin batzuen inguruan informatzera. Funtsezkoa da zenbait gaitan eredu izatea.

Kazetariek erabili beharreko tresnei dagokienez, joerak nondik joango dira?

Kazetariak gero eta digitalagoa izan beharko du. Ezin ditu testuak bakarrik idatzi. Sortu beharko ditu bideoak, grafikoak, web interaktiboak, mapak, txioak eta abar. Duela hamar urte kazetari batek ez zituen gaur mundu digitalean erabiltzen diren tresnak.

Herritarrek informatuta egon nahi dute. Baina nola?

Informazioak orain laburtua eta bizkorra izan behar du; kasu askotan, eraginkorra. Baina, kasu askotan, informazioak sakona ere izan behar du, detaileekin, datu analisiekin eta halakoekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna