Albistea entzun

PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA VII. Bernando Marin. 'El País'-eko zuzendariordea

«Ez dugu planik papera egunero ez ateratzeko»

Batik bat hedabide digitala izango da aurrerantzean 'El País', paperezko edizioa argitaratzen jarraitu arren. Marinen iritziz, etorkizunean baliteke paperean argitaratu ahal izatea webgune indartsu bati esker.
ULY MARTIN

Urtzi Urkizu -

2016ko martxoak 13

Tenerifen hazi zen Bernardo Marin kazetaria (Teruel, Espainia, 1972). Hamazazpi urte dira El País egunkariaren webgunean lan egiten duena. Kanal digitalaren arduradun nagusia da.

Aurreko astean Antonio Caño El País-eko zuzendariak gutun ireki bat argitaratu zuen, egunkariaren etorkizunari buruzko azalpenekin. Eman du zer esana.

Egunkariaren eraldatze bat gertatuko da. Duela urte gutxira arte paperezko egunkari bat zen, behin-behinean webgune bat zuena. Egun ia kazetari guztiek papererako eta webgunerako idazten dute. Orain alor digitalera bideratuko da egunkaria. El País batik bat hedabide digitala izango da, paperezko edizio bat argitaratzen jarraituko duena. Eta espero dut egunkaria paperean urte luzez ateratzea.

Aldaketak ez al du ekarriko luze gabe egunero argitaratzeari uztea?

Ez dugu inolako planik egunero paperean argitaratzeari uzteko. Argi dago paperezko salmentak jaitsi egin direla Mendebalde osoan. Hemendik urte batzuetara egoera alda daiteke, eta agian ez da egunero argitaratuko. Baina nahiko nuke egunero argitaratzen jarraitzea. Amerikan, adibidez, paperezko egunkari gehiago saltzen saiatuko gara.

El País-en webgunean ikus-entzunezko edukiek gero eta indar handiagoa dute. Nolakoak izango dira El País Video-ko edukiak datozen urteetan?

Sekulako bultzada eman diogu ikus-entzunezkoei. Hedabidea telebista ere bat bada. Talde bat sortu dugu, hamar langile baino gehiagoz osatua, iruditzen baitzaigu bideo formatua hedabideen etorkizunaren parte izango dela. Kontsumitzaileek pixka bat gutxiago irakurtzen dute, eta gero eta bideo gehiago ikusten dituzte. Esaten zen sarean soilik bideo laburrek funtzionatzen zutela, baina hainbat formatuk funtziona dezakete. Esploratzeko bide bat da, esperimentatzen jarraituko dugu. Infografiekin eta argazkiekin uztar daiteke bideoa.

Slack tresna zabaldu duzue erredakzioetan. Zer abantaila ekarri dizkizue horrek?

Lan antolaketarako tresna bat da, txat moduko bat kanal askokoa. Kazetaria nahi duen kanaletan dago. Komunikazioa modu arinagoan zabaltzeko bide oso ona da. Artxiboak bidaltzeko aukera ere ematen du. Gure trafikoa antolatzen asko lagundu digu.

Kazetariek une oro ikusten dituzte albisteek zenbat bisita dituzten. Baditu arriskuak, ezta?

Ondorio on gehiago ditu txarrak baino. Albiste sentsazionalistagoak eta kontsumo arinekoak sustatzeko arriskua dago. Baina horretarako gaude arduradunak, trataera horiek atzera botatzeko. Alde oso ona da konturatu garela gai eta trataera batzuk interes handikoak direla irakurleentzat. Eta lehen ez ginen horretaz jabetzen. Konturatu gara jendeak egiten dituen galderei erantzuteak primeran funtzionatzen duela.

Nola erantzun diete kazetariek aldaketei?

Egunkariaren digitalizazioak erresistentzia txikia jaso du. Garai batean handiagoa izan zen, baina erredakzioak argi du egunkariak digitala izan behar duela. Posible da etorkizunean paperean argitaratu ahal izatea, webgune indartsua dugulako, hain zuzen ere.

Zenbait egunkari global bilakatu dira, estatu bateko mugetatik kanpo zabalduz. El País Amerikan ari da zabaltzen.

Erredakzio bat dugu Mexikon, beste bat AEBetan eta beste bat Brasilen. Txiki bat Kolonbian ere bai. Irakurle globalean pentsatu beharra dakar aldaketak. Albisteak beste modu batean idatzi behar dira, beste toki batzuetan uler daitezen. Apustu globalagoa egin behar da. Oscar sarietan Latinoamerikako filmetan jarri genuen fokua, eta erantzun ona jaso.

Katalanezko edizioak zer harrera du?

Merkatu txikiagoa da, gaztelaniazkoaren eta portugesezkoaren aldean. Baina nahiko ondo mantentzen da. Gai propioen alde ari dira apustu egiten, eta Katalunia munduan nola ikusten den ari dira lantzen.

Euskarazko eta galegozko edizioak zergatik ez?

Ez dago planik horretarako, baina ezin da ezer baztertu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Gaiak

Albiste gehiago

1 ©ENEKO SALABERRIA / EZEZAGUNA

Ezkilen hotsak badu ahotsa

Ainize Madariaga

Unescok ondare immaterialeko kultur ondasun gisa onartu du Espainiako Estatuko ezkilen eskuzko jotzea. Iruñeko katedraleko, Iurretako, Aretxabaletako eta Oiartzungo kanpai joleek eman dute beren lekukotasuna. Ipar Euskal Herrian ez da haboro ezkila jolerik atzematen.
 ©NATXO MATXIN EDESA / FOKU

«Gizakia anekdota bat da eboluzioan»

Naroa Torralba Rodriguez

Darwin txarto interpretatua izan da: eboluzioa ezin da ulertu espezie orok Lur planetan duen elkarrekiko dependentziarik gabe. Lotura hori erakusten du Ptqk-k zuzendutako Zientzia frikzioa erakusketak.

 ©GEJA KUIKEN

«Bildtsez idatzitako lehen nobela ez dadila azkena izan»

Olatz Silva Rodrigo

Bildts dialektoan idatzitako lehenengo eleberria argitaratu du Gerard de Jongek. Nortasunari eta kidego batekoa izateko sentimenduari buruzko liburua da. Tradizio baten lehenengo urratsa egin duela adierazi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...