PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA IX. Jose Luis Orihuela. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea

«Fokua ez da teknologia, jendea baizik»

Komunikazio digitalaren inguruan azkeneko urteetan gertatu diren aldaketak sakon ikertu ditu Orihuelak. Uste du informazioaren kontsumo modu berrien inguruan planteatu behar direla estrategiak.
ANDREU DALMAU / EFE

Urtzi Urkizu -

2016ko martxoak 27
Nafarroako Unibertsitatean komunikazio multimedia gaia irakasten du Jose Luis Orihuelak (Cordoba, Argentina, 1960). 26 herrialdetan baino gehiagotan eman ditu hitzaldiak, komunikazioarekin lotutako liburu ugari idatzi ditu, eta 2002tik www.ecuaderno.com bloga kudeatzen du.

Los medios después de Internet liburuan (UOC, Bartzelona, 2015) azaldu duzu Twitter ondo erabiltzeak kazetaritza hobetu dezakeela. Zer aldaketa ekarri dizkio Twitterrek prentsari?

Twitterrek transformatu egin ditu eskala globalean informazio fluxuen norabidea, bolumena eta abiadura, komunikazioaren aktore guztiak hurbilaraziz. Kazetaritzarentzat, funtsezko tresna bihurtu da, eta hedabideentzat, edukiak ikusarazteko kanal berri bat. Baita iturriekin eta audientziekin komunikatzeko ere.

Liburu berean diozu betiko gauzak modu ezberdinean egiten ikasi behar dela. Baita gauza berriak egin behar direla ere.

Berrikuntza teknologikoek egunkariei eragin diete, baita komunikabide guztiei zein informazioaren menpe dauden erakundeei ere. Eraldatze disruptiboaren kontzientziaren prozesua uste baino mantsoagoa izaten ari da. Ondorioak, berriz, pentsatzen direnak baino sakonagoak dira, berritasunen eraginez.

Etengabe hitz egiten da komunikazio enpresen negozio ereduaren krisiaz. Zein da bidea irauteko?

Negozio eredua enpresen balio katearen parte bat baino ez da, eta iraultza teknologikoak hankaz gora jarri du. Informazio kontsumo, banaketa eta sorkuntzaren pautak modu erradikalean aldatu dira, eta aldatzen jarraituko dute. Ekosistema mediatiko berrian, iraungo dute bizkorren aldatzeko ahalmena dutenek, hobekien egokitzen direnak.

Komunikabide batentzat zer garrantzi du bere komunitatearentzat erreferente izateak, esate baterako, euskal hiztunen komunitatean?

Komunikabide batentzat, merkatuko nitxoak audientzia potentzialen interesek eta benetako beharrek definitzen dituzte. Neurri batean, baita hartzaile horiengana iritsi nahi duten iragarleen existentziak ere. Proiektu editorial osasuntsu baten oinarria dago hor. Dena den, arazoak sor daitezke diru laguntza publikoekiko menpekotasuna handia bada, eta norabideak ez badio erantzuten merkatuaren eskari errealei.

Zer etorkizun du paperak? Epe ertainean jarraituko du?

Aro digitalean, komunikabide baten fokatze estrategikoa ezin da oinarritu plataforma analogikoa mantentzeko saiakeran. Informazioaren etorkizunak du garrantzia, eta ez euskarrien etorkizunak. Euskarriak eraldatuz joango dira etorkizunean, eta gero eta abiadura handiagoan.

Gero eta hartzaile gehiagok gailu eramangarrien bitartez kontsumitzen dute informazioa. Egunkariak modu eraginkorrean ari al dira egokitzen kontsumo aldaketetara?

Komunikabide zaharren erronka nagusia da euskarri historikoen arabera definitzeari uztea, eta estrategiak berriro planteatzea audientzien informazio kontsumoaren modu berrien inguruan. Fokua ez da teknologia, jendea baizik. Eraldatzea pentsatzen dena baino zailagoa da. Desiragarria litzateke egunkariek aldaketak bizkorrago egitea. Dena den, epe ertainera ezin saihestuzkoa izango da eraldaketa.

Marka handiek indarra dute Interneten. Sare sozialetan, informazio unitateek ere indarra hartu dute. Zer analisi egiten duzu?

Erabiltzaileek gero eta interes handiagoa dute kontsumitzen dituzten marken inguruan, eta sarean horiez aritzen dira. Horrek ekarri du sare sozialak bezero arretarako kanal natural bilakatzea. Era berean, gomendioetarako eta kritiketarako espazio garrantzitsu bilakatu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna