Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (III). Mikel Aiestaran. Kazetaria

«Rockaren fasean nago, baina iritsiko da jazza»

«Mugimendu handiko urtea» izan da aurtengoa Aiestaranentzat. Azpeitian familia artean dagoenean eta nazioartean lanean aritzen denean, bi errealitate oso ezberdinetan bizi dela aitortu du.
MIKEL AIESTARAN

Urtzi Urkizu -

2014ko abenduak 7

Nafarroako Unibertsitatean kazetaritzan lizentziaduna da Mikel Aiestaran (Beasain, Gipuzkoa, 1975). Vocento taldearentzat eta ETBrentzat aritzen da lanean, dela Ekialde Hurbilean dela gatazka armatuak dauden beste herrialde batzuetan. Haren lan asko www.mikelayestaran.com webgunean aurki daitezke.

Nolakoa da ETBrekin duzun lan harremana?

Normalean eremu jakin batean egiten dut lan. Zerbait gertatzen denean, neure kabuz joaten naiz eta gaiak proposatu, edo ETBtik eskatzen didate joateko. Harremana bi norabidekoa da.

Multimedia kazetaria zara. Gainean zer material eramaten duzu telebistarako lan egiteko?

Telebistak behar du material gehien. Ekipo bikoiztua eramaten dut: bi kamera, bi mikro, bi ordenagailu...Saiatzen naiz material ona baina sinplea erosten.

Freelance kazetari batzuek koaderno batekin edo grabagailu batekin joanda oharkabean pasatzeko aukera gehiago dituzte. Kamera batekin joateak zer abantaila eta desabantaila ditu?

Nire ametsa da egunen batean koadernotxo bat eta bolaluma batekin joatea. Idaztea asko gustatzen zait, gainera. Kamera batek zenbaitetan sekulako istorioa bertan behera uzten dizu. Jakin behar da kamera ondo erabiltzen eta eramaten. Ez dut inoiz ezkutatzen; ez ditut irudiak lapurtzen. Baimena eskatzen dut beti irudiak hartzeko.

Ekialde Hurbilean aritu izan zara batik bat. Baina beste herrialde batzuetara ere joateko gustua hartu diozu. Zein herrialde erakartzen zaitu gehien?

Irekita dagoen gatazka indartsuena Siriakoa da. Informatiboki oso interesgarria da, baina sekulako errespetua ematen dit. Israel eta Palestina arteko gatazka ere fase berri batean dago, eta lurralde osoko egoera baldintzatzen du.

Bi haur dituzu. Lanean ari zarela zure bizitza arriskuan ikusiko zenuen noiz edo noiz. Arriskuarena nola eraman duzu aita izanda?

Batetik, errespetu handiagoa duzu heriotzaren aurrean. Bestetik, sentsibilitate ukitu bat daukazu aitatasunarekin etortzen zaizuna. Adibidez, Gazako erasoaldiak bizitzea oso gogorra izan zen. Etxean umeak dituzunean, gehiago hunkitzen zara.

Sektoreko prekaritatearen errudunak freelanceak direla dio Ricardo Garcia Vilanovak, ez zaretelako bildu eta hedabideei baldintzak exijitu.

Nire kasuan baldintzak onak dira; ez dut kexurik lan egiten dudan komunikabideekin. Baina Garcia Vilanovak arrazoi du. Bakoitzak gure baldintzak negoziatu ditugu, eta bakoitzaren egoera ezberdina da: freelance bat, mundu bat.

Gazako gizarte zibilak jasandako bonbardaketak ikusita, kazetariak modu hotzean konta al dezake gertatzen dena?

Ez. Azkeneko hamarkadan ikusi dudan unerik bortitzena izan zen. Saiatzen zara sentimenduak kontrolatzen, kamera aurrean ez naiz negarrez hasiko. Baina barrutik dezente egin nuen negar.

Unean uneko gatazka batzuetan, kazetariak tropelean joaten dira azkenaldian. Beste gatazka batzuk, aldiz, erabat desagertuta daude agenda informatibotik. Aurki al daiteke zirrikiturik istorio erakargarriak kontatzeko?

Nire esparrua azken orduko albisteak izan dira. Horrelakoetan dozenaka kazetari biltzen gara maiz. Baina gero badaude tituluetan azaltzen ez diren gatazkak. Bidaiari naizen aldetik, gehiago interesatzen zaizkit azken horiek, baina profesionalki horietan ez dago lanik. Rock-and-rollaren fasean nago, baina iritsiko zait jazza egiteko garaia. Oraingoz, rocka gustatzen zait.

Garai batean Vocento taldeko egunkari batean aritu zinen lanean, maketatzaile. Itzuliko zinateke lan horretara?

Orain ez, baina batek daki zer gertatuko den etorkizunean. Dena den, Devorame gehigarrian egiten nuen lan garai batean, eta asko gustatzen zitzaidan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da»

Iker Tubia

Pedagogia aktiboaren bueltan aritu da Bobes; batez ere, hezkuntza araututik kanpo. Emakumeen ahalduntzerako herri kultur-zentroetan aritu da jo eta su, eta hamaika elkartetan. Emakumeez, feminismoaz, ibilitakoaz eta erronkez mintzatu da.
Darth Vader eta haren soldaduak, Antiguatik udaletxera bidean. ©BERRIA

Elkartasunaren indarra lagun

Jakes Goikoetxea

'Star Wars' filmen sagako pertsonaien erakusketa eta desfilea egin dituzte Donostian. Zaleen Pink Force fundazioak antolatu ditu, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen alde.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Entzundako zerbaitek norbaiti balio baldin badio, zoragarri»

Jakes Goikoetxea

Hamabi bideo elkarrizketako proiektu bat abiatu du, aurrera egiteko tresnak bilatzeko asmoz, besteek egindako bidetik ikasteko asmoz. Enpatian eta konfiantzan oinarritutako solasaldiak dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.