Albistea entzun

200.000 irrati entzule EITBko euskarazkoek

EGMren arabera, 400.000 jarraitzaile dituzte irrati publikoek.

Euskal Telebistako lehen kateak %1,8 ikusle datuarekin amaitu du sasoia
Gaztea izan da euskarazko irratirik arrakastatsuena: 100.000 entzule.
Gaztea izan da euskarazko irratirik arrakastatsuena: 100.000 entzule. EITB

Edu Lartzanguren -

2015eko uztailak 4

EITBko hedabideen entzule eta ikusle datuak zabaldu dituzte aste honetan, eta azken hilabeteotako joera baieztatu dute: irratiek emaitza onak dituzte oraindik ere; telebistak, berriz, apal dabiltza oraindik. Euskarazko irrati nagusiek (Euskadi Irratia eta Gaztea) 200.000 entzule inguru dituzte astearen barruan. ETB1ek ikusleen %1,8ko datuarekin amaitu du sasoia.

Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EITB Musika irratien azken urtebeteko emaitzak plazaratu ditu aste honetan EGMk (Estudio General de Medios). Neurketaren arabera, 400.000 entzule kopuru metatua dute irratiok astegunetan.

Euskarazko irratiek 214.000 entzule dituzte astearen barruan, EITB Musikaren 22.000 jarraitzaileak zenbatuz gero. Gaztea da lehena euskarazkoen artean: 100.000 entzule. Bigarrena, Euskadi Irratia, 92.000 entzulerekin.

Erdarazkoetan, Radio Euskadi dabil buru, 166.000 entzulerekin. Radio Vitoria bigarren, 20.000 jarraitzailerekin. Urtean hirutan neurtzen ditu entzule kopuruak EGMk, elkarrizketa eta telefono deien bitartez.

Halakoetan ohikoa den bezala, ikerketa bakoitzak datu ezberdinak eman ohi ditu: CIES institutuak maiatzean argitaratu zituen bere neurketaren emaitzak, eta, oro har, eskuzabalagoak ziren. Euskadi Irratiak inoizko daturik onenak lortu zituen: 149.000 entzule astegunetan. Gipuzkoan, astearen barruan, gehien entzundako irratia zen, 80.000 entzulerekin, aurreko urtean baino 20.000 mila inguru gehiago. Radio Euskadik, berriz, 58.000 entzule zituen Gipuzkoan, betiere CIESen galdeketaren arabera. Gazteak ere iaz baino 5.000 entzule gehiago izan zituen: 119.000.

ETB1, ezin altxatu

Sasoiko batez bestekoak agerian utzi du ETB1ek zailtasunak dituela azken urteotako gainbeherari aurre egiteko. Ikusleen %1,8ko kuotarekin geratu da Euskal Telebistaren lehen katea. ETB2 gaztelaniazkoak ere datu apalak lortu ditu: ikusleen %8,4ren arreta bereganatu du. ETB3k %0,6ko kuota lortu du, eta ETB4k, %1,1.

Denboraren perspektibatik ikusten da hobekien emaitzon esanahia. 2003. urtean, ikusleen %6,2k jartzen zuten arreta ETB1en. Hurrengo bi urteetan, puntu bat pasatxo egin zuen behera ikusle kuotak. Iazko neurketan %2 lortu zuen batez bestean, eta, aurten, bakarrik urtarrilean eta apirilean lortu du zenbaki horretara iristea. Daturik apalena urrian eta azaroan lortu zuen: %1,6. Bakarrik kirol emanaldiei esker txukundu ahal izan ditu datuak aurtengo sasoian. Abenduan %1,8ko kuota lortu zuen, Euskal Selekzioaren eta Kataluniakoaren arteko partidak ikusleen %19,1 erakarri zituelako.

ETB2k %8,4ko batez bestekoa izan du sasoi honetan. EITBko telebista guztiek batera %11,7 pilatu dute. Iaz, %13 lortu zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arturo Campion euskaltegiaren 50. urteurrenaren besta, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Beste hamaika istorio bizitzear

Yasmine Khris

IKA Iruñeko Arturo Campion euskaltegiaren 50. urteurrena kari, egun osoko besta egin dute. «Etxea» aurkitu zutela gogoratzera joan dira ikasle berriak, ikasle ohiak eta irakasleak.
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Albokari izaera mitologikoa eman zaio: benetan, jotzea ez da hain gaitza»

Amaia Igartua Aristondo

Kantuak entzuten, eta partitura irakurtezinek lagunduta: hala ikasi du alboka jotzen Koteronek. Autodidakta izan da: tresnaren inguruan ezer gutxi egon denez, sortuz joan behar izan du, beste batzuekin batera. Filosofia irakaslea da ogibidez.
Paul Verhoeven zinemagilearen <em>Benedetta</em> filma (2021) euskarazko azpidatziekin ikus daiteke Movistar Plusen. ©BERRIA

Movistar Plusen 148 film azpidatzi zituzten euskaraz 2021. urtean

Urtzi Urkizu

Iaz, 31 telesailetako 279 atalen euskarazko azpidatziak jarri zituen plataformak. Konpainiak 2014an hasi zuen akordioa Jaurlaritzarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.