Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Sozietate zergak 900 milioi gehiago bil ditzake

Publizitatea

Ekonomia

Sozietate zergak 900 milioi gehiago bil ditzake

EBko batez besteko tasa ezarriko balitz, bilketa nabarmen igoko litzateke Hegoaldean, ELAren arabera. Enpresentzat gutxieneko tasa efektiboa %24 izatea nahi du sindikatuak, eta kenkariak ezabatzea
Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, Gasteizen, joan den astelehenean.
Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, Gasteizen, joan den astelehenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2017-02-16 / Xabier Martin

ELAk miran jarri du sozietate zerga, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak zerga horren ahalezko erreforma batean egindako sartu-irtenaren ondoren. Finantzen Euskal Kontseiluak aldaketak baztertu eta ordu gutxira iritsi da ELAren txostena gaiari buruz. Europako batez besteko tasa aplikatuko balitz Ogasunak 900 milioi euro gehiago bilduko lituzke sozietate zergan, sindikatuaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, «langile klaseak bere gain hartutako zuzeneko zergak 4.598 milioi euro izan dira 2016an, guztira batu denaren %35,5», dio ELAk. Aldiz, kapital errentek «soilik 1.424 milioi euroko ekarpena egin dute, guztiaren %11 besterik ez». Beraz, kapital errenten halako hiru da lan errentek egiten duten ekarpena .

Sozietate zergak soilik %7,7ko ekarpena egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (1.003 milioi euro), aurreko urtean baino 36 milioi gutxiago (-%3,5). Kapital errenten gaineko PFEZ bidez, 260 milioi euro bildu dira, eta aberastasunaren gaineko zergarekin, 161 milioi. Horrek guztiak ematen du bilketa osoaren %11 (kapital errentak). Haren aldean 12.951 milioi daude, bilketaren %35,5 lan errenten gaineko atxikipenen bidez, aurreko urtean baino %2,8 gehiago (4.598 milioi euro).

Antzeko datuak dira Nafarroakoak: guztira, 3.250 milioi euro bildu dira, 2015ean baino 52 milioi gehiago (%1,6); baina, horietatik, sozietate zergak %6,6ko edo 216 milioi euroko ekarpena egin du soilik (-%0,5). Lan errenten gaineko zergak, berriz, bilketa guztiaren %34,3 izan dira (1.116 milioi), 2015ean baino %5,3 gehiago (56 milioi gehiago). «Gainera, kapital etekinen eta ondare irabazien atxikipenek 86 milioi euroko ekarpena besterik ez dute egin, eta aberastasun handien gaineko zergak, 31 milioi euro». Horiek horrela, langileek bere gain hartutako zuzeneko zergak 1.116 milioi euro izan dira 2016an, guztira batu denaren %34,3. «Aldiz, kapital errentek 333 milioi euroko ekarpena besterik ez dute egin, guztiaren %10,2».

Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak ondorio argi bat atera du zergen datuak aztertuz: «Bi erkidegoetan diru bilketak izan duen hazkundea zeharkako zergek eta langileek ordaintzen duten PFEZaren hazkundeak eragin dute, eta kapital errentek gero eta ekarpen txikiagoa egiten dute».

ELAren proposamena

Horregatik, sozietate zerga aldatzea presazkoa dela dio sindikatuak, eta proposamen zehatza egin du: %35eko tasa nominala ezartzea; gutxieneko tributazio efektiboa %24 izatea; «eta kenkari fiskal erregresiboak mailaka ezabatzea, zerga sistema eta haren kontrola zaildu eta oztopatzeaz gain, kenkari horien ondorioz egungo tasa efektiboa nominalaren erdia bakarrik baita».

Horiekin batera beste neurri osagarriak hartu behar direla dio sindikatuak: «Familia ondare handiak zerga hau ordaintzetik salbuetsita uzten dituzten familia enpresak edo holding-ak eragoztea, eta sozietateen gaineko zergaren araubide bereziak ezabatzea». SICAV, atzerriko balioak dauzkaten enpresak, inbertsio funtsak eta kooperatibak ere sartzen ditu zerrendan ELAk.

EAEn eta Nafarroan gertatzen diren egoerak oso antzekoak direla azaltzen du sindikatuak bere txostenean; aplikatzen diren zerga eta ekonomia politikak «parekidetzat» jotzen ditu. «Bi erkidegoetan politika publikoak finantzatzen dituen kolektiboa langileria da batik bat». Hori argi ikusten dela dio, langileriak PFEZ bidez zergen herena baino gehiago jartzen duelako era zuzenean bi erkidegoetan, eta bestelako zergak ere ordaintzen dituelako (BEZa, besteak beste). «Berriz, kapital errenta eta mozkinek hamarrena besterik ez dute gehitzen era zuzenean».

3.200 milioi euroko iruzurra

Zerga desberdinek izan duten bilakaera larritzat dauka ELAk, diru bilketak izan duen hazkundea «zeharkako zergek eta langileek ordaintzen duten PFEZaren hazkundeak eragin duelako». Kapital errentek gero eta ekarpen txikiagoa egiten dutela erakusten du bilakaera horrek. Eta eboluzio hori azaltzeko zioak ere eman ditu Muñozen sindikatuak: lehena, iruzur fiskala; «EHUk egindako txostenak 3.200 milioi eurotan kalkulatzen du iruzur fiskala EAEn, urtero». Zergarik ez ordaintzeko enpresek dauzkaten finantza tresnak dira beste zio nagusia, ELArentzat. «Sozietate zergaren tasa %28tik %16 ingurura gutxitzen dute».

«Hori gutxi balitz bezala, Europarekiko alderatzean nabarmena da Hego Euskal Herrian ogasunek kapitalari egiten dioten onura. Nafarroan sozietate zergak BPGan duen pisua ez da Europakoaren erdira ere iristen; kontinenteko egoera okerrena dago Nafarroan. EAEkoa ez da askoz hobea, hurrengo postu txarrenean kokatzen baita Europan».

Europako Batasuneko presio fiskala aplikatuz sozietateen zergari dagokionez, EAEn 669 milioi euro gehiago bilduko lirateke urtero, eta Nafarroan 234 milioi euro gehiago, ELAren aurreikuspenaren arabera.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea